Mahai ingurua egingo da asteazken honetan emakumeen jarduera politikoaz eta jasandako errepresioaz Gerra Zibilaren garaian

Argitalpen-data: 

Programa

Datorren asteazkenean, Maiatzaren 30ean, mahai-ingurua egingo da Gasteizen “Emakumeen jarduera politikoa eta errepresioa Gerra Zibilean” izenburupean, emakumeen egunerokotasuna, errepresioa eta jarduera politikoa aztertzeko. Hizlariak Amaia Kowasch, “Sareak ehotzen” liburuaren egilea, Maria Losada, EHUko ikerlaria, eta Josu Txueka dira, irakasle titularra EHUko Historia Garaikideko Departamentuan. Mahai-ingurua maiatzaren 30ean izango da, 19:00an, Dendarabako Vital Fundazioaren aretoan.

“Álava sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza. 1936-1947”

Emakumeak eta Gerra Zibila ardatz hartuta hil honetan Gasteizen egingo den bigarren mahai ingurua da hau, “Álava sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza. 1936-1947” erakusketaren harira, Eusko Jaurlaritzako Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatuta, beste hainbat erakunderekin lankidetzan. Lehenengo mahai-ingurua maiatzaren 15ean egin zen, Álava Sarea hizketa-gai hartuta, Begoña Bilbao Bilbao, Gurutze Ezkurdia Arteaga eta Karmele Perez Urraza EHUko irakasleak eta sare honetako protagonisten ikerlariak hizlari zirela.

Ekimen honen bitartez, emakumeek egoera beldurgarri hartan bizi izan zutena ezagutzera eman nahi da eta, batez ere, emakumeek gerran jokatu zuten paperaren balioa azpimarratu, ez bakarrik biktima bezala, baizik eta elementu aktibo bezala.