EKONOMIAZ 106: Finantza jasangarriak

Aurrez aurre ditugun ingurumen- eta gizarte-arloko erronkek agerian uzten dute premia-premiazkoa dela hazkunde ekonomikoa jasangarria izatea. Hori lortzeko, ezinbestekoa da inbertsio arduratsu eta jasangarriak babestu eta sustatuko dituen finantza-sistema bat izatea. Ekonomiaz aldizkariaren edizio honetan, zazpi artikuluk finantza jasangarrien inguruko hainbat alderdiri heltzen diote, arlo horren ikuspegi globala izan dezagun. Gainera, Beste kolaborazio batzuk atalean hiru artikulu jaso ditugu. Lehenengoan, mugaz gaindiko klusterrak aztertzen dira; bigarrenean, EAEko ardogintzaren ezaugarriak zehazten dira; eta, hirugarrenean, EAEko ekosistema ekintzailearen adierazle sintetiko bat proposatzen da.

Zer dira finantza jasangarriak? Nolako bilakaera izan du kontzeptu horrek?

Elisa Sainz de Murietaren eta Ibon Galarragaren «Finanzas sostenibles y el nuevo objetivo colectivo cuantificado» artikuluak aztertzen du nola garatu diren finantza jasangarriak klima-aldaketaren, gizarte-desberdintasunaren eta ingurumen-degradazioaren erronka globalei erantzuteko; arreta berezia jartzen du eremu horren bilakaera kontzeptualean eta finantzaketa klimatikoarekin duen loturan.

Egileek diotenez, finantza jasangarrien esparruan, klimaren finantzena da maila globalean elkarrekin adostuta kuantifikatutako helburuak ezarri dituen arlo bakarra, eta, beraz, eremu horretan bakarrik aurreikus daiteke epe labur eta ertainean bilakaera gardenagoa eta argiagoa. Ildo horretan, haien iritziz, COP29 goi-bileran ezarritako Helburu Kolektibo Kuantifikatu Berriak (NCQG) —2035erako gutxienez 300.000 milioi dolar mobilizatu nahi dituena— aurrerapen esanguratsua ekarriko du beharrezkoak baliabideen mobilizazioan, baina oraindik ez da nahikoa adituek eta nazioarteko erakundeek hautemandako beharrei erantzuteko.

Zer-nolako zeregina dute taxonomiek finantza jasangarrietan eta zenbateraino daude garatuta EBn eta Latinoamerikan?

«Taxonomías para finanzas sostenibles. Un enfoque comparado Europa-Latinoamérica» artikuluan, Dayana Vega, Itziar Patiño eta Kepa Solaun egileek alderatzen dute nola sortu eta ezarri diren taxonomiak Europar Batasunean, Kolonbian, Mexikon, Panaman eta Dominikar Errepublikan; haien bilakaera, gobernantza-egiturak, ingurumen-helburuak eta jarduera ekonomikoak izan dituzte hizpide, bereziki.

Egileek ondorioztatzen dutenez, taxonomiek baliabideak mobilizatzea sustatu badute ere, oraindik ere erronka batzuei egin behar diete aurre, hala nola datu fidagarririk ezari eta metodologia argiak eta gobernantza eraginkorra falta izateari. Azpimarratzen dute beharrezkoa dela gaitasunak indartzea, prozesuetan enpresa txiki eta ertainak sartzea eta taxonomiak ekonomia jasangarrietaranzko trantsizioan eraginkorrak izateko pizgarriak garatzea.

Zertan laguntzen dute banku zentralek Parisko Akordioa betetzeko bidean?

«Contribución de los bancos centrales a la consecución de los objetivos del Acuerdo de París» artikuluan, Clara Gonzálezek banan-banan aztertzen du zein diren banku zentralak klima-alderdiak txertatzen ari diren eremu nagusiak, eta arreta berezia jartzen die Network of Central Banks and Supervisors for Greening the Financial System (NGFS) taldearen, Europako Banku Zentralaren eta Espainiako Bankuaren azken aurrerapenei.

Banku zentralek tresna batzuk garatu dituzte, hala nola agertoki klimatikoak eta gomendioak, moneta-politikan eta finantza-ikuskapenean jasangarritasun-faktoreak txertatzeko. Egileak ondorioztatzen du banku zentralek, funtsezko katalizatzaileak izanik, aurrerapausoak eman dituztela arrisku klimatikoen integrazioan, hain zuzen ere finantza-egonkortasunean, inbertsioan eta diru-politikan. Hala eta guztiz ere, erronka askori egin behar diote aurre, besteak beste datu sendorik ez izatearekin, estandar harmonizatuen beharrarekin eta arrisku fisikoen eta trantsizio-arriskuen inpaktuetan sakontzearekin lotutakoei.

Gehiago jakin nahi duzu klima-aldaketaren galerak eta-kalteak kontzeptuari buruz?

Sascha Goonesekera, Gontzal Ruiz eta Patxi Greño, «Pérdidas y daños asociados al cambio climático y el rol de Euskadi» artikuluaren egileek, galerak eta-kalteak kontzeptua (PyD) aztertzen dute, eta zehazki azaltzen dute nola bilakatu den nazioarteko agendetako funtsezko gai.

Egileek adierazten dute dauden askotariko kontzeptualizazioek fenomenoaren konplexutasuna islatzen dutela; izan ere, kontzeptualizazio horiek egokitzapena eta arintzea, arriskuen kudeaketa, egokitzapenaren mugak eta ikusmolde existentzialak hartzen dituzte barne. Haien iritzian, ezinbestekoa da kontzeptu horren definizioari lotutako anbiguotasunak ebaztea eta esparru bateratu bat garatzea, erresilientzia klimatiko iraunkor eta jasangarria lortuko bada. Euskadiri dagokionez, zera nabarmendu dute: nazioartean duen lekua indartu daiteke, justizia klimatikoa sustatu daiteke eta ekarpen handia egin daiteke klima-aldaketaren aurkako ekintza globalean, baldin eta finantzaketa bidezko eta ekitatibo bat gauzatzen bada, nazioarteko sareetan parte-hartze aktiboa izaten badu eta berrikuntzak txertatzen baditu klima-aldaketaren arriskua kudeatzean.

Jakin nahi al duzu zer finantzaketa behar den eta nola mobilizatu daitezkeen funtsak biodibertsitate-helburuak lortzeko?

Anil Markandyaren «Mobilising Finance for Global Biodiversity Targets» artikuluak biodibertsitatearen joerak eta biodibertsitatearen galera bultzatzen duten faktoreak berrikusten ditu, eta, halaber, aztertzen du nola mobilizatu daitezkeen Kunming-Montrealgo Biodibertsitatearen Esparru Globalak (GBF) ezarritako helburuak lortzen laguntzeko funtsak.

Esparru horrek helburu batzuk ezarri ditu 2030erako; kapital naturalaren kontabilitatean oinarritzen da, ekosistemak eta funtsezko zerbitzuak neurtu eta monitorizatzeko. Urtean 200 mila milioi dolar mobilizatu behar dira; gaur egun, ordea, baliabide gutxi bideratzen dira. Horregatik, jasangarritasun globalerako funtsezko bi elementu lehenetsi dira: batetik, tresna berritzaile batzuen aldeko hautua egin da, hala nola biodibertsitate-kredituak eta bonu jasangarriak; bestetik, erabaki ekonomikoetan naturaren balioa integratzen duten politikak txartatzen ari dira.

Entitate batzuek finantza-harreman jasangarriagoak eratzen dituzte beste batzuek baino? Eroskiren kasua

Leire San Josek eta José Luis Retolazak, «Finanzas sostenibles: Factores clave en la financiación bancaria de Eroski» artikuluan, kooperatiba baten testuinguruan aztertzen dituzte gizarte-finantzak; zehazki, Eroskiren kasua dute aztergai. Artikuluak zehazten du zein funtsezko faktore dituzten bereizgarri finantza-entitate sozialek: besteak beste, tokiko ingurunearekiko konpromisoa, gobernantza-eredu inklusiboa eta krisi-testuinguruetara egokitzeko gaitasun handiagoa, betiere enpresa-proiektua bazter utzi gabe.

Egileek ondorioztatzen dute finantza-entitate guztiek ez diotela modu berean laguntzen jasangarritasunari; izan ere, entitate bakoitzaren forma juridikoa eta finantza-egoera funtsezkoak dira finantza-jasangarritasun sendoa bermatzeko.

Nola lagun dezakete erabakitzaile publikoek finantzaketa berdearen arrakala murrizten?

Jorge Fernándezek, «Innovative Sustainable Finance Schemes: The Role of Public-Private Partnerships» artikuluan, aztertzen du zenbateko garrantzia duten finantzaketa-eskema berritzaile eta kolaboratiboek jasangarritasuneranzko trantsizioa zailtzen duen finantzaketa berdearen arrakala ixteko.

Artikuluan azpimarratzen da beharrezkoak direla arau-esparru egonkor bat, pizgarri ekonomiko egokiak eta gobernantza berritzailea ezartzea eragile berriek parte hartu dezaten sustatzeko, hala nola fundazio filantropikoek, inbertitzaile pribatuek eta tokiko eragileek. Egileak ondorio gisa ateratzen du gobernuek eta erakunde publikoek era aktiboan eragin dezaketela finantzatzen zailak diren jasangarritasun-proiektu eta -jarduera berritzaileen finantzaketa errazteko bidean, baldintza egokiak sortuz lankidetza publiko-pribatuko modu berritzaileak sustatzen dituen finantzaketa berdearen merkatuan.

Mugaz gaindiko lankidetza bat nola bihur daiteke espezializazio adimenduneko estrategiak sustatzen dituen mugaz gaindiko kluster?

Henar Alcalde, Usue Lorenz eta Mercedes Oleaga egileek, «Cross-border Collaboration: Enabling Cross-border Clusters to Support Innovation» artikuluan, ikertzen dute zer ezaugarrik ahalbidetzen duten mugaz gaindiko lankidetza-ekimenak espezializazio adimenduneko estrategiak babesten dituzten mugaz gaindiko kluster bihurtzea.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa mugaz gaindiko eremuaren proiektu batean oinarrituta dago azterketa. Artikugileek adierazten dutenez, mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuek sei konpetentzia garrantzitsu garatu behar dituzte mugaz gaindiko klusterren prestakuntzan laguntzeko. Hona hemen: moldagarritasuna, lurralde-konexioa, sarea kudeatzeko taldearen profila, erraztea, irekiera eta azelerazioa.

Euskadiko ardo-upategien zer ezaugarrik errazten dute haien esportazio-jarduera?

Marta Fernándezen eta Wenbo Hu-ren artikulu batek, «Caracterización de las bodegas en la industria del vino: Una aplicación al País Vasco» izenekoak, aukera ematen digu gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko ardoaren industrian dauden upategien baliabideak eta gaitasunak ezagutzeko eta gaian sakontzeko.

Horretarako, enpresak hainbat kategoriatan sailkatu dituzte, ezaugarrien arabera (baliabideak, ekoizpen-praktikak eta lehia-estrategiak), jakiteko zeinek duten merkataritza-arrakasta handia eta esportazio-gaitasun handia. Egileen iritziz, proposatutako profilen sailkapena lagungarria izan daiteke mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari aplikatu beharreko Nekazaritza Politika Erkidearen neurriak ebaluatzeko erreferentzia publikoko gida bat diseinatzeko.

Nola jakin daiteke nola dagoen ekintzailetza-ekosistema Euskadin?

Mikel Aberasturik eta Oscar Valdivielsok idatzi duten «Diseño, construcción y validación de un indicador sintético de emprendimiento» artikuluaren helburu nagusia da ekosistema ekintzaile baten errealitatea eta bilakaera bere konplexutasun osoan neurtzeko eta sozializatzeko gai den adierazle sintetiko bat diseinatu, eraiki eta baliozkotzea.

Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoa aztertu, eta Ekintzailetzaren Euskal Ekosistemaren adierazle sintetikoa osatu dute. Egileen esanetan, adierazle hori tresna egokia da gizarte-hedapenerako eta -komunikaziorako eta, era berean, politika publikoak eta ekosistema ekintzailea ebaluatzeko.