Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskararen Agenda Estrategikoa

Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 2ko bileran onartu zuen Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024, legegintzaldi honetako hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehazten dituen dokumentua.

Agendak bat egiten du XII. legealdirako Gobernu Programarekin; izan ere, Gobernu Programan euskararekiko ezarritako konpromisoak eta ekimenak jasotzen ditu oinarrian. Hona hemen 3 konpromiso nagusiak:

  • Euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabileran eragitea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan.
  • Hizkuntza eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza bizikidetza baterantz aurrera egitea.
  • Erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen lurralde guztiekin.

Konpromiso horiek lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak 4 helburu estrategiko onartu ditu Agendaren bidez.

  1. Herritarren euskararen ezagutza handitzen jarraitzea.
    • Helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea.
  2. Herritarren euskararen erabilera handitzen jarraitzea.
    • Euskararen transmisioa bermatzea.
    • Aisialdian eta kirolean euskararen erabilera handitzea.
    • Ingurune digitalean euskararen erabilera handitzea.
    • Hedabideetan euskararen erabilera handitzea.
    • EAEko sektore publikoan euskararen erabilera handitzea.
    • Eremu sozioekonomiko publikoan zein pribatuan euskararen erabilera handitzea.
  3. Herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea.
    • Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.
  4. Euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea.
    • Hizkuntza politika garatzeko adostasunak lantzea.
    • Erakundeen arteko lankidetza indartzea.

Agendak, halaber, euskararen zeharkakotasuna bermatzen du, administrazioan zein gizartean, hainbat erakunde, gizarte eragile eta adituren arteko elkarlanean gauzatuko baita.