Osasun Saila

Hondartzak eta bainurako lekuak irekitzeko osasun-irizpideak

Hondartzak eta bainurako lekuak, aisiarako eremuak izanik, jende askok bisitatzen ditu uda-garaian. Aurtengo udako ekitaldi eta ospakizunak bertan behera geratu direnez, hondartzetan, segur aski, jende gehiago elkartuko da uda-garaian aisialdirako. Hori horrela izanik, arduraz erabili behar dira eremu horiek, eta SARS CoV-2 birusaren transmisioa gutxituko duten prebentzio-neurriak ezarri behar dira.

Horrela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak gida bat prestatu du hondartzen kudeaketan inplikatuta dauden erakunde eta agenteei SARS CoV-2 birusaren transmisio-arriskua gutxitzeko kontingentzia-planak prestatzen laguntzeko.

Gogoratu behar da hondartza, erreka, laku eta igerilekuetan SARS-CoV-2 kutsatzeko bide nagusia eztularekin eta doministikuekin sortzen diren arnas-jariakinak eta pertsonen arteko kontaktua direla. Aisialdiko jardueretan, bainurako baldintza estandarrak dituen urarekin kontaktua izateagatik SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioa ez dirudi oso gertagarria denik.

Gidan, besteak beste, azpimarratzen da herritarren eginkizun aktiboa eta arduratsua funtsezkoa dela hondartzak behar bezala erabil daitezen, eta nabarmentzen du hartu beharreko prebentzio-neurriei buruzko sentsibilizazioa eta komunikazioa areagotu behar direla. Gidan hamar gomendio edo aholku nagusi ematen dira, besteak beste, distantzia soziala mantentzea, hondartzan denbora gutxiagoan egotea ahalik eta pertsona gehienek erabili ahal izan dezaten, adingabeak zaintzea, informazioa izatea, hondartzan egoteko ezartzen diren baldintza berriak kontuan izatea eta salbamendu- eta sorospen-zerbitzuen gomendioei jaramon egitea.

Bestalde, agirian distantzia soziala errespetatzera bideratutako neurri kolektiboak deskribatzen dira, hondartzetako zerbitzuak eta ekipamenduak, hala nola, komunak, aldagelak, dutxak eta hankak garbitzeko iturriak, hamakak…., erabiltzeko baldintzak eta gomendioak zehazten dira, eta garbiketa- eta desinfekzio-neurriei buruzko azalpenak ematen dira.

2020ko denboraldian, aurrekoetan bezala, Osasun Sailak bainurako lekuen osasuna zaintzeko programa gauzatuko du, eta, besteak beste, uraren kalitatearen analisiak eta kontrolak egingo ditu, araudian ezarritako parametroei eta maiztasunei jarraituz, hondartza-inguruaren egoera higieniko-sanitarioa zainduko du eta emaitzen berri herritarrei emango die.

Azken aldaketako data: