Josu Iñaki Erkoreka Gervasio Lehenengo Lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburuaren agurra

Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Segurtasun Sailburua

Eusko Jaurlaritzak XII. Legegintzaldi honetarako hartu duen konpromiso nagusietako bat Gernikako Estatutua osatzea da. Historian lehenengo aldiz du Euskadik zor historiko horren Espainiako Gobernuaren aitorpen formala, bai eta eskualdatzeko dauden hogeita hamar bat gai eskualdatzeko konpromiso publiko eta formala ere. Lan honetan inplikatuta dauden sal guztiekin batera lan egingo dut negoziazio horren emaitza aitortutako autogobernua erabat betetzea izan dadin.

Horrez gainera, lehendakariak sail erakargarri bat kudeatzeko ardura eman dit: Segurtasuna. Giza talde aditua eta oso profesionala dut, eta denon artean egingo diogu bultza segurtasun publiko integralerako eredu berriari. Berez jada aurreikusita ditugu planifikazio estrategikoa eta programa arautzailea, eta Legegintzaldian zehar garatuko ditugu Euskadiko segurtasun publikoaren sistema eraldatzeko, beharrezkoak baititu aldaketa teknologiko-digitala, erroldak gaztetzea eta belaunaldien txanda ziurtatzea, erakundeen arteko sistemak koordinatzea eta integratzea, eta abar.

COVID-19aren ondorio den munduko osasun-krisiak gauza bat erakutsi digu: segurtasun-sistema publiko sendoa eta erakunde guztien artean ondo koordinatua behar dugu edozein mehatxutatik, berrietatik nahiz ezagunetatik, babesteko eta halako egoerei aurre egiteko.

Adibide argia Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko hauteskundeak izan dira. Pandemiak argi utzi digu demokraziaren oinarri nagusietako bati eragin diezaiokeela, eta horregatik hartu dut hauteskunde-arloko legerian behar diren aldaketak sakontasunez aztertzeko konpromisoa, botoa emateko formula ez-presentzial seguruak izateko bidean aurrera egiteko.

Sailaren informazio gehiago