Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura Sariak [2014]

EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA

Gauzen ordena naturala - Atala

Irabazlea: Iñigo Roque Eguzkitza
Izenburua: Gauzen ordena naturala
Argitaletxea: Alberdania-Erein-Igela

18.000 euroko saria.

Epaimahaia:

  • Isabel Etxeberria Ramírez, epaimahaiburua
  • Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikidea
  • Karlos del Olmo Serna, epaimahaikidea
  • Elizabete Manterola Agirrezabalaga, epaimahikidea
  • Aingeru Epaltza Ruiz de Alda, epaimahaikidea

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Gaur egungo Portugalgo idazle ezagunetariko bat den Antonio Lobo Antunes idazlearen lana da Gauzen ordena naturala.

Jatorrizko testua bihurri halakoa da, zailtasun formalak izan badira, erronka handia izan du itzultzaileak eta ederto gainditu du.

Egilearen prosa bihurria euskarara nola ekarri duen, merezimendu handiko lana da, oso modu pertsonalean eginda, hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz.

Lan horren guztiaren emaitza euskal prosa eredugarria da, euskararen baliabide, lexiko eta sintaktikoak modu aberats eta orekatuan erabiliz eraikia.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Iñigo Roque Eguzkitza

Iñigo Roque Eguzkitza (Portugalete, 1976)

Euskal Filologia ikasi zuen Deustun, eta itzulpengintzako graduondokoa egin Gasteizen. Gaur egun, EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu lanean. Artikuluak idatzi ditu zenbait agerkarirentzat (Senez, Gara, Berria...), eta literatura-lan batzuk itzuli ditu: Fernando Pessoaren Poemak pluralean (Denonartean, 2012), Iolanda Zúñigaren Post-it bizitzak (Pasazaite, 2014) eta, Garazi Arrularekin batera, F. Scott Fitzgerald-en Plazeraren gau ilunekoak ipuin-bilduma (Elkar, 2014).



GAUZEN ORDENA NATURALA

Lobo Antunesen literatura esplikatzeko esan izan da Célinerekin bukatua zen literatura motatik abiatu zela baina psikoanalisiaren ekarria erantsirik.

Lobo Antunesen eleberrien artetik, Gauzen ordena naturala iruditzen zitzaion onena José Cardoso Pires idazleari. Egileak berak ez zuen dudarik, garai hartan: “Hau da idatzi dudan liburu onena; ez, ordea, seguru aski, nire erabatekoa”.

Kritikarien aldetik harrera ona izan du nazioarte osoan, eta klasiko handien parean jarri dute. New Yorker aldizkariak, esate baterako honako hau zioen: “Mundu zabaleko idazleen artetik psikologia-erretratugilerik trebeenetako bat”. Liburu honetan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora-aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monçao-n) hasi eta hegoaldean (Tavira-n) buka, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, gertakari gehienak Lisboa inguruan kokatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfica auzoan.


ZATIA

[…] eta, nirekin batera, liburu honetako pertsonaia guztiak hilko dira, hain zuzen, eleberritzat hartua izango den eta isilean izu-laborriturik neure buruan idatzi dudan liburu honetakoak, eta, gauzen ordena naturala dela-eta, baten batek, halako batean, nire ordez errepikatuko du liburu hau, Benfica paturik gabeko kale eta eraikin hauetan errepikatuko den gisa berean, eta nik, zimurrik eta ile zuririk gabe, mahuka hartu eta, arratsaldean, ura egingo diot lorategiari, eta Correiosko palmondoa berriz haziko da nire gurasoen etxe aurrean, haize eske ari den zinkezko errotaren aurrean, eta nire ahizpak, hura ere alarguna eta bular bat falta duela, minbizi bategatik erauzi baitzioten bularra, nirea bezalako minbizi batengatik, minbizi batengatik, minbizi batengatik, nire ahizpak esango dit «Ez naun trumoien beldur, baditun tximistorratzak nonahi, eta, gainera, alferrik dun beldur izatea, baina ez ezan telefonoa gakotu oraindik»,


AURREKO EKITALDIETAKO IRABAZLEAK