- Nerea Melgosak zuzentzen duen sailak ia 358 milioi euroko aurrekontua izango du, pertsonei arreta ematea helburutzat hartuta
- Haurren, nerabeen, familien eta gazteen arloek hamar eurotik sei baino gehiago hartzen dituzte
- Pertsonak espreski jomuga dituzten kontu-sailak 237 milioi eurora iristen dira
Vitoria-Gasteiz, 2024/11/06
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak 357.989.080 euroko aurrekontua izango du 2025ean, Nerea Melgosa sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur egin duen agerraldian aurkeztu duenez. Euskadiko pertsonen beharrei erantzutera bideratutako aurrekontua da, haien ongizatea lortzeko eta erronka demografikoari erantzuteko.
Zehazki, Melgosa sailburuak azaldu duenez, hiru dira “gure Sailaren jarduna gidatzen duten funtsezko ideiak.”
Lehenik eta behin, eta trantsizio soziodemografikoari aurre egiteko, familientzako laguntzek leku garrantzitsua dute aurrekontuan. “Ahalegin ekonomiko esanguratsua adierazten dute, eta inbertsio sozial produktibotzat hartzen ditugu”, esan du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.
Bigarren ideia gazteei laguntzea da, “euren erabakietan eta bizitza betea bizitzeko gogoan, emantzipazio-politikekin eta bestelakoekin”.
Azkenik, Melgosak zuzentzen duen sailaren ustez, “bizitzan zeharreko zainketak herri-erronka bat dira, eta ikuspegi proaktibo, prediktibo eta prebentiboarekin erantzuten diegu, bizi-kalitatean eta ongizate pertsonal eta kolektiboan maila gorenera iristera bideratuta”.
Zuzeneko inbertsioa
Haurren, nerabeen eta familien alde (159.524.723 euro) eta gazteen alde (64.501.120 euro) egindako apustua, biak batuta, 224.025.843 eurokoa da, hau da, hamar eurotik sei baino gehiago (sailaren aurrekontu osoaren % 62,6). Bestalde, xede-kolektibo guztientzako zaintzak 177 milioi euro hartzen ditu. Gainera, 50 milioi euro gorde dira Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeentzat, lankidetza publiko-sozialaren esparruan.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak, energia- eta elikadura-laguntzak eta zainketetarako laguntzak gehituz gero, zuzenean pertsonentzat diren kontu-sailak 237 milioi eurora iristen dira, Nerea Melgosak berak azaldu duenez.
Berez, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokara 60 milioi euro baino gehiago bideratzen dira, barne direla GLLak (41.500.000 euro), pobrezia energetikoa arintzeko 2 milioi baino gehiago, bonu termikorako ia 12,5 milioiak, oinarrizko laguntza materialaren programarako ia 4 milioiak eta Euskadiko Elikagaien Bankuen Federaziorako 125.000 euroak.
Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak 64,5 milioi euroko kontu-saila izango du, eta horietatik 53 milioi Emantzipa programara bideratuko dira. Bestalde, Haurren, Nerabeen eta Familien Zuzendaritzak 159,5 milioi izango ditu, eta horietatik 150 familientzako laguntzetan banatzeko dira.
Asko dira aurrekontu honetan nabarmentzen diren proiektu eta zerbitzuak: BetiON Telelaguntza Aurreratuko Euskal Zerbitzua (15 milioi); Familia Bitartekaritzako Zerbitzua (840.000 €); Zeuk Esan haurrei eta nerabeei laguntzeko telefonoa (344.700 €); indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa (SATEVI), biktima diren emakumeentzako dirulaguntzak, edo indarkeria matxistaren umezurtzentzako laguntzak (4,4 milioi €); Sartu taldearen zerbitzu integrala, gizarte eta hezkuntzako tailerren sarea eta garapen komunitarioa (465.850 euro); Euskadi Lagunkoia programa (257.800 euro); Aukerak Suspertzen programa (1,1 milioi); Trapezistak programa (5 milioi €); Harreragune (800.000 euro); Berdindu, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazio- eta arreta-zerbitzu publikoa (523.285 euro); edo Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren zerbitzua (547.525 euro), beste askoren artean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)