Jakako hilerriko 23. hobia (Jaka, Huesca)

KOKAPENA Jakako hilerriko 23. hobia, Jaka (Huesca)
BIKTIMAK 1
IDENTIFIKATUAK 1
DATA 2023ko otsailaren 25a

Pedro Asua Zubiaur Elexaldeko (Galdakao) Aldatze baserrian jaio zen 1916ko martxoaren 13an. Gerra hasi zenean, postari izateko ikasten ari zen Correosen, eta aita eta ama umezurtzak ziren bera eta bi ahizpa gazteagoak. Gerra Zibilean Izquierda Republicanako 4. konpainiaren Zabalbide batailoian eta CNTko Isaac Puente batailoian borrokatu zuen. Preso hartu zuten eta Langileen 15. batailoira bidali zuten Infieston (Asturias) eta Jakan (Huesca). Gerra Kontseiluan epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. 1938ko otsailaren 7an exekutatu zuten, 22 urte zituenean, Jakan.

Pedro Asua-ren familiaren eskaerari erantzunez, Galdakaoko Udalak haren heriotzaren inguruabarrei buruzko informazioa eta dokumentazioa batzeko Ander Aperribai historialaria kontratatu zuen. Lan horri esker, lurperatutako lekua ezagutu ahal izan da, eta, ondorioz, haren gorpuzkiak berreskuratu ahal izan dira.

Ikerketak argitu zuen Pedro Asua Zubiaur epaitu eta heriotza-zigorrera kondenatu zutela Gerra Kontseilu batean, eta 1938ko otsailaren 7an exekutatu zutela Jakan. Dokumentatuta dago Jakako hilerrian 1936tik 1939ra bitartean errepresio frankistaren 300 biktima baino gehiago lurperatu zituztela, hilerrian sakabanatutako hainbat hobitan.
Egun, Jakako hilerrian lurperatutako 312 biktima daude dokumentatuta, eta ehorzketa-liburuan bertan lurperatutako biktimen izen batzuk jasotzen dira. Pedro Asua Zubiaurren izena hilerriko erregistro-liburuan agertzen ez bada ere, Pedro Asua ehortzi zuten lekua zehaztasun handiz estimatzeko aukera ematen duten oharrak agertzen dira hilerriko ehorzketa liburuan.

Pedro Asua-ren senideek egindako eskaera eta aurkeztutako dokumentazio guztia aintzat hartuta, Galdakaoko Udalaren eta Gogora Memoriaren Institutuaren babesarekin, eta Aragoiko Gobernuko Kultura eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren eta Jakako Udalaren beharrezko baimenak izanda, 2022ko urriaren 13an eta 14an prospekzio-lanak egin ziren hilerriko 23. hobian. Hilerriko hilobia dokumentazioaren bidez ezagutzen zen, eta Pedro Asua Zubiaur egon zitekeen lurperatuta.


Gizonezko gazte bati dagokion banakako ehorzketa bat aurkitu zen. Haren hezur-hondarrek garezurrean, eta saihetsetan hausturak zituzten, bala-jaurtigaiek sortutakoekin bateragarriak zirenak.


Egun horretan, hezur-hondarren DNA laginak hartu ziren, eta aparte batean utzi ziren lurperatuta, identifikazio-lanak burutzeko zain. Hala, 2023ko otsailaren 25ean, identifikazioa egiaztatu ondoren, Pedro Asua Zubiaurren gorpuzkiak lurpetik atera ziren.

DNA laginak eta Asua familiak emandakoak erkatuta, Pedro Asua Zubiaur identifikatu dute

Galdakaoko Udalak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2023ko martxoaren 19an antolatutako ekitaldi batean, Pedro Asua Zubiaurren gorpuzkiak familiari eman zizkioten eta honek herriko hilerrian hobiratu zituen.