Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

Jarduera sailkatuei buruzko ohiko galderak

Jarduera sailkatu guztiek lizentzia administratiboen araubidea bete behar dute ezinbestean?

Ez. Ingurumenean, pertsonengan edo haien ondasunetan eragina handia daukaten jarduera eta instalazioek lizentzia administratiboen araubidea bete beharko dute ezinbestean. Eragina txikia bada, aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea bete beharko dute.

Eragina handia edo txikia den kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

  • Instalazioaren tamaina eta ekoizpen-ahalmena.
  • Zenbat ur, energia eta bestelako baliabide kontsumitzen den.
  • Zenbat hondakin sortzen dituen, eta zer pisu eta tipologiatakoak diren.
  • Atmosferara eta uretara isurtzeko zenbateko arriskua daukan.
  • Istripuak izateko arriskua zenbatekoa den.
  • Substantzia arriskutsurik erabiltzen duten.

 

Norena da jarduera sailkatu bat ezarri eta handitu nahiz aldatzeari buruz esku hartzeko eskumena?

Jarduera kokatzekoa den lekuko udalarena.

Udalei dagokie jarduera sailkatuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eginkizunak eraginkortasunez gauzatzeko eskumena. Tokian tokiko alkateak ahalmena du legez kanpoko jarduerak bertan behera utzi edo ixteko, lizentziak deuseztatzeko eta legez finkatuta dauden zehapenak ezartzeko.

Jardueraren funtzionamenduak akatsak dituela ikusiz gero, akats horiek konpontzeko eskatuko dio alkateak titularrari. Akats horiek konpontzeko epea, behar bezala justifikatutako kasu berezietan izan ezik, ez da inoiz izango sei hilabetekoa baino luzeagoa.

Ingurumenari kalte larriak edo konponezinak eragiteko beheralako mehatxua baldin badago edo pertsonek edo haien ondasunek berehalako arriskua badaukate, horri aurrea hartzeko, alkateak ahalmena dauka zenbait neurri har daitezela agintzeko, baita jarduera erabat edo zati batean bertan behera uzteko ere, harik eta mehatxua edo arriskua eragiten duten gorabeherak erabat desagertu arte.

Aurreko paragrafoan aipatutako kasuan, jardueraren bateko titularrak uko egiten badio ezarri zaion neurriren bat betetzeari, ekintza errekeritu dion agintariak, ohartarazpena egin eta gero, modu subsidiarioan exekutatu ahal izango du. Eragindako kostuak bere gain hartuko ditu titularrak, eta kostu horiek premiamendu-bidea erabilita eskatu ahal izango zaizkio.

Zer gertatu da indargabetuta dagoen 165/1999 Dekretuan jasotako ?salbuetsitako jarduerekin??

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko den otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean jasotzen den jarduera-lizentzia eskuratzetik salbuetsitako jardueren zerrenda finkatzen duen martxoaren 9ko 165/1999 Dekretua indargabetu du 7/2012 Legeak. Izan ere, gaurko jarduera sailkatuak aldez aurretik jakinaratzeko araubideak ordezkatuko du 165/1999 Dekretu horrek aurreikusten zuen administrazioak esku hartzeko araubidea. 3/1998 Legeko II. B eranskinaren daude jarduera guzti horiek.

Zein da jarduera sailkatuetarako lizentziaren eta gainerako lizentzien arteko lotura?

Udalek ezin izango diete obra-lizentziarik eman jarduera sailkatuetarako lizentziaren menpe dauden jarduerei, harik eta jarduera-lizentzia eman arte.

Jarduera-lizentzia daukaten jarduerek ez dute irekitzeko lizentziarik behar. Jarduera sailkatuetarako lizentzian agindutako neurri zuzentzaileak ezarrita daudenean eta instalazioak egokituta daudenean, jarduerari ekin ahal izateko, aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea bete beharko da.

Jakinarazpenarekin batera, teknikari gaituak emandako ziurtagiria ere aurkeztu behar da, egiaztatzeko jarduerak edota instalazioak bat datozela aurkeztutako eraikitze-proiektuarekin eta dokumentazio teknikoarekin, eta ezarri zaizkion neurri zuzentzaileak bete dituela.

Jakinarazpena eginda dagoenean, jakinarazpena egin den egunetik bertatik has daiteke gauzatzen jarduera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zein da aldez aurreko jakinarazpenarekin batera aurkeztu behar den memoriaren edukia?

Araudiak berak xedatzen du Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Lege Orokorraren 62 bis 3. artikuluan zein den memoria horren helburua (jarduera deskribatu eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko ezarri diren neurriak azaldu). Jarduera sailkatuen lizentziaren eskaerarekin batera, azaldu behar diren proiektu eta memoria teknikoen kasuetan bezala (57.2 art.), arauak ez du zehazten dokumentu tekniko horren edukia. Beraz, eta araudi horien arau-garapena egiten ez den bitartean, eragileek, orientazio eta ez lotesle gisa, badaukate jarraitzea martxoaren 9ko 165/1999 Dekretuaren (indargabetua) IV. eranskineko dokumentazio teknikoaren eskema. Dekretu horretan ezartzen zen jarduera-lizentzia eskuratzetik salbuetsitako jardueren zerrenda.

Zer gertatzen da jarduera edo instalazio batek Administrazioaren esku-hartzearen araubideetako bakoitza bete behar duten jarduera edo instalazioak baditu?

Jarduera edo instalazio osoak bete beharko du  lizentzia-araubidea, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 55.4. artikuluak xedatutakoari jarraiki.

Zer instalazio-mota dira bere izaerarengatik bizitegirako hiri-lurzoruan koka daitezkeenak?

Nahiz eta jarduera-mota honetako zerrenda itxita egon ez, maila erdi-baxuko ingurumen-inpaktua dutenak dira, adibidez, ostalaritza-jarduerak; jatetxeak; jolaserakoak, diskotekak eta antzekoak, supermerkatuak, etab.

Nork dauka sailkatutako jarduerak ikuskatzeko eta kontrolatzeko ahalmena?

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, EAEko udalei dagokie jarduera sailkatuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eginkizunak eraginkortasunez gauzatzeko eskumena. Tokian tokiko alkateak ahalmena du legez kanpoko jarduerak bertan behera utzi edo ixteko, lizentziak deuseztatzeko eta legez finkatuta dauden zehapenak ezartzeko.

Jardueraren bat lizentziarik edo aldez aurreko jakinarazpenik gabe martxan baldin badago, zer gerta liteke?

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 65. artikuluak kasu hori aurreikusten du, eta alkateak baimentzen du honako hau egiteko:

  • Indarrean dauden sektoreko arauak edo dagozkion udal-ordenantzak ez betetzeagatik jarduera legeztatzerik ez badago, itxi egin behar da.
  • Jarduera legeztatzeko modukoa baldin bada, bere titularrari errekerituko dio egoera arauen barruan jar dezan gehienez sei hilabeteko epe barruan.

Eta horrek guztiak ez du ukatzen udalak zehapen-prozedurari ekiteko duen eskumena, legearen kontrako administrazio-ekintza zehagarriak izan direla ulertzen badu.

3/1998 Legearen II. eranskinaren arabera, zer dira produktu toxiko, arriskutsu edo sukoiak?

3/1998 Legearen II A edo II B eranskinaren arabera jarduerak atxikitzea dela-eta, produktu eta material "toxiko, arriskutsu edo sukoiak" REACH eta CLP erregelamenduek eragindako substantziak eta nahasketak dira, baldin eta arau horietan giza osasunarentzako eta ingurumenarentzako arriskugarritasun fisikoko irizpideak betetzen badituzte.

Gaur egun, araudi batzuk daude indarrean, REACH* eta CLP** erregelamenduak, besteak beste. Horien helburu nagusia osasuna eta ingurumena ezin hobeto babestea da, eta araudi horietan substantzia eta nahasketa arriskutsuen inguruko alderdiak arautzen dira.

*REACH (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1907/2006 Erregelamendua) substantzia kimikoak eta horien nahasketak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari (Registration, Evaluation, Authorisation and Restriction of Chemicals) buruzko Europako erregelamendua da. 2006ko abenduaren 18an onartu zen eta 2007ko ekainaren 1ean jarri zen indarrean. (EBAO L 396, 2006ko abenduaren 30koa).

*CLP (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1272/2008 Erregelamendua) substantziak eta horien nahasketak sailkatu, etiketatu eta ontziratzeari buruzko Europako erregelamendua da. 2008ko abenduaren 16an onartu zen eta 2009ko urtarrilaren 20an jarri zen indarrean. (EBAO L 353, 2006ko abenduaren 31koa).

Zer hartu behar da kontuan biltegiratutako produktuen pisua kalkulatzean, produktuaren kantitate osoa ala arriskugarritasuna ematen dion produktuaren ehunekoa?

Biltegiratu nahi den produktuaren edo materialaren kantitate osoa; ez, ordea, produktuoi edo materialoi arriskugarritasuna ematen dien elementuaren ehunekoa.

Esaterako, biltegi batean 600 kg lixiba badago, nahiz eta arriskugarritasuna ematen dion substantziaren (sodio hipokloritoa) batez besteko kontzentrazioa % 1-5 bakarrik den produktu osoan, jarduera horrek produktu arriskutsu baten 600 kg ditu. 

Zer informazio adierazi behar dute jarduera proiektuek, udalek behar bezala sailka dezaten jarduera?

Sustatzaileak biltegiratu nahi dituen produktu arriskutsuen zerrenda zehatza aurkeztu behar du, baita produktuon segurtasun datuen fitxak (SDF*) ere.

* Segurtasun Datuen Fitxak (SDF) substantziei eta nahasketei buruzko informazio egokia transmititzeko tresnak dira; tresnoi esker, erabiltzaileek beharrezko neurriak har ditzakete giza osasuna, laneko segurtasuna eta ingurumena babesteko.

Azken aldaketako data: