Kargu publikodunen kalte-ordainak eta aldi baterako prestazio ekonomikoak

Kargu publikodunek, kargua utzi ondoren hiru motako kalte-ordain eta prestazio ekonomiko jasotzeko eskubidea izan dezakete:

a) Kargua uztearen ondoriozko kalte-ordaina

Jaurlaritzako kideek, administrazioko goi kargudunek, eta dagokionean konfiantzazko edo behin behineko pertsonalak, kargua edo postua uztean kalte-ordain bat jasoko dute, arrazoia eta zerbitzuak emandako denbora edozein izanda ere, behin bakarrik, hileko soldataren balioagatik.

Kalte-ordain hau ez da aplikagarria izango kargu uztea edo dimisioa egiten bada edozein administrazio publikotan eskubide hori dakarren beste kargu bat hartzeko bada, kargu uzte eta izendapenaren artean hilabetea baino gutxiagoko tartea badago (goi kargudunen lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 5.1 artikulua).

b) Aldi baterako prestazio ekonomikoa

Kargua uztearen ondoriozko kalte-ordainari kalterik egin gabe, langabezian daudenek aldi baterako prestazio ekonomiko bat jasoko dute gainera, hileko soldataren ehuneko berrogeiaren balioagatik.

Prestazio hau hilabetea amaituta ordainduko da, eta 3 hileko iraupena izango du zerbitzuko urte bakoitzeko edo 6 hiletik gorako zatiagatik, gutxienez 3 hilabete eta gehienez 12 hilabete izanik (goi kargudunen lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 5.2 artikulua).

c) Biziarteko pentsioa (Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 38. artikulua)

Biziarteko pentsio bat jasotzeko eskubidea dute pertsona hauek:

  • 1936ko urritik 1979ko abenduaren 15era arte Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburu izandakoak.
  • Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakaria eta sailburuak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzetako lehendakariak.
  • Aurreko ataletan aipatutako pertsonen alargunak, umezurtzak, aitak eta amak.

Goi kargudunen lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, 5.2 artikuluko aldi baterako prestazio ekonomikoa bateraezina da:

  1. Diru publikoen kontura ordaindutako langabezia sariak edo pentsioak jasotzearekin.
  2. Lehendik kargua uztearen ondoriozko edozein kalte-ordain edo antzeko prestaziorik jaso izanarekin, beste kargu publiko batean aritzeagatik, ordaindutako kargu edo postu publikoetan, hautapenezkoak edo izendapenezkoak, zerbitzuak etenik gabe eman badira. Etenik ez dagoela ulertuko da, kargu bat uzten denetik hurrengorako izendapenera arte 6 hilabete behintzat igaro ez badira.
  3. Ordaindutako edozein kargu publikotan, hautapenezkoa edo izendapenezkoa, aritzearekin.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 38. artikuluak hau dio:

38. artikulua.

  1. Pertsona hauek izango dute biziarteko pentsio bat jasotzeko eskubidea:
    • 1936ko urritik 1979ko abenduaren 15era arte Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburu izandakoak.
    • Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakaria eta sailburuak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzetako lehendakariak.
    • Aurreko idatz-zatietan aipatutako pertsonen alargunak, umezurtzak, aitak eta amak.
  2. Aurreko paragrafoko a) eta b) idatz-zatietako pertsonek biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute, iritsi badira erretiro egoeran sartzeko ezarrita dagoen legezko adinera, eta c) idatz-zatikoek beharrezkoa izango dute gainera, bi urtez behintzat zerbitzuak eman izana autonomia erkidegoari.
  3. Halaber, 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako pertsonek biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute, zerbitzuak emandako denbora edozein izanda eta legez ezarritako erretiro adinera iritsi ez aren, ezinduta geratu badira fisikoki edo buruz, istripuagatik edo karguaren arrisku bereziagatik.
  4. Pentsioen zenbatekoak hauek izango dira:
    • 2. paragrafoan aurreikusitako kasuan, pentsioa, eskubidea sortu duen onuradunaren karguari kontzeptu guztiengatik dagokion urteko soldataren ehuneko berrogeita hamarra izango da.
    • 3. paragrafoan aurreikusitako kasuan, pentsioa, ezintasuna gertatzen den unean aipatutako karguek jasotzen duten urteko soldataren ehuneko ehuna izango da. Ehuneko ehuneko zenbateko berekoa izango da alargun-pentsioa kasu honetan.
    • Artikulu honetako 1.paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako pertsonen heriotza aktiboan daudela gertatzen bada, pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute, hurrenkera honetan: lehenengo, alargunek; ondoren, adin txikiko seme-alabek edo adin nagusiko ezgaituek. Amek eta aitek eskubidea hartuko dute, alaba edo semearekiko mendekotasun ekonomikoa badute eta bestelako diru sarrerarik ez badute. Irizpide bera aplikatuko da heriotza gertatzen bada artikulu honetako 2. paragrafoan aurreikusitako pentsioa sortuta.
  5. Artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako egoeretan jaso daitezkeen pentsioak bateraezinak dira legebiltzarkide, Jaurlaritzako kide edo herri administrazioko goi karguduna izatearen ondoriozko diru sarrerak jasotzearekin, bai estatuan eta bai autonomia erkidegoan, edo foru lurralde historikoetan nahiz udaletan beste kargu publiko bat edo izendapen askekoa betetzearekin. Horrelakorik gertatzen bada, interesdunak lansaririk altuena aukeratu ahal izango du.
  6. Artikulu honetako pentsioen onuradunek Gizarte Segurantzaren kontura beste pentsio bat jasotzeko eskubidea dutenean, soilik izango dute autonomia erkidegoko aurrekontu orokorren kontura aldea jasotzeko eskubidea, Gizarte Segurantzaren pentsioa kopuru apalagokoa bada.
  7. Artikulu honetako pentsioak erreferentziazko soldaten proportzio berean aldatuko dira.

Azken aldaketako data: