Egoitza elektronikoa

Esperientziak: Media Sector

Media sector, Komunikazio Estudioa

Hasiera

1. Zerk bultzatu zintuen zure enpresa sortzera?

Bi pertsonak partekatzen genuen proiektu batetik sortu zen ideia. Madrilen landu genuen ideia, 2010ean, nik neuk eta nire lagun Daniel Varak. Biok amets bat genuen: publizitatean eta komunikazioan lan egitea, baina Internet eta multimedia edukia ardatz hartuta. Eta horrela sortu zen Media Sector marka. Berehala erregistratu genuen aipatu marka, egunen batean ideia martxan jartzea erabakitzen bagenuen denborarik ez galtzeko. Garai hartan, ikasle ginen oraindik eta nik komunikazio-proiektuetan lan egiten nuen Enkarterrietan. 2012an, Kazetaritzako ikasketak egiten ari nintzela, Mamen Palacín ezagutu nuen lanean, eta kontratua amaitu zitzaigunean, Danirekin hitz egin nuen eta beste pertsona batekin konta genezakeela esan nion. Une hartan, Balmasedatik lanari serio ekin behar geniola erabaki genuen. Horrela hasi ginen lanean eta gaur egunera arte iritsi gara.

Indizera joan

2. Zure ingurunearen laguntzarik izan zenuen?

Bai. Gogoan dut nire aitak beti esaten zidala hobe zela nire ahaleginak nire estudio propioa aurrera ateratzera eta ni neu nire nagusi izatera bideratzea. Nire ideiekin eta neureganatutako ezaguerekin, lanean gogotsu hasi eta bezeroak bilatu behar nituela. Eta aitak bezala, gauza bera esaten zidan jende gehiagok ere: arriskatzeko adinean nengoela eta, batez ere, ikasteko adinean nengoela.

Indizera joan

3. Zein izan ziren zure lehenengo zalantzak maila pertsonalean zein profesionalean?

Zalantza fiskalak, burokratikoak¿ Egin beharreko izapide guztiak. Baina, zinez, ez nuen arazo handirik eduki. Balmasedako lagun batek aholkatuta, ekintzaileei laguntzeko zentro batera joan nintzen, DEMAra, hain zuzen ere, eta asko lagundu zidaten bertan. Hala ere, ez da inoiz ahaztu behar: pazientzia handia eduki behar da eta jende askorekin hitz egin behar da.

Indizera joan

Enpresa

4. Zure bezeroen zein beharrizan betetzen duzu?

Telefono mugikorrekin eta tabletekin bateragarriak diren web-orriak diseinatzen ditugu, sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram) eduki propioak landu eta kudeatzen ditugu, diseinu grafikoa egiten dugu eta gure bezeroentzako publizitate-kanpainak diseinatzen ditugu.

Indizera joan

5. Beharrezkoa da norberak aukeratzen duen sektorean lan-esperientziarik izatea negozio bat abiarazteko orduan?

Ez, ez da beharrezkoa, baina oso lagungarria da. Estrategia ugari ikasten dituzu eta, batez ere, denboren kostua baloratzen ikasten duzu.

Indizera joan

6.Eta berariazko prestakuntzarik behar da? Uste duzu etengabeko prestakuntza beharrezkoa dela edozein enpresatarako?

Bai, noski. Eta ez dagokizun espezialitatean bakarrik. Edonolako prestakuntza da beharrezkoa. Oso garrantzitsua da egunean egotea, gero eta gogorragoa baita lehia. Nik asko irakurtzen dut, web-inguruneei dagokienez egiten diren berrikuntza guztiei buruzko informazioa bilatzen dut etengabe, baita lengoaia berriei buruzkoa ere, eta, batez ere, diseinuaren munduko joera berriei buruz ikasten saiatzen naiz. Gainera, ikasitako guztia proiektu pertsonaletan gauzatzen saiatzen naiz, nire bezeroei eskaini aurretik.

Indizera joan

7. Uste duzu zure negozioan berrikuntza eta sormena beharrezkoak direla?

Zer esango dizut ba! Nire lana sormen-lana da funtsean. Are gehiago esan dezaket: nire lana gainerako enpresei sormena ematean datza. Sortzaile izatea, egunean egotea eta gauza berriak egitea, hori da besteek zu kontuan hartzeko eta gainontzekoen artetik nabarmentzeko modu bakarra. Egiten denarengatiko ilusioa eta eguneroko lanean berrikuntza lortzea, helburu bereizezinak dira.

Indizera joan

8. Zure ustez, zein da zeure buruaren nagusia izateko abantaila nagusia?

Ikasten ari nintzela hasi nintzen freelance gisa lanean. Eta nire nagusi izateak dituen abantaila garrantzitsuenen artean, nire ordutegiak nik antola ditzakedala azpimarratuko nuke.

Indizera joan

9. Zein izan dira ekiteko orduan izan dituzun oztopo nagusiak?

Une batzuetan ernegatu egiten nintzen egin beharreko izapideekin. Lanean hasteko egin beharreko izapideak erraztu edo bakundu beharko liratekeela uste dut. Autonomoen kuotak ere oztopo handia dira hasieran, bezeroekin izandako harremanen emaitza biltzen hasten zaren arte.

Indizera joan

Ondorioak

10. Uste duzu krisialdiak onak direla negozioak abiarazteko?

Ez dira garai onak gure sektorearentzat. Enpresen mende gaude, enpresek kontratatzen baitituzte gure zerbitzuak, eta, egoera ekonomikoa dela-eta, enpresa gehienak geldirik daude. Baina alde onari begiratu behar zaio: diru gutxiago dago eta gastuak hobeto banatzen ikasteko balio dezake gaur egungo egoerak, baita inbertsioei buruzko erabakiak zuhurtziaz hartzeko ere. Azken finean, inurrien antzera lan egiteko garaiak dira: pixkanaka-pixkanaka eta erritmoa galdu gabe.

Indizera joan

11. Zer da arrakasta zuretzat?

Nire kontura lagun-talde bat edukitzea, baina gehien atsegin dudan horretan lan egiteko gogoa galdu gabe, hain zuzen ere, sortzen, ikasten eta gauza berriak egiten jarraitzeko gogoa galdu gabe. Nahiz eta gero eta gehiagotan pentsatzen dudan benetako arrakasta egunetik egunera lanean jarraitzea eta proiektu txikiak aurrera ateratzen eta handitzen direla ikustea dela.

Indizera joan

12. Zein aholku emango zenieke ekitea pentsatzen ari diren pertsonei?

Pazientzia edukitzeko izapideak egiteko eta gogorik ez galtzeko. Behin negozioa martxan jarri eta gero, egunero lan egin dezatela. Oso garrantzitsua da irmotasuna lehen urteetan. ilusio handia eduki ohi duzu hasierako urteetan eta gauzak aurrera ateratzea lortzen duzu, positiboan pentsatzen duzulako beti. Ideia ona da bezero-zorro txiki bat edukitzea lanean hasi aurretik, eta kontaktuak egitea eta horiek baliatzea, lehen egunetik lanari ekiteko. Bestalde, aholkulari onak edukitzea gomendatzen diet. Ziur aski inguruko jende askok eduki zituen zalantzak eta horiek argitzen asmatu zuten. Orain beren esperientzia partekatzeko eskatuko nieke.

Indizera joan

13. Porrot egingo bazenu, berriro ekingo zenuke?

Egoera ekonomikoaren mende egongo litzateke. Media Sector ez da autonomoa naizenetik abian jarri dudan nire lehen proiektua. Batzuk ez ziren aurrera atera, baina honako honek arrakasta lortu zuen eta hazten ari da, gainera. Gogoa eduki behar da eta unean uneko helburuen mende dago aurrera egitea. Jende askok ideia bati ekiteko arrazoia lanik ez edukitzea da. Dena den, nik gusturago egiten dut lan nire proiektuetan beste enpresa baten proiektuetan baino, eta ezinbestean ideia berri bati ekingo niokeela uste dut.

Indizera joan