Kargu publikodunen inhibizioa eta abstentzioa

Kargu publikodunek ez dute parte hartuko beren objektibotasunari eragin diezaiokeen kausaren bat duten gaietan eta interes-gatazka dagoenean (1/2014 Legearen 6.3 eta 9. artikuluak), eta horregatik 1/2014 Legearen 10. artikuluan arautzen da parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra.

Kargu publikoak betetzen dituztenek, kargua uzten duten egunetik hurrengo bi urteetan, kargua dela-eta zuzeneko harremana izan duten enpresa, sozietate edo beste edozein entitate pribaturi ezingo diote inolako zerbitzurik eman, eta ezingo dute haiekin inolako lan-harremanik edo merkataritza-harremanik izan (1/2014 Legearen 18.1 artikulua). Pentsatuko da zuzeneko harremana egon dela baldin eta aipatu enpresa, sozietate edo entitateekin lotutako ebazpenik eman badute kargu publikodunak edo beraren menpeko organoek, dela eskuordetzaz dela ordezpenez, edo goragoko organoek, kargudunaren proposamenez, edo orobat esku hartu badute enpresa, sozietate edo entitate horiekin lotutako ebazpenen bat hartu duen kide anitzeko organoren baten bileretan (1/2014 Legearen 18.2 artikulua). Halaber ezin izango dute egin, ez beren kasa, ezta sozietate edo enpresen bitartez ere, laguntza teknikoko kontraturik, zerbitzukorik edo antzekorik Administrazioarekin eta sektore publikoko organismo, entitate edo enpresekin, baldin eta horietan kargu publikodun gisa zerbitzurik eman badute, zuzenean edo enpresa kontratatzaile edo azpikontratatzaileen bidez (1/2014 Legearen 18.4 artikulua).

Beraz, kargu publikoa betetzean zuzeneko harremanik izan ez dutenek enpresa, sozietate edo entitate batekin, lan- edo merkataritza-harremana eduki ahal izango dute horrekin, baina egingo dituzten jarduerei buruzko adierazpena egin beharko dute lehenengo, kargua utzi osteko bi urteetan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako Pertsonalaren Erregistro Zerbitzuan, eta honek hilabeteko epean emango du jardueraren bateragarritasunari buruzko iritzia, interesdunari eta dagokion enpresari edo sozietateari jakinaraziko diona (1/2014 Legearen 18.5 artikulua).

Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 6.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, kargu publikodunek ez dute parte hartuko beren objektibotasunari eragin diezaiokeen kausaren bat duten gaietan. Ondoren, legeak 10. artikuluan arautzen du parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra:

10. artikulua.- Parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra.

1.- Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen arautegian ezarritako parte ez hartzeko kasuez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko kargu publikodunek ez dute parte hartuko beren interesak, ezkontide edo izatezko bikotekidearenak edo laugarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideen interesak edo hirugarren pertsonekin partekatzen dituztenak agertzen edo bultzatzen diren jarduera, erabaki edo ekimenetan.

2.- Halaber, ez dute parte hartuko zenbait enpresa, sozietate edo erakunderen interesak ukitzen dituzten gaietan edo gai horien inguruko erabakietan, baldin eta beren zerbitzu-harremana hasi aurreko bi urteetan enpresa, sozietate edo erakunde horietako zuzendaritza- edo gobernu-organoetan kargu publikodun gisa izan badira bai kargu publikodunak berak bai ezkontide edo izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideak edo berekin interes partekatuak dituzten hirugarren pertsonak.

3.- Parte ez hartzeko betebehar horren kontrol egokia egiteko, lege honetan arautzen diren jardueren adierazpenak egingo dituzte.

4.- Parte ez hartzeko adierazpena idatziz egingo da, eta kargu publikoa mendeko duen saileko titularrari edo hura izendatu zuen organoari jakinaraziko zaio, eta, jasota gera dadin, baita lege honen 24. artikuluan aipatutako kudeaketa-organoari ere, bost egun balioduneko epean.

5.- Kargu publikodunak ez balu beteko parte ez hartzeko betebeharra, hura mende duen saileko buruak edo izendatu zuen organoak inhibitzea agindu behar dio, aldez aurretik iritzia agertzeko aukera emanda, eta Pertsonalaren Erregistroari horren berri eman beharko dio. Parte ez hartzeko betebeharra duen kargu publikoduna Jaurlaritzako kidea bada, agindua lehendakariak eman beharko du, Jaurlaritzari horren berri eman ondoren. Inhibitzeak berekin dakar ordenamenduan aurreikusita dauden ordezkotza- edo ordezpen-mekanismoak abian jartzea.

6.- Espediente edo prozedura batean interesa duten pertsonek espediente edo prozedura izapidetzeko, haren instrukzioa egiteko edo ebazpena emateko eskumena duen kargu publikoduna errekusatzea sustatu dezakete, parte ez hartzeko ezarritako kasu berberetan eta administrazio-prozedura erkidea arautzen duen arautegian ezarritako prozeduraren arabera.

7. Parte hartu behar ez eta parte hartzen duen kargu publikodunak dagokion administrazio-erantzukizuna izango du.

Orobat, legearen 28.1.f) artikuluak dio arau-hauste oso larria dela parte ez hartzeko betebeharra ez betetzea, hori bidezko denean.

Azken aldaketako data: 2016/06/30