Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren baitan dagoen KZgunea Euskadiko sare publikoak onlineko bankuko kudeaketak pertsona guztientzat irisgarri bihurtzea helburu duen ikastaro berria atera du herritarrei teknologia berriekin lotutako ikaskuntza-prozesuan laguntzeko, eta ikastaro berri bat eskainiko du. Ikastaroak 2 bloke nagusi izango ditu:
- Bankuko izapidetzeekin lotutako kontzeptuak, berehalako ordainketak, zibersegurtasuna…
- Banku-erakunde kolaboratzaileen web-aplikazioan eta app-an egin daitezkeen kudeaketen inguruko eduki espezifikoa, erakunde horien erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Onlineko banka teknologia berriek izandako aurrerapenaren adibidea da eta berebiziko garrantzia hartu du egungo testuinguruan, bai bezeroentzat, bai finantzen sektoreko erakundeentzat. Horri esker, edozein tokitatik eta edozein unetan kudeaketak egin ditzakegu, berehala edo oso epe laburrean eta zero kostuan.
Hala ere, online banka ulertzea eta erabiltzea zaila izan daiteke zenbait pertsonarentzat, ordenagailu edo gailu mugikor batetik banku-izapideak egiteko garaian, bereziki adinekoen kolektiboaren kasuan.
Horrekin lotuta, KZguneak onlineko bankuarekin eta gehien erabiltzen diren izapidetzeekin lotuta herritarrek dituzten gaitasun digitalak hobetzeko beste ekimen bat sustatu du. Egitasmoak herritarrei, haien egunerokoan, online bankaren bidez egiten diren izapideei nola aurre egin diezaieketen irakastea da helburua. Horretarako, KZguneak herritarrak online bankan prestatzeko bideari ekin dio, banketxeekin aliantzak bilatuz. Kutxabank eta Laboral Kutxa KZgunearekin elkarlanean aritu diren lehen bankuak dira “Ikasi online banka modu erraz eta seguruan erabiltzen” ikastaroa elikatzeko eta osatzeko. Ikastaroa aurrez aurreko formatuan egingo da eta 8 orduko iraupena izango du.
Ikastaro berrirako, fikziozko banketxe bat hartu da oinarritzat, banku-izapideekin, unean uneko ordainketekin edo zibersegurtasunarekin lotutako kontzeptuak zeharka ikasteko aukera izateko. Era berean, pertsona bakoitzak bere banketxearen app eta webguneekin lotuta dituen zalantzei ere erantzungo zaie eta, horretarako, eduki espezifikoak sortu dira orain arte laguntza eskaini duten erakundeekin batera egindako lanari esker.
Lehenbizi, Kutxabankekin lan egin da, eta hark bere ezagutzak eskaini ditu zeharkako edukiak garatzeko eta, ondoren, bere app-aren eta "Kutxabank zurekin" webgunearen eduki espezifikoak lantzeko. Gerora, Laboral Kutxak hartu du parte elkarlan horretan eta KZgunearekin bateratze-lana egin du erakunde horri buruzko eduki espezifikoak prestatzeko. Hemendik aurrera, ekimen berbera eskainiko zaie sektore horretako gainerako erakundeei, lankidetza instituzional horiekin aurrera jarraitzeko.
“Ikasi online banka modu erraz eta seguruan erabiltzen” ikastaro berria KZgunearen prestakuntza-eskaintza eskuragarri dago eta aurrez aurreko formatuan eskaintzen da KZgunea zentroetan.
Ikastaroari buruzko informazio guztia KZgunearen webgunean dago eskuragarri: https://www.kzgunea.eus/eu/ikastaroak/-/1/xehetasuna/319
Ekintza hori herritarren arretarekin lotutako aro berriaren baitan kokatzen da eta digitalizazioarekin eta gaitasun horien gabezia dela eta sozialki baztertuta gera daitezkeen kolektiboei laguntza ematearekin lotutako konpromiso argia erakusten du. Formakuntza-saioen eta aholkularitza-zerbitzuaren bidez, KZgunearen helburua pertsona guztiek teknologiak ikasteko gertukoa, irisgarria eta eraginkorra den tokia izatea da.
Formakuntza-eskaintza osoari eta KZgunea zentroen sareari buruzko informazio gehiago hemen: www.kzgunea.eus