Xabier Odriozola Ezeiza, maskulinotasunetan aditua eta gizon taldeen sortzailea
“Berdintasunak gizonezkoak ere behar ditu eta gizonezkoek berdintasuna behar dute”

Gizonak eta emakumeak, zeregin handia daukagu berdintasunaren alde. Nolakoa da gizonen bidea berdintasunerantz?
Gizonen bidea berdintasunerantz interesgarria bezain erronkatsua da. Batetik gure burua eraisten (dekonstruitzen) jarraitu eta asmatu behar dugu eta ekin eta ekin, aitzakiarik gabe, lan ezinbesteko honi eta bestetik, eta era berean, begiak adi eta erne mantendu emakumeek egiten jarraitzen duten gizarte parekide baten aldeko eraikuntza lan izugarri horretan. Apaltasunean eta isiltasunean lan egin eta eman eta utzi eta maite eta zaindu eta arduratu eta kezkatu eta sentitu eta barkamena eskatu eta barkazioa eman … hau dena egiten ikasi behar dugu gure burua nabarmendu gabe, besteak baino garrantzizkoagoak garela sentitu gabe, saririk itxoin nahi gabe, pribilegiorik espero gabe, gizarte aitortza espero gabe..bide luzea eta oso interesgarria, gure izaera guztiz alda dezakeena eta behingoz gizatiar aldean kokatzen lagunduko gaituena. Asko dugu ikasteko ikusteko eta barneratzeko eta , bestetik, asko aurkitu eta deskodetu dugu gure izaera zapaltzaileari buruz eta gako garrantzitsuak jorratu ditugu eraispen lan etengabe honetan jarraitu ahal izateko. Nik ikuspegitik une itxaropentsuak bizi ari gara zalantzarik gabe.
Noiz eta zergatik hasi zinen berdintasunaren alde lan egiten?
Nire burua pertsona bezala aske izatera iristea gizon izateko gerriko eta maskor estu eta zurrunetatik askatzearekin guztiz lotuta zegoela ulertu nuenean argi ikusi nuen pertsona guztiok gaudela kateatuta genero sistema patriarkal honen garroetan, roletan, egituretan, funtzioetan eta sistema hauxe bera ez badugu iraultzen inor ez dela ez aske ez pertsona osoa izatea lortuko ohartu nintzen. Beraz bai emakumeak eta bai gizonezkook ezinbesteko dugu elkarrekin lan egitea bi generook gatibu eta murriztuta mantenarazten gaituzten kateak apurtzeko. Ez du ezertarako balio emakumeek beren biziko lana egiteak beste balantzako platertxoan dauden agenteek ez badute armoniaranzko urratsik egiten; egoera horretan beti egongo da desoreka.
Beraz berdintasunaren alde lan egiteak horixe bera esan nahi du: bai zuk(emakume) bai nik(gizon) gure burua askatu eta genero sistema patriarkal ekoizle eta deshumanizatzailea bertan behera ekarri behar dugula benetako izaki aske eta eskubideguztidunak izan nahi badugu. Bide honetan bi generoek egin beharreko bidea ezberdin samarra den arren , zeharo osagarria eta ezinbestekoa dute.
Zeintzuk dira, gaur egun gizonok daukagun erronkak gizonak eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko?
Gaur egungo gizonezkoen erronkak lehenengo galderan erantzun ditut orokorrean. Ordu betea beharko genuke bide horretan eman beharreko urratsak banan bana zehaztu behar bagenitu. Ildo orokorrez bakarrik arituko naiz, honekin nahikoa dugu oraingoz era horretan aipatzearekin; pausu hauxe ulertuta aurrerapen garrantzitsua litzateke gizonezkok jabetuko bagina urrats horiek (lehenengo erantzunean aipaturikoak) eman beharrekoak direla orain eta hemen, gehiago itxoin gabe. Baina ez dakit puntu horretan ote gauden gizonezkook.
Emakumezkoekin berdintasunerantz elkarrekin ibiltzeko urrats hauek saihestezinak ditugu, bestela ez dugu benetan ulertuko beste taldekoak zertan ari diren eta zergatik ez zertarako.
Bestetik, emakumezkoek ulertu eta onartu beharra edukiko dute gizonezkok elkartu eta lana egitea ezinbesteko zaigula denoi gizarte patriarkal hegemoniko hauek gainditu nahi baldin baditugu. Eta horretarako gizarte egiturak eta erakundeen euskarria beharko dugula ere bai.
Denon etorkizuna dago jokoan, ez bakarrik emakumeena; gurea, gazteena, haurrena, zaharrena, planetarena jokoan dago gizonezkook gure roletan segitzen baldin badugu. Hau eten egin behar dugu jada.
Ze eragina dauka sexismoa gizonengan?
Sexismoak gizonengan triskantzak eragiten ditu. Ez dago gizonezkoa gehiago suntsi dezaken gertakaririk. Bera ez den bezalako gizaki ez gizatiar, gogorra, zurruna, isolatua, arriskutsua, ausarta, harroa izatera bultzatua, trebatua, prestatua, baldintzatua eta gero gizarteratua da “benetako gizon” izateko aitzakia kulturalpean jaio orduko eta gero izanarazi zaion moduagatik errua eta erantzukizun osoa egotziko zaizkio berak “ustez, zuzena zena” egiteko uste osoa izanagatik. Gauza guztien eta pertsona guztien menderatzailea izan dadin prestatua izango da: beste gizon batzuen menderatzaile-homofobia aitzakiatzat harturik, besteak beste-, emakumeen menderatzaile-sexismoa-, beste pertsona gazteen menderatzaile-adultismoa-, beste etnia, klase, kultura, taldeen menderatzaile-kapitalismoa, arrazakeria, klasismoa, neoliberalisoa- planetaren baliabideen menderatzaile- inperialismoa…. Eta honek guztiak izugarrizko sufrimendua, hondamendia eta kalteak eragingo ditu gainontzeko izaki eta gizakiengan, beraiengan bezalaxe.
Honetaz ohartsu izatea ez da erraza, gizarte patriarkal hauetan denak hartarat bultzatzen baitu, gizaki ez pentsalari, imitatzaile, otzan eta diru-profitagarriak bilakatzera, sistema hauetara egokitzera, sistema hauek nola aldatu eta gizaki pentsalariak nola izan irakatsi ordez.
Egoera hau aldatu ezean zaila izango dugu sistema patriarkal kapitalista hauetan gizaki bezala era gizatiarretan irauten
Posible al da sexismoa gainditzea? Nola?
Jakina sexismoa gaindi daitekeela. Batetik emakumeek egin duten lana eta egiten jarraitzen dutena ezinbesteko dugu. Bestetik, gizonezkoen parte hartzea, antolakuntza eta elkar lana beharrezkoa dugu. Bi generoek beren burua askatzeko lana egiten jarraitu beharra dute, bakoitzak bere esparruan, eta komuneko jokalekuak, esparruak antolatu beharko ditugu elkarrekin pentsatu eta diseina ditzagun genero zapalketarik gabeko bizilekuak, espazioak, uneak eta guneak, denborak eta aukerak, erak eta jokaerak, egiturak eraiki ditzagun, non bi generoak aukeren, eskubideen, pribilegioen eta arduren erabateko parekidetasunean bizi ahal eta gara ahal daitezen.
Hau ez da ameskeria, giza-adimena behar bezala erabili eta antolakuntza era eta egitura demokratikoak eta iherarkiarik gabekoak sortzeko gaitasunari heltzeko kontuak baizik.
Diren bitartekoak ongi kudeatzeko kontua, ez besterik. Sobera adimen, pentsamendu, baliabide eta aukera bada gure planetan eta gugan guztiongan.
Gazteekin lan egin duzu ere. Nabarmenak dira aldaketak? Esan dezakegu hobeto gaudela?
Bai. Gazteekin ere lan egiten dugu ere. Aldaketak eman dira. Hobeto gaude gauza batzuetan: arduren banaketaz eta giza eskubideekiko beharraz eta egokitasunaz hobeto goaz. Genero indarkeriarekiko oharmenaz ere aurrerapausorik eman dugu.Lege mailan urratsak egin izan dira ere bai eta haiei esker gizarte egitura moduko saretxorik badugu egun. Genero injustizia sozialez eta politikoez gizarte oharmena garai batekoa baino hedatuagoa eta sakonagoa da egun. Eta poliki –poliki honetan lurra irabazten goazkio sistema patriarkalari.
Gauza askotan, ordea, berdintsu darraigu: ez gara gauza izan oraindik sistema patriarkalari irabazitako lurra iraunkor, sendo eta tinkoa izan dadin, atzera itzulezina. Indibidualismoa askatasunarekin nahastean, rol trukaketa askapenarekin nahastean, lanaren sexu banaketaz antzeko, pertsonaren izpiritu kritikoa sistemarekiko eta berezko boterearen berreskurapenean aspaldian bezain herabe, generoaren sustraiak ongi ulertu eta naturaltasunetik eta berezkotasunetik desberdintzeko gaitasunean lehen bezain nahasiak, desirak, gogoak eta gutiziak osasuntsuki kudeatzeko gaitasunean lehen bezain eskas, sentimenduen eta maitasunaren kudeaketa adimentsuak eta osasungarriaz aurreko garaietan bezain ahul …
Instituzioak nahiko egiten dute berdintasunaren aldeko borrokan gizonak inplikatzeko? Zer proposatuko zenuke?
Dakitenaren arabera eta neurrira ari dira ematen. Ez dute informazio osoa ez eta beti guztiz zuzena berdintasunaren bi txanponez: emakumezkoen auzia eta gizonezkoen auzia. Berdintasunak emakumezkoak behar ditu eta emakumezkoek berdintasuna; berdintasunak gizonezkoak ere behar ditu eta gizonezkoek berdintasuna behar dute, derrigor. Honetan ez dugu behar adina urratsik egin, behar adina mugimendu zuzen eta trinkorik eman. Hauxe litzateke hurrengo hamarkada honen helburuetako bat. Emakumezkoak ezin dira gizonezkorik gabe bizi, hau erabat onartu gabeko errealitate bat da, gizonezkoek emakumezkoak behar dituzten bezalaxe, baina ez orain arte “behar” hau ulertu dugun eratan. Bada onuragarria, zuzena, zentzukoa, gizatiarra, elkarkoia, elikatzailea, osasuntsua, aberasgarria … den “behar” interesgarri bat gure zain, aurkitzen ari garen izateko eta egoteko era berririk, eredu berririk. Eta hau ulertzean erakundeek alimaleko bultzada emango diote auzi honi, beren bitartekoen zati handia horretan jarriko dutelarik. Hau etortzeko dago oraindik.
Berdintasunaren aldeko gizonen mugimendua errealitate bat da? Nola ikusten duzu etorkizuna?
Bai, errealitate bat da, emakumezkoen errealitatearekin aldera ezina. Gizonezkoen mugimendua berezia da, ezberdina, beste era batetara eraiki gaituzte, beraz beste era batetara eraitsi egin behar dugu gure burua. Hemen uste dut errakuntza txiki bat egin ohi izan dugula. Feminismoak bere bidea egin du eta badagi egun, eta horretan segi beharra du nahi eta nahi ez. Baina maskulinismoak ez du zertan antzeko bidea egin. Gizonezkoen sexismoa ezabatzeko bidea eta emakumezkoen askapen bidea anaia-arrebak dira, eskutik joan behar dute bi izaki ezberdin eta autonomo, helburu berak uztartuta baina ez helburu berak berdinduta. Gizonezkoen berdintasunerako bideak ez du emakumeenarekin antza handirik, ez da hain politikoa, zehatza, zorrotza, kalendarizatua, orain gizonak dauden unean eta tokian horrela izan behar duelako. Hemen antzekotasunik ez badago gaizki ari garela pentsatzeak ez gaitu helburura elkarrekin hurbiltzen uzten. Itxaropenaz, begirunez eta elkarlanez begiratu behar diogu elkarri gizonok eta emakumeok, eta ez mesfidantzaz, mehatxuz ala beldurrez. Elkarrekin fio izan behar dugu genero bakoitzari dagokion sinesmen tarte zabala utziz eta emanik. Begirune, konfiantza eta elkarlan honetatik haziko dira baratza berriak loratuko dituzten landareak.
Baldintzarik gabeko maitasuneranzko jauzia egin behar dugu elkarrekin eta eskutik lotuak, lehenbailehen.
Amets bat?
Planeta ohartsu, loratu, garbi, argi, alai eta maitagarri batean elkarrez mugarik gabe gozatzeko aukeraren sorrera eta garapena ikustera iristea.