|
Iñigo Lamarca Arartekoari egindako elkarrizketa: “Gizonok, behingoan, albo batera utzi behar dugu ar matxistaren eta padre padrone-ren armadura”

1. Zeintzuk dira Arartekoaren erronka nagusiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez?
Lau hauek dute lehentasuna: a) berdintasunaren euskal legea osorik garatu eta aplikatu dadila lortzea lanerako eta esku hartzeko ditugun tresnen bitartez (herritarren kexak, ofiziozko informazio espedienteak, administrazio publikoen jardunaren ebaluazioa eta ematen ditugun gomendioak); b) emakumeen aurkako indarkeria matxista izugarria desagerraraztea; horretarako buru-belarri ari gara lanean Erakundeen arteko Itunetik sortutako talde teknikoan gure ezagutza eta proposamenak plazaratzen; c) erakundeek eta administrazioak proaktibotasun handiagoz inplikatu daitezen lortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko balioen hezkuntzan; d) lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko politika publiko hobeak lortzea.
2. Hamarkada batzuetan aurrerapen handiak egin dira berdintasunaren arloan, baina orain hainbat aditu alarma-zantzuak antzematen hasi dira emakumeen eta gizonen artean gerta daitekeen atzerapenaren inguruan. Zer deritzozu? Oinarririk badu kezka horrek? Osasuntsu al dago berdintasuna gurean?
Sekulako krisi ekonomikoa bizi dugu, eta emakumeei gehiago eragiten die gizonei baino. Langabezia eta lan prekarietate handiagoa dago emakumeen artean. Gainera, familiak azken babeslekua dira krisi garai hauetan. Emakumeak, beraz, erantzukizun eta lan handiagoa hartzen ari dira seme-alabak, zaharrak, mendekoak edo gaixoak zaintzeko eta etxeko lanak kudeatzeko. Egoera horiek eragin negatiboa dute gizon-emakumeen arteko berdintasunean.
3. Gazteei dagokienez, eta estatistiken arabera, emakume gazte asko dago indarkeria matxistaren biktimen artean. Zure ustez zerk huts egin du? Berdintasunaren zein alderditan eragin beharko genuke hori gerta ez dadin? Nahikoa da legeak eta legeetako mekanismoak ezartzearekin?
Gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta giza eskubideak errespetatzeko balioetan heztea ezinbestekoa da. Alor horretan landu beharrekoa asko, izugarri, dela oraindik erakutsi du 2009an argitaratu zen Arartekoaren txostenak, ume eta nerabeen balioei eta balio horiek transmititzeko bideei buruzkoak. Harik eta adingabekoen eta gazteen % 100ak berdintasun balioak behar bezala barneratuta izan arte, indarkeria matxistak edo genero indarkeriak existitzen jarraituko dute.
4. Duela dezente honako hau adierazi zenuen: “emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasunarekin bat etorriko den maskulinotasun berria eraiki behar dugu”. Zein berrikuntza izan beharko luke maskulinotasun horrek orain dauden ereduekiko?
Aldi berean oso erraza eta oso zaila den zerbait: patroi matxistarekin bukatu behar da, emakumeak baztertu, eraso eta erreprimitu eta gizonak zapaldu egiten baititu. Gizonok, behingoan, albo batera utzi behar dugu ar matxistaren eta padre padrone-ren armadura. Hori lortzeko, errespetu eta berdintasun balioak landu behar dira gizarte mailan eta banakakoaren mailan.
5. Gizonok berdintasun handiagoaren aldeko jarrera eta ereduetara aldatzeko prozesu hori hainbaten ustez ezin da egin gizonon borondatez, izan ere jokoan daude maskulinotasun tradizionalak eskaintzen dizkigun pribilegioak… Zer iruditzen zaizu hori? Zerk bultza ditzake gizonak berdintasun handiagoko jarreretara?
Berdintasunezko ereduek askatasun handiagoa ere eragingo dute eta, beraz, gizonentzako zorion handiagoa ere bai. “Gizonek ez dute negar egiten” dio aspaldiko esaldiak, baina beti izugarria iruditu zait hori. Izan ere, gizona askatasuna suntsitzeko rol batean hartzen du preso; rol horrek boterea ematen dio, baina zentzuen eta emozioen mundu liluragarria ukatzen dio, besteak beste. Horregatik, berdintasunezko ereduen alde egitea aukera inteligentea da gizonontzat guretzat ere onuragarria delako.
6. Michael Kaufman-ek dioenez, “emakumeen aurkako indarkeria gizonen arazoa da baina emakumeek pairatzen dute”. Zer iruditzen zaizu hori? Egia balitz, zer eginkizun lukete gizonek indarkeria matxistaren aurkako borrokan?
Oinarrian ados nago ideiarekin. Ondorioz, nire ustez gizonok aktiboagoak izan behar gara indarkeria matxistaren aurka eta genero tradizional maskulinoari dagozkion balioak, rolak eta kultura dekonstruitzeko lanean parte hartu beharko genuke, demokraziaren aurkakoa baita hori guztia. Horrek gizarte mailako lana eskatzen du, gai horiek gizonen arteko elkarrizketetan sartzea, ispiluari begiratu eta barruan dugu alien matxista hori identifikatu eta suntsitzea eta abar.
7. Zer eginkizun izan beharko lukete gizonek berdintasun politiketan?
Esandakoak esanda, nire ustez, berdintasun politikak gizonei ere badagozkie eta, horrenbestez, gizonen koerantzukizuna egon behar da politika horiekiko.
8. Homofobia da maskulinotasun tradizional edo hegemonikoen zutabeetariko bat. Bere aurka egiteko, sarritan ikastetxeen beharra azpimarratzen da sentsibilizazio programak gauzatzeko. Erreferentziazko beste eremu batzuetan, berriz, esate baterako kirolean, homofobia jaun eta jabe da. Mezu kontrajarriak bidaltzen jarraitzen da? Zein litzateke homofobiaren aurpegi ezkutua?
Homofobiaren aurpegi ezkutua da matxismoak iraun egiten duela. Maskulinotasunaren identitate tradizionala kontrabalio hauek definitu dute hein handi batean (horrela deitzen diet izaera perbertsoa eta antidemokratikoa dutelako): beste gizaki batzuekiko indarkeria legitimatzea, hain zuzen ere, norberaren interesak, jarrerak eta helburuak defendatzeko indarra erabiltzea, sexismoa, matxismoa eta homofobia. Gizon heterosexual askok oraindik kontrabalio horiekin jarraitzen duenez, oraindik ere indarkeria dago emakumeen aurka eta erasoak daude homosexualen edo bisexualen aurka. Homofobiaren aurkako politika publikoak integralak izan behar dira eta pertsonek balioak jasotzen dituzten, harremanak izaten dituzten eta gizarteratzen diren alor guztietan eragin behar dute.
9. Etorkizunari dagokionez, baikorra ala ezkorra?
Baikorra, baina moderazio handiz. Oraindik ere asko dago egiteko eta nahiz eta asko aurreratu dugun, ez atzera ez aurrera geratu garenaren zantzuak ere badaude. Lanean jarraitu behar da, ilusioz, argudioekin, etengabe eta eraginkortasunez harik eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa, benetakoa eta eraginkorra lortu arte.
|