Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Argitalpen-data: 2015/06/03

Pasaiako badia biziberritzea

Pasaiako badia

Eusko Jaurlaritzak Pasaiako badia Biziberritzeari eta badiaren garapen sozial eta ekonomikoari buruz egindako txostenak lankidetzan oinarritutako hainbat jarduera jasotzen ditu.

  • Erakunde arteko lankidetza sustatzen du, inguru horretan urgentziaz jarduteko

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak txosten bat aurkeztu du «Pasaiako Badia Biziberritzea:  Testuinguru Sozioekonomikoa,
Ekintzen Mapa, Ondorioak eta Gomendioak» gaiari buruz. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren aburuz, txostenak «balio erantsi handia dakar berekin: batetik, gure ekimena eguneratzen baitu; eta, bestetik, erakunde artean elkarlanean Pasaiako badia biziberritzen aurrera egiteko katalizatzailea baita, ingurune hori ongizate eremu bihur dadin, eta, aldi berean, modu orekatuan, baita hiriko portu lehiakor eta jasangarri izan ere.» 

Eusko Jaurlaritzaren ekimenaz, txostena Ikei Research & Consultancy enpresak egin du. Txostenean, Pasaiako badiaren kokapen sozioekonomikoa aurkezten da; erakunde eta eragileei –hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalei, Pasaiako Portu Agintaritzari, Oarsoaldeko Eskualde Agentziari, Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari eta La Herrera Herrira elkarteari–egindako elkarrizketetan identifikatutako 32 jarduera-proposamen zehatz jaso dira mapa batean. 

Oregi sailburuak txostenaren ondorio eta gomendioak nabarmendu ditu, «mezuen argitasuna eta irmotasuna dela-eta»; halaber, borondatea agertu du «badiaren birsortzean irmoki eta eraginkorki aurrera egiteko printzipio funtsezko eta beharrezkoak –elkartasuna eta erakundeen eta gizartearen konpromisoa, adibidez– indartu eta finkatu ditzaten txostenean jasotako ondorio eta gomendioek». 

Ana Oregiren ustez, «funtsezkoa da erakunde-arteko lankidetza sendotzea Pasaiako badiari zuzenean eragiten dioten plan bereziak hartzean: adibidez, Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean aurreikusitako ordenamendu integratuko plan berezian edota Pasaiako portuaren zerbitzugunea ordenatzeko plan berezian». 

Txosteneko ondorioetan baieztatzen denez, bai erakundeak bai gizartea ados daude Pasaiako badia birsortzeari ekiteko eta herritarren artean sinesgarritasuna berreskuratzeko premiari dagokionez; beharrezkoa da ingurune horretan urgentziaz jardutea; bai eta, orobat, eskualdearen etorkizuneko bokazioa zehaztuko duen gogoeta estrategiko bat ere. «Horrek guztiorrek tarteko erakunde guztien arteko ulermen eraikitzailea eskatzen du» ondorioztatu du Oregi sailburuak. 

Bestalde, gomendio hauek ematen ditu txostenak: epe motzean gauzatu daitezkeen jarduerei heltzea; Donostiako eremu funtzionaleko Lurralde Plana erabiltzea inguruetako lurraldea antolatzeko tresna gisa; Oarsoalderako Plan Estrategiko bat sustatzea, badia birsortzeko helburuan lagunduko duena; berariaz aztertzea Pasaiako badiako errealitate ekonomikoa eta enpleguaren errealitatea; eta berriz ezartzea La Herrerari buruzko adostasun instituzionaleko agertoki bat. 

Eusko Jaurlaritzaren txostena «Pasaiako badia birsortzea sustatzeko» helburuan kokatzen da: X. legegintzaldiko gobernuaren 2012-2016 aldirako programan jasotako helburua da, hain zuzen. Orobat, «Pasaiako badia birsortzeko behar diren lanak modu eraginkorrean eta hitzartuan antolatzeko, erakundeen eta organismo publiko zein pribatuen artean hitzarmen- eta koordinazio-esparru bat ezartzeko lan egiteko» ekimenean ere.

Pasaiako Badia Biziberritzea: Testuinguru Sozioekonomikoa, Ekintzen Mapa, Ondorioak eta Gomendioak (PDF, 4 MB)