ARLOAK / EGINKIZUNAK
Koordinazio Zuzendaritzari, dekretu honen 6. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, egiteko hauek dagozkio:
- Gobernu-jardunaren prestakuntza koordinatzea eta jarraipena egitea, bai eta informazio-prozeduren proposamena egitea eta prozeduren jarraipena egitea ere.
- Sailekiko lankidetzarako mekanismoak eta koordinazio-estrategiak zehaztea, gobernu-jardun bateratu baterantz jotzeko.
- Sailei aholkularitza ematea euren jardunak planifikatu, programatu eta ebaluatzeko, bereziki sailarteko eta erakundearteko eragina badute. Jardun horietan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin eta Ekonomia eta Ogasun Sailarekin koordinatuta jardungo du.
- Sailarteko edo erakundearteko organoetan parte hartzea, organoen jarduera gobernu-jardunerantz bideratzeko, eta koordinazioa sustatzea funtzionamendua hobetu eta ahalik eta efikazia eta efizientzia handiena izan dezaten.
6. artikulua.- Zuzendaritzak.
Lehendakaritzaren egitura osatzen duten zuzendaritzetako bakoitzari dagokio, dekretu honen hurrengo kapituluetan zehaztutako arlo espezifikoei kalterik egin gabe, egiteko orokor hauek betetzea:
- Kontratazio-organo gisa jardutea esleituta dituzten jardun-arloei dagozkien gaietan, indarreko legeen arabera kontratuak txikitzat jotzen badira.
- Indarrean dauden legeetan txikitzat tipifikatutako kontratuen gastu-baimenak ematea zuzendaritzen jardun-arloei dagozkien espedienteetan.
- Zuzendaritzen eskumen-arloan, Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean ezarritako helburuak zehaztea eta helburuok ezartzeko eta ebaluatzeko behar diren ekimenak garatzea.
- Zuzendaritzen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea, bai eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak sustatu, gauzatu eta ebaluatzea ere; eta, horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua egin, Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako Berdintasunerako Unitatearen koordinaziopean eta Emakunde–Emakumearen Euskal Erakundearekiko lankidetzan.