Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen-hezkuntza - Aztarna ekologikoa

Ibai-ertzetan sustraitutako zuhaitzek uholdeetatik babesten gaituzte 

Hona hemen "aztarna ekologikoaren" definizioa: "Bizi-maila jakin bat duen populazio jakin batek behar dituen baliabideak ekoizteko eta sortutako hondakinak asimilatzeko behar den lurralde-azalera ekologikoki produktiboa, nonahi dagoela ere azalera hori".

Brundtland txostenaren arabera, "garapen iraunkorraren" definizioa hau da: "Oraingo belaunaldiaren premiak asetzen dituen garapena, geroko belaunaldien premiak asetzeko gaitasuna kaltetu gabe". Garapen mota horrek zenbait zerbitzu eta baliabide ekologiko eskatzen ditu, hainbat denboraz, gizarte osoaren premiak zuzen asetzeko.

Behar ditugun baliabide natural guztiak eskaintzen dizkigu naturak, hasi geure etxebizitzak eraikitzeko behar ditugun mineraletatik eta bizirik irauteko behar ditugun elikagaietarainoko guztiak. Baina, horrez gain, sortzen ditugun hondakinak xurgatu egiten ditu, bai hondakin solidoak bai atmosferara egiten ditugunak. Halaber, bestelako zenbait bizi-funtzio garrantzitsu ere eskaintzen dizkigu naturak. Funtzio horiek gabe, desagertu egingo litzateke giza espeziea. Besteak beste, sistema ekologikoak eta klima arautzen ditu naturak; bestalde, naturak berak mugak jartzen dizkie baliabideen erabilerari eta emisioen zein hondakinen asimilazioari.

Azken urteotan, bestalde, zenbait adierazleren bidez erakusten da muga naturalen barruan dauden edo ez gure kontsumo-maila eta hondakin-sorrerarena. Aztarna ekologikoa dugu adierazle horietako bat.

Mathis Wackernagelek eta Willliam Reesek garatu zuten, 90eko hamarkadaren erdi aldera, "aztarna ekologikoa" kontzeptua. Hona hemen aipatutako bi ikertzaileen definizioa: "Bizi-maila jakin bat duen populazio jakin batek behar dituen baliabideak ekoizteko eta sortutako hondakinak asimilatzeko behar den lurralde-azalera ekologikoki produktiboa, nonahi dagoela ere azalera hori".

Honela kalkulatzen da populazio baten aztarna ekologikoa: elikagaien eta baso-produktuen (larreak, soroak, itsasoa eta basoak) kontsumoak xurgatzeko behar den azalera zehazten da; horrekin batera, eraikinek eta azpiegiturek hartzen duten azalera ere zehazten da, baita erregai fosilen errekuntzak sortutako CO2-ren emisioak xurgatzeko behar den baso-azalera ere. Per capita hektareatan (ha/cap) adierazten dira azalerak. Adierazle horiei esker, elkarrekin aldera daitezke herrialdeak, eskualdeak... Aztarna ekologikoa kalkulatu ondoren, azalera erabilgarriarekin (biogaitasuna) alderatzen da, eta horrela jakiten da defizit (edo superabit) ekologikoaren neurria. Gure kontsumo-ohiturak naturaren mugen barruan dauden edo ez adierazten digu neurri horrek.

Iraunkortasun orokorraren ikuspegitik begiratuta, lurralde jakin bateko biztanleen aztarna ekologikoak ez du izan behar Lurreko biztanle bakoitzari dagokion biogaitasuna baino handiagoa. Beste hitz batzuekin esanda, kontsumitzen diren ondasunak ekoizteko eta sortutako hondakinak xurgatzeko erabiltzen den azalerak Lurreko azalera biologikoki erabilgarria baino txikiagoa izan behar du.

Mundu osoa kontuan hartuta, 2,7 ha/cap da aztarna ekologikoa; biogaitasuna, aldiz, 1,8 ha/cap besterik ez. Beraz, 0,9 ha/cap-eko defizit ekologikoa dago. Baina munduko biztanle guztiek ez dute erantzukizun bera defizit ekologiko orokorrean, denok ez baititugu kontsumo-ohitura berak. Aztarnaren emaitzak lurraldeka aztertuta, hona emaitza: munduko populazioaren % 80k 1,8 hektareaz azpiko aztarna dauka (superabita du, beraz); gainerako % 20k (aztarna Lurraren biogaitasuna baino handiagoa dugunok), berriz, defizit ekologikoa eragiten dugu. Adibide bat jartzearren, estatubatuar bakoitzak 8 hektareako aztarna du, batez beste; Indiako herritar batek, berriz, 0,9 hektarea.

Zifra horiek adierazten digutenez, herrialderik aberatsenen defizitaren zati bat gainerako herrialdeen defizitarekin estaltzen da; hots, guk dagokigun mailatik gora kontsumitzeko, beste batzuk gutxiago ari dira kontsumitzen. Baina defizit horren beste alderdi bat etorkizuneko baliabideen konturako "mailegu" edo kreditu" moduko baten bidez ari da estaltzen; hau da, geroko baliabideetatik kentzen ari gara, orain kontsumitzeko. Arrantza-tokiak, adibidez, ekoizpen-ahalmenaren gainetik ari gara ustiatzen. Itsasoko biodibertsitatearen galera geroz eta handiagoa dakar horrek. Ondorioz, murrizten ari da gu elikagaiz hornitzeko itsasoek duten ahalmena.

Oso kezkagarriak dira datu horiek, bizi garen gizarte honen isla zehatza. Izan ere, kontsumoa ez da jada oinarrizko premiak asetzeko bitartekoa, helburua baizik. Zirt edo zart egin beharra dago; bestela, ondorio izugarri larriak ekarriko dizkio Lurreko bizitzari ingurumenaren hondamenak eta baliabide naturalen agortzeak. Gure kontsumo-maila jaitsi egin behar dugu, eta "zenbat eta handiagoa kontsumoa, orduan eta hobea ongizatea" dioen estereotipoa gainditu, batez ere gure gizartean eta antzekoetan, non oinarrizko premiak jada aseak ditugun. Baina kontsumoa murriztea ez da nahikoa. Beste era batera ekoitzi behar da, eta naturaren mugetara egokitu behar dugu gure ekoizpen-eredua. Horretarako, nekazaritza ekologikorantz jo behar dugu, energia berriztagarrietan oinarritutako energia-eredu baterantz, mugikortasun txikiagoa eskatzen duen lurralde-antolamendu baterantz... Nolanahi dela ere, herrialde guztien ahalegina eta lankidetza eskatzen du premiazko aldaketa horrek, batez ere baliabide gehien kontsumitzen dugunona, gu baikara Lurra gehien hondatzen dugunak.

Iñaki Arto Olaizola

Joint Research Centre (Europako Batzordea) eta EHUko Ekonomia Ekologikoa eta Ekologia Politikoa Ikerketa Taldeko (EKOPOL) kidea. Institute for Prospective Technological Studies erakundeko ikertzailea.

 

ZER DA?

Produktu, prozesu edo jarduera batek bere bizitza-ziklo osoan ingurumenean duen edo izan dezakeen eragina aztertzeko erabiltzen den tresna bat da.

ZERTARAKO BALIO DU?

Baliabideen erabilera eta isurketak haztatuz produktu baten fabrikazio-prozesuen artean aukeratzeko balio du. Halaber, kategoria bereko artikuluen (adibidez ontzi-garbigailu normal baten eta kontzentratuaren) arteko aldeak aztertzeko ere balio du. Etapa guztietan zehar produktuak zer 'motxila ekologiko' duen jakiteko ere erabiltzen da.

BEHARREZKO MATERIALAK

  • Plastikozko ontziak (tetrabrik, poto, botila...)
  • Haziak (ezkurrak, gaztainak, pagaziak...)
  • Lurra

PROZESUA

Landare-ontziak prestatzea

Aurrena, 20 cm-ko goieran ebakiko ditugu ontziak (landarea urtebetez edo biz kontserbatzeko bezain handiak izan behar dute). Hurrena, zulotxo batzuk egingo dizkiegu hondoan, gehiegizko ureztatze-urak ihes egin dezan eta haziak ustel ez daitezen. Trikimailu on bat: hartxintxar edo hondar pixka bat jartzea hondoan, lurra bota aurretik.

Haziak biltzea

Egin dezagun txango bat landara, haziak biltzeko. Ahalik eta kalitaterik onenekoak izan behar dute.

Baina, zer egin dezakegu basoen alde?

Ekimen xume bat aurkezten dugu jarraian. Erraz gauza daiteke ikastetxeetan eta etxean.

Ereintza

Beren tamaina halako 1,5eko sakoneran eta lurrera erortzean gelditzen diren eran kokatuko ditugu haziak.

Ureztatzea

Ura bota behar da, baina gehiegi ere ez ditugu ureztatu behar landareak. Lurra heze atxikitzea da kontua.

Hazkundea

Zuhaitzaren hazkundearen lekuko bihurtuko gara. Prozesu hori udaberrian izango da bereziki zirraragarria, eta ontzia handiago batez ordeztu beharko dugu, landarearen tamainak hala eskatzen duenean.

Aldatzea

Gure landareek urte bat edo bi dutenean, 'Zuhaitzaren Eguna" aprobetxa dezakegu haiek landan aldatzeko. Prozesu hori arrakastaz amai dadin, aholkulari on batzuei galdetu behar diegu: ea noiz, nola eta non kokatu behar ditugun geure zuhaitzak, betirako.

Azken aldaketako data: