Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Felipe Juaristi

Azkoitian jaio zen 1957. urtean. Kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen, eta lanbide horretan aritu da, euskaraz zein gaztelaniaz, hainbat lekutan.

Literatur gazeta eta Porrot aldizkarien sortzaileetako bat izan zen. Poeta bezala da bereziki ezaguna, baina prosazko lanak ere argitaratu izan ditu. Argitaratu zuen lehendabiziko poesia lana Denbora, nostalgia (1984, Baroja) izan zen. Ondoren etorri dira Hiriaren melankolia (1986, Baroja), Laino artean zelatari (1993, Alberdania), 1998an Euskadi saria jaso zuen Galderen geografia (1997, Alberdania), eta Begi-ikarak (2004, Erein). Galderen geografia gazteleraz ere aurki liteke, Bassarai argitaletxean: Geografía de las preguntas, 1999an argitaratua. Bere lanez osatua dago Susako XX. mendeko poesia kaieretako bat (2001).

1998an argitaratu zuen bere lehen nobela, Intzensua lurrean bezala, Baroja etxean. Bigarrena, Arinago duk haizea, Absalon, 1990ean argitaratu zuen Erein argitaletxean, eta azkena argitaletxe berean kaleratu duen Airezko emakumeak da, 2003. urtekoa. Aipaturiko bigarrenak badu gaztelerazko bertsioa: Más leve es el viento, Absalón (1991, Vosa).

Halaber, haur eta gazte literatura asko idatzitakoa da Juaristi: Tristuraren teoria (1993, Erein), Ilargi-lapurra (1994, Erein), Eguzkiren etxea (1998, Alberdania), Laura eta itxasoa (1998, Aizkorri), Hiria eta haurrak (2001, Erein), Izar euria (2001, Elkar), Printzesen eskola (2001, Ibaizabal) eta Itzarri nahi ez zuen printzesa (2002, Alberdania, Joseba Jaka literatura bekaren laguntzaz idatzia), Basalimoien usaina (Elkar, 2003), eta abar. 2000. urtean Animalien ihauteria (1999) lanarekin bigarrenez irabazi zuen Euskadi Saria, oraingoan haur eta gazteentzako literatur sailean.

Vassili Grossmanen Azken gutuna eta beste (Erein, 2005) eta Julia Otxoaren Gunten Café (Puerta del Mar, 2004) itzuli ditu euskarara, eta hainbat aitzinsolas mamitsu ere idatzi du; bat aipatzekotan, France Preseren poeta esloveniarrari, Poemas (2006, Meettok) liburuan egindakoa.

El País egunkarian iritzi-artikuluak plazaratzeaz gain, zutabe bat eta liburu argitaratu berriei buruzko iruzkinak argitaratzen ditu El Diario Vascon.