Osasun Saila

Konbultsioak

Zer da konbultsioa?

Konbultsioa garuneko deskarga elektriko anormala da. Garuneko alde bati edo garun osoari (konbultsio orokorra) eragin diezaioke. Konbultsioak kaltetutako eremuak bere funtzio-gaitasun erregularra galtzen du, eta kontrolik gabe erreakzionatu dezake. Esaterako, beso bat kontrolatzen duen garuneko eremu batean konbultsio bat bada, besoan behin eta berriz dardarak errepikatu daitezke. Konbultsioak garun osoari eragiten badio, gorputz-adar guztiak dardarka jarri daitezke kontrolik gabe. Konbultsio batzuetan begirada finko bat agertzen da, segundo batzuetan erreakziorik gabe gelditzen delarik. Teorikoki, garuneko edozein funtzio (motorra, usaimena, ikusmena edo emozioa) kalteturik gerta daiteke konbultsioaren eraginez.

Konbultsioak, orokorrean, 2 eratakoak dira:

  1. Fokala: garuneko zonalde mugatu bat dago kalteturik.
  2. Orokorra: garun osoa dago kalteturik. Beraz, beti dago lotuta konortea galtzearekin.

Konbultsio fokalak garun osora zabaldu daitezke, orokortze sekundarioko konbultsio fokal bihurtuz.

Zer da Epilepsia?

Epilepsia edo konbultsio-desordena (esanahi bera) 2 konbultsio edo gehiago direnean gertatzen da.

Konbultsio gehienek 30 segundo eta 2 minutu bitartean irauten dute eta ez dute kalte iraunkorrik eragiten.

Zein dira Sukar Konbultsioak?

Sukar-konbultsioak konbultsio-gertaera onberak dira (arazo larririk gabeak). 6 hilabete eta 6 urte bitartean gertatzen dira.

Ohiko sukar-konbultsioak gutxi gorabehera minutu batetik bost minutura bitartean irauten du.

Orokorrean, sukarra igotzean gertatzen da. Gorputz-adarretan zirrara erritmikoak sentitzen dira, mugimenduak begietan, ez du erreakzionatzen, eta batzuetan aho ingurua eta gorputz-adarreko puntak urdinduta agertzen dira, eta gero logura eta nahastea.

Batzuetan, sukar-konbultsioak tonua eta konortea galtzea edo gorputzaren zurruntasuna eragin ditzake. Haur batzuk sukar-konbultsio konplexuak izan ditzakete:

  1. Iraupena, 20 minutu baino gehiago.
  2. Fokala, konbultsioa gorputzaren alde batean gertatzen denean.
  3. Anitza, 24 orduren buruan konbultsio bat baino gehiago gertatzen direnean.

Ezaugarri konplexuek adierazten dute arrisku handiagoa dagoela epilepsia edo sukarrik gabeko konbultsioak izateko.

Sukar-konbultsioa, orokorrean, ez dago tratatu beharrik. Konbultsioen aurkako farmakoak egoera larrietan erabili daitezke.

Sukar-konbultsioek uste da ez dutela garuneko kalterik eragiten. Sukar-konbultsioen konplikazioak oso arraroak dira eta batez ere sukar-konbultsio fokalei eta luzeei lotuta daude.

Nola ezagutu sukar konbultsioak?

Sukarraren eraginez bero dagoen umeak konortea galtzen du bat-batean eta besoak eta hankak astintzen hasten da, edo batzuetan zurrun jartzen zaio gorputz osoa; horrek segundo edo minutu batzuk irauten du. Begirada desbideratuta edukitzen du eta ezpainak ubelduta egon daitezke. Gero, minututan lozorro sakon batean gelditzen da.

Zer egin sukar konbultsioa berriro gertatzen bada?

Jakin behar duzu zure umeak sukar-konbultsio bat baino gehiago eduki ahal duela, baina horrek ez du esan nahi epileptikoa denik. Zure familian antzeko kasuak izan badira, sarriago gertatuko zaio.

  1. Aho barruan zerbait badauka, atera egin behar zaio. Ez da ezer sartu behar ahoa zabalik edukitzeko, mihiari haginka egitea ohiz kanpokoa da eta.
  2. Umea albo batera etzanda jarriko dugu, toki erosoan. Horrela, batetik, umeak ez du minik hartuko konbultsioak hasten direnean eta, bestetik, botaka egiten badu ez du okada irentsiko.
  3. Konbultsioa desagertzen bada eta umea erdi lo gelditzen bada, hobe saiatzen ez bazara bera bizkortzen edo esnatzen; loa beharrezko mekanismo fisiologiko bat da umea bere onera etortzeko.
  4. Konbultsioa minutu gutxitan desagertzen bada eta umea bere onera guztiz badator minutu gutxitan, ez da beti beharrezkoa pediatra batek berehala azterketa egitea. Zuk uste baduzu dena ez doala ondo, edo arrazoiren bategatik kezkatuta bazaude, kontsultatu zeure pediatrari edo jo ezazu berriro Larrialdi-Zerbitzura.
  5. Konbultsioak bere horretan jarraitzen badu eta ez bada baretzen, zure seme-alaba artatu egin beharko dute. Horregatik, Larrialdietako Zerbitzura deitu
    • Araba > 945 24 44 44
    • Bizkaia > 944 100 000
    • Gipuzkoa > 943 461 111

Zer egin nire seme alabak sukarra duenean?

Egizu betiko moduan, umeak sukarra eduki duenean egin duzun legez. Komeni da tenperatura jaisten saiatzea. Neurri hau ez da nahikoa krisi berriak baztertzeko, baina sukarra arintzean erosoago sentituko da umea. Erabil ezazu pediatrak beste batzuetan gomendatu dizuna. Antitermikoa, lehentasunez, ahotik emango zaio, baina konbultsioa gertatzen ari zaion bitartean ipurditik emango zaio.

Zer da negar-zotinaren espasmoa?

Episodio honetan umeak arnasa hartzeari uzten dio segundo batzuetan, eta berez itzultzen da bere onera.

Nola ezagutu negar-zotinaren espasmoa?

Espasmoa negar-zotinaren hasieran edo izutu ondoren agertzen da, segundo batzuetan arnasa hartzeari uzten dio eta urdinxka edo zurbil jartzen da, bigun, tonurik gabe, eta konortea ere gal dezake.

Umea bere onera itzultzen da berez, eta normal dago berriro. Gertaera osoak pare bat  minutu pare bat irauten du.

Negar-zotinaren espasmoa ez da konbultsio bat eta ez du ondoriorik uzten; espasmoak edukitzea ez da gaixotasuna.

Bizitzako lehen urteetan gertatzen dira beti, eta gero desagertu egiten dira.

Zer egin negar-zotinaren espasmoa berriro gertatzen bada?

Erreakzionatzeko, garrantzitsua da ez astintzea, edo kolpatzea, edo ur hotza botatzea, etab., min egin ahal diozulako. Gogora ezazu segundo batzuetan berez hasiko dela berriro arnasa hartzen.

Ez larritu edo beldurtu umea negarrez hasten den bakoitzean, utzi negar egiten garrantzirik eman gabe, bestela zure umeak xantaia egingo dizu eta.

Koadroa ohikoa bada eta diagnostikoa argi badago, ez da inolako probarik egin behar, dena normala izango da eta.

Zertan jarri arreta?

  1. Umeak ez diezaiola arnasa hartzeari utzi goian aipatutakoen bestelako egoeretan.
  2. Gertaeraren ondoren, konortea edo haurraren aurretiko egoera erabat ez berreskuratzean jarri behar da arreta.
  3. Gorputz-adarretako zurruntasun eta mugimendu anormaletan jarri behar da arreta.
  4. Txakalaldian, logurarako joeran jarri behar da arreta.

Halakoetan, edo kezkatzen zaituen beste edozer nabaritzen badiozu, jo ezazu zure Osasun-Zentrora edo Larrialdi-Zerbitzu batera, pediatrak beste azterketa bat egin beharko baitio zure umeari.

  • Araba > 945 24 44 44
  • Bizkaia > 944 100 000
  • Gipuzkoa > 943 461 111

GOGORA EZAZU negar-zotinaren espasmoa gehiagotan gerta daitekeela egoera berdinetan, eta berez desagertzen dela eta ondoriorik ez duela uzten.

Azken aldaketako data: