Ibone Bengoetxea Otaolea lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

Ibone Bengoetxea Otaolea sailburua

Sail gisa euskal gizarteari balioa ematea dagokigun hiru eremu nagusiak, kultura, euskara eta jarduera fisikoa eta kirola dira, gizartea eraldatzeko tresna indartsuak benetan.

Kulturak eta gure hizkuntzak forma ematen diete gure pentsamenduei, baita mundua ulertzeko moduari ere. Horrek ematen digu nortasun berezia. Era berean, kirolarekin eta jarduera fisikoarekin batera, pertsonak elkartzeko eta zerbait handiagoaren parte sentiarazteko gaitasuna ere badute.

Ongizate emozionala sortzeko gaitasunaz haratago, ongizate ekonomikoaren sortzaile ere badira sormen-, kirol- eta hizkuntza-industrien bidez, balio-kate guztietan.

Horregatik, artisten kolektiboari tresnak emateko lan egingo dugu, sortzen jarraitu ahal izan dezaten; sormen-lan horrek ibilbide bat izan dezan eta mundu gero eta global eta digitalago honetan zabaldu ahal izan dadin; eta ez dut etsiko etorkizuneko belaunaldiei gure herriko kultura-ondarea transmititzeko ahaleginean, denboran iraun dezan.

Euskara ondare unibertsala ere bada. Hizkuntzaren arloan dugun erronka nagusia erabilera soziala handitzea da.  Ez da Jaurlaritzatik, geuk bakarrik, egin dezakegun zerbait, eta, horregatik, taldean lan egingo dut hainbat eragilerekin, helburu hau errealitate izan dadin eta ofizialtasunean urratsak ematen jarrai dezagun, baita Europan ere.  

Izatez baikorra naiz, eta benetan sinesten dut emozio positiboen eraldatzeko gaitasunean. Horregatik, talde gisa, dedikazio, lan, espazio eta denbora asko eskainiko dizuegu zuei entzuteko. Gure sailean elkarrizketarako eta akordioak bilatzeko jarrera aurkituko duzue.