Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Natura 2000: Ohiko galderak

Kontua Europatik dator?

Bai, Europako Batasunak zuzentarauak ezartzen ditu eta kide diren estatuen esku uzten du erabakiak hartzeko eta irizpideak ezartzeko eskubidea. Ez da ahaztu behar hau guztia denoi eragiten digun arazo oso larri bati irtenbidea bilatzeko egiten dela.

Euskadik, EBko kide bezala, arazoari aurre egiteko bere hondar alea emango du.

Europako Batzordeak aldean behin eguneratzen ditu Natura 2000 zerrenda, leku berriak edota izendatutako lekuei buruzko aldaketak jasotzeko. Aldeka horiek Autonomia Erkidegoek eta estatu kideek proposatzen dituzte.

Natura 2000ak guneak ere babesten al ditu ala espeziek bakarrik?

Natura 2000ren helburua izendatutako guneen segurtasun ekologikoa bermatzea da. Espezieak babesteko, bertan bizitzen jarraitzea ahalbidetzen duten ingurumen baldintzak mantendu edo berritu behar dira. Buru-hausgarri batean ez dira garrantzitsuak piezak bakarrik, pieza horiek beren lekuan egon daitezela eta ondoko piezekin bat etor daitezela baizik; ekosistema batean pieza guztiak, espezie guztiak, dira garrantzitsuak, baina baita euren arteko harremanak eta bizi diren ingurunearekiko duten erlazioaere. Askotan ezezagunak ditugun erlazio horiek dira, hain zuzen, ingurumen baldintza egokiak sortzen dituztenak; bada, baldintza horietan izaten dute ekosistemek ahalmena, gure ongizate eta bizi kalitaterako ezinbestekoak ditugun ingurumen zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.. ak. Espezieak babestea, beraz, oinarrizko helburu bat lortzeko bidea besterik ez da, ekosistemen osasuna eta segurtasuna mantentzeko bidea.

Natura 2000 barruan zer betebehar hartzen dira?

Toki bat Natura 2000ko izendatzean, konpromisoa hartzen dugu izendapen hori ahalbidetu duten bertako habitat naturalen eta basa-landare eta animalia espezieen babesa epe luzera bermatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren neurri aktiboak hartuko ditugu eta inongo proiektu edo ekintzak hondatu ez ditzan lan egingo dugu.

Europar Komisioa ere aldian-aldian informatu beharra dago, berme hori lortzeko egiten ari garena eta lortzen ari garen emaitzak azalduz. Horretarako, jarraipen-programa bat jarri behar martxan, sareko toki bakoitzean habitatek eta espeziek duten egoera eta joera uneoro ezagutzeko.

Natura 2000 barruan giza ekintzak debekatu nahi al dira?

Natura 2000 Sareak ez du basa-bizitzarentzat santutegirik sortu nahi, onartzen baitu gizakia naturaren zati garrantzitsua dela. Eta zenbait habitat naturaletako basa-landareak eta animaliak pertsonen ekintzek ahalbidetzen dituzten ingurumen-baldintzei esker bizi dira.

Adibidez, larre batzuk beste inon aurkitu ezin diren espezieak dituzte. Basa-animalia askok ere ez lukete elikagairik topatuko, abeltzaintzari esker mantentzen diren larreak existituko ez balira. Baina zenbait lekutan abeltzaintza desagertzen ari da, abeltzaintza intentsiboarekin alderatuta ez delako lehiakorra. Kasu horietan, pertsonen ekintza ez da mugatuko eta gainera, diru-laguntza publikoetan lehentasuna izango du etorkizunean jarrai dezan.

Pertsonen ekintzek biodibertsitatean eragin positiborik ekartzen ez badute ere, nahikoa izango da eragin negatiborik sortzen ez duela frogatzea, horiekin aurrera jarraitzeko.

Natura 2000tik kanpo habitat edo espezieei eragiten dien edozein gauza egin al daiteke, nahiz eta horiek Habitaten Zuzentarauaren barnean egon?

Zuzentarauak dio ezin dela Natura 2000ren segurtasuna hondatuko duen ezer egin, ezta kaltea eragiten duen ekintza gunetik kanpo baldin badago ere. Esaterako, ezin dugu erreka baten emaria aldatu edo ekintza kutsatzaile bat baimendu, errekan behera eta Natura 2000 Sarean dagoen zatiren bati kalteak eragiten badizkio. Modu berean, ezin dugu sistema natural baten drainatzea aldatu eta ur kantitate jakin bat Natura 2000n sartuta dagoen hezegune batera desbideratu, horrekin habitatak eta bertako espezieak kaltetzen baditugu.

Natura 2000tik kanpo, habitat naturalen eta basa-espezieen gaineko eraginak saihestu behar dira, ahal den heinean beti kalte gutxiago eragingo luketen aukerak aztertuz, eta besterik ezean, egindako kaltea konpentsatuko duten neurriak hartuz. Horrela bakarrik mantendu eta hobetuko dugu Euskadiko ekosistemen egoera orokorra.

Espezie batzuen bizitza-ziklorako garrantzitsuak diren tokiak zaintzeko ere agintzen du Zuzentarauak, horiek Natura 2000ren barne edo kanpo egonda ere, batez ere bizitzeko lurralde eremu zabalak behar dituzten espezieen kasuan. Horregatik, espezie horiek hazi, elikatu eta leku batetik bestera joateko erabiltzen dituzten guneak errespetatu behar dira, nahiz eta Natura 2000tik kanpo egon.

Baimendu al daitezke proiektu edo ekintza berriak Natura 2000n?

Ezerk ere ez du galarazten ekintza edo proiektu berri bat baimentzea, hura ebaluatu eta sarean sartzea ahalbidetu zuten balioek arriskurik ez dutela frogatu ondoren.

Bestela, eta konponbiderik ezean, ekintza modu ezohikoan eramango litzateke aurrera, betiere lehen mailako interes publikoa duela ikusten bada. Kasu horretan konpentsaziozko neurriak hartu beharko lirateke kontuan eta Europako Batzordeari ditzera eman. Dena dela, leku batek lehentasunezko habitatak edo espezieak baldin baditu, osasun, segurtasun publiko edo ingurumenarekin loturiko lehen mailako interes publikoko ekintzak bakarrik baimenduko dira. Gainera, kasu horretan, aurretik Europako Batzordeari kontsulta egin beharko zaio.

Ebaluazio prozedurak herrialde bakoitzak hartuko ditu bere gain, baina betiere erabakiak hartzeko garaian gardentasuna bermatu beharko da, eta  interesdun guztien, proiektuak zuzenean eragiten dienen edo Natura 2000 behar bezala garatu dadin kezkatuta dauden talde sozialen parte hartzea.

Zein laguntza eskura ditzakete Natura 2000n bizi eta lan egiten dutenek?

LIFE (leiho berri batean irekitzen da) funtsak Europa mailan interesa duten habitat naturalak eta espezieak zaindu eta berreskuratzeko proiektuetara bideratuta daude.

Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzan lan egiten dutenek Landa Garapen Jasangarrirako proiektuetarako dauden laguntza ezberdinak jaso ditzakete. Laguntzak daude nekazaritzako elikagaientzat, natura mugaketak dituzten zonaldetan egoteagatik, ustiapenetako inbertsioetarako, produktuak merkaturatzeko edo nekazaritza eta basoko jardueren dibertsifikaziorako.... Herrialde askok aprobetxatu dituzte zuzeneko laguntzen Baterako Nekazaritza Politikak eskaintzen dituen aukerak biodibertsitatearentzat onuragarriak diren konpromiso zehatzak hartzen dituzten ekoizleen alde gogor egiteko. Horregatik, desagertzeko arriskuan dauden bertako ganadu arrazak mantentzeko laguntzak ezarri dira, larreetako mugetan heskaiak eratzeko, bertako basoak landatu eta hobetzeko edo sega-belardiak eta basa-landarez beteriko belardi erdi naturalak mantendu eta berreskuratzeko, besteak beste.

Natura 2000 Sarearen barnean dauden itsasertzeko uretan arrantzatzen duten arrantzaleek FEMP (leiho berri batean irekitzen da) europar funtsaren laguntzak jaso ditzakete arrantza eredu jasangarriak ezartzeko eta itsas biodibertsitatearekin bateragarriak diren beste jarduera ekonomikoak martxan jartzeko .

Europar Batasuneko hainbat herrialderen arteko lankidetza-programek ere  garapen jasangarrirako eta kontserbaziorako proiektuak finantza ditzakete baterako ingurumen legeria, eta nola ez, Natura 2000 Sarea, aurrera eramaten lagunduko dutenak.

Azken aldaketako data: