Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoa (PETIC)

Argitalpen-data: 

«Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategiko» berriak lehen urratsak emanberri ditu. Plan horrek euskal sektore publikoak 2021-2024 aldirako IKTen arloan jarraitu beharreko gidalerroak ezarriko ditu.

Asmo handiko plana da, parte hartzen duten alderdiek kontuan izanda, euskal sektore publiko osoa hartzen baitu (sailak eta erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak...), eta baita haren irismenagatik ere (bere barne aztertuko dituelako, besteak beste, IKTen antolamendu-egituraren azterketa, egungo IKT zerbitzuen katalogoa, IKT prozesuen mapa, proiektuak kudeatzeko eta garatzeko metodologiak, azpiegiturak eta komunikazioak...). Artikuluan zehar, nola sortu zen eta zer testuingurutan sortu zen errepasatuko dugu, bai eta harekin lotura zuzena duten beste alderdi batzuk ere, hala nola, 36/2020 Dekretu berria edo CETIC batzordea.

AURREKARIAK

Jarraian, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak IKTen arloan emandako gidalerroak zehaztu dituzten planetako batzuk errepasatuko ditugu:

2000-2003 ITP (Informatika eta Telekomunikazio Plana): ildo estrategikoen arabera, teknologia berriak funtsezko tresna bihurtu nahi ziren Administrazioarekiko harremanetan, eta, horretarako, barne-kudeaketa, azpiegitura teknologikoak, administrazio elektronikoa eta antolamendua hobetu nahi ziren.

2002-2005 EIGP (Euskadi Informazioaren Gizartean Plana): helburua zen euskal gizartea aro digital berrira egokitzea, aldaketa kulturala bultzatuz eta teknologia berriak pertsona guztien zerbitzura jarriz, bizi-kalitate eta oreka sozial handiagoa lortzeko.

2003-2005 ITP (Informatika eta Telekomunikazio Plana): Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Internet bidez eskaintzen zituen zerbitzuak hobetzera eta zabaltzera bideratu zen, zerbitzuen atariko interakzioak homogeneizatuz, kanal anitzeko sarbidea eskainiz eta teletramitaziorako estrategia komun bat ezarriz.

2004-2006 AGEPE (Administrazio eta Gobernu Elektronikoen Plan Estrategikoa): plan horri esker, Interneteko presentzia-eredu global bat eduki ahal izan zen www.euskadi.net webgunean, eta on-line zerbitzuak eskaintzeko oinarri arauemaile eta teknologiko osoa garatu ziren.

2006-2009 ITP (Informatika eta Telekomunikazio Plana): Administrazio Elektronikorako azpiegitura teknologikoa finkatzea eta hobetzea zuen helburu, Jaurlaritzako sailek zerbitzuak herritarrei eta enpresei telematikoki eskaintzea ahalbidetuz eta beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasuna sustatuz.

2010-2013 BPP (Berrikuntza Publikoaren Plana): zerbitzuen digitalizazioa, elkarreragingarritasuna eta indarreko araudiaren egokitzapena sustatzea zuen helburu.

2014-2016 BPP (Berrikuntza Publikoaren Plana): helburua euskal administrazio elektronikoa erabat garatzea zen.

2016ko Konbergentzia Plana: Gobernu Kontseiluaren 2016ko ekainaren 21eko Erabakia, «Konbergentzia arloko Jarduketa Plan Orokorra» onartzen duena.

2020 GBPPE (Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa): helburuen artean, administrazio elektronikoa ezartzea eta hedatzea zegoen, eta baita zerbitzu elektronikoen eskaintza osatzea eta herritarren artean haren erabilera sustatzea ere.

2014an, Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteetarako Euskal Sektore Publikoaren Azpiegituren eta Komunikazioen Gobernantza Eredua diseinatzeko aukera planteatu zuen. Landutako dokumentuak eredu konbergente baterantz eboluzionatzeko beharra zehazten zuen, non IT funtzio guztiak organismo beraren pean zentralizatuta egongo ziren.

Lehen urrats horren ondoren, bateratze-prozesu bat hasi zen, eta azken urteotan prozesu hori gauzatzen joan da, hainbat arlotan zenbait jarduketa eginez.

Ekimen horiei esker, sinergiak sortu dira hainbat zerbitzu emateko orduan, eta eraginkortasun ekonomikoa hobetu da. Hauek izan dira landu diren lau arlo nagusiak: DPZko azpiegiturak, Komunikazioak, Lanpostuak eta Zerbitzu korporatibo bateratuak (AKLZ).

Dekretu berriak (36/2020) PETIC 2021-2024 planaren oinarriak jarri ditu

Berrikiago, 36/2020 Dekretua ere argitaratu da. Dekretu horren bidez, IKTen arloko politika komun eta bateratzailea sustatu nahi da, koherentea eta Eusko Jaurlaritzaren estrategia eta helburu orokorrekin bat datorrena, eta, horretarako, antolaketa-mekanismo koordinatuak, eraginkorrak eta iraunkorrak ezarri dira, euskal sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiei laguntzeko.

Dekretu berri honetan plangintza estrategikoari buruzko xedapen guztiak jasotzen dira, eta Euskadiko sektore publiko osorako IKT Plan Estrategikoaren bidez (PETIC, labur-labur) zehaztuko dira. Gainera, IKT kudeaketa-ereduaren egitura organikoa eta funtzionala arautzen da, eta ereduaren funtzionamendurako oinarrizko elementu gisa eratzen da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietarako Batzorde Estrategiko berria (CETIC). Dekretu horretan IKT ondasun eta zerbitzuak kudeatzeko araubidea ere arautzen da, eta bertan IKT ondasun, azpiegitura teknologiko eta zerbitzuen kudeaketari buruzko alderdiak jasotzen dira.

Era berean, eredu berri honetan IKTen gobernantzan inplikatutako eragileak hauek dira:

  • CETIC (jarraitu beharreko IKT estrategia sortzen duen agintaritza nagusia izango da)
  • DTIC/IKT Zuzendaritza (CETICen erabakiak eta beharrak sustatuko ditu)
  • EJIE (IKT zerbitzuen hornitzailea izango da)
  • Euskadiko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritzako sailak)
  • Euskadiko Administrazio Instituzionala (organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak) eta
  • Euskal sektore publikoko gainerako sozietate publiko, fundazio eta partzuergoak

Azken batean, 36/2020 Dekretuak informazioaren eta komunikazioaren teknologien kudeaketa eraginkorra, jasangarria, koordinatua eta Euskadiren beharrekin koherentea izatea lortu nahi du, beti ere gardentasuna, lankidetza eta gastuaren arrazionalizazioa sustatuz, jarduera publiko orotan nagusi izan behar duten printzipioak errespetatuz.


Bestalde, Dekretuak errespetatu egiten ditu euskal sektore publikoko erakundeen (zehazki, Osakidetzaren, Herrizaingo Sailaren eta Justizia Administrazioaren) informazio- eta telekomunikazio-sistemen berezitasunak.
Testuinguru horretan, 2021-2024 aldirako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoa (PETIC ere deitua) egiteko beharra sortzen da.

Plan hori egiteko, DTIC/IKTZk espediente berri bat abiarazi du berriki: «Laguntza teknikoa eta aholkularitza Eusko Jaurlaritzaren Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoa egiteko».

Enpresa esleipendunak zeregin hauek egin beharko ditu:

  • Bateratze-plan orokorra ebaluatzea eta egoerari eta helburuen betetze-mailari buruzko txostena egitea, planaren dimentsio guztiak kontuan hartuta: lerrokatze estrategikoa, IKTen antolamendu-egitura, IKT zerbitzuen katalogoa, IKT prozesuen mapa, proiektuen kudeaketa- eta garapen-metodologiak, Sistemen/Aplikazio eta Azpiegitura/Komunikazioen mapa
  • Estatuko eta nazioarteko beste plan digital batzuen kanpoko analisi konparatiboa (jardunbide onenak) egitea, bai eta sortzen ari diren teknologia berriena eta horien inpaktuarena ere.
  • Egungo egoeraren diagnostikoa egitea AMIA metodologiaren bidez, epe laburreko ekimenak identifikatu eta lehenesteko, eta horiek betetzeko mugarriak ezartzea
  • PETIC 2021-2024 egitea, euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeek IKTen funtzioa definitzeko dituzten beharrak identifikatuz eta aztertuz, beti ere efizientzia hobetzeari dagokionez, eta horretarako IKTen konbergentzia-prozesuko (BATERA) AKLZ eredua kontuan hartuta.
  • Adierazleen aginte-taula bat egitea, PETIC 2021-2024 planaren etorkizuneko ezarpenaren onurak kontrolatu, monitorizatu, jarraipena egin eta baloratu ahal izateko.
  • Ezarpen-plana diseinatzea, honako hauek identifikatuz: faseak, lan-ildoak, jarduera kritikoak, baldintzatzaileak edo loturak, egutegia, eskatutako baliabideak eta inpaktuaren ebaluazioa.
  • Aldaketaren komunikazio- eta kudeaketa-plan bat definitzea, eredu berria ezartzea erraztuko duena, eta, horretarako, komunikazio- eta hedapen-estrategiak, prestakuntza, lidergoa eta motibazioa garatu behar dira.

Aurkeztutako eskaintzak aztertu ondoren, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak (DTIC/IKTZ) Deloitte Consulting S.L.U. enpresari esleitu dio berriki PETIC 2021-2024 egiteko laguntza teknikoa eta aholkularitza-zerbitzua.

PLANA EGITEA

Proiektu honen xedea da Konbergentzia Plan Orokorrean definitutako jardun-arloak aztertzea, estandarrak eta azpiegitura-eremuak berrikustea eta definitzea, eta IKTen kudeaketari lotutako erantzukizuna duten eragile guztiek bete beharreko rola zehaztea. Era berean, EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeen etorkizuneko beharrak identifikatu eta aztertu beharko dira, eta, horrela, behar bezala konfiguratu beharko da BATERA Zerbitzuen Katalogoa, sektore publiko horretako erakundeek EJIEri eska diezazkioketen zerbitzu guztiekin.

Enpresa esleipendunak, kasu honetan Deloitte, gehienez ere 4 hilabeteko epean egin beharko ditu adierazitako lanak.

Era berean, organo bat sortuko da proiektuaren aurrerapenak kontrolatzeko, zuzentzeko, jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko.

Euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeen informazioa eta etorkizuneko beharrak biltzeko metodologiak erabiliko ditu online galdetegiak, elkarrizketak eta lan-tailerrak.

Etorkizuneko IKT eredua definitzerakoan, eta PETIC egiteko beharrezkoa den informazio guztia biltzeko, hainbat lantalde sortzea aurreikusi da, gai hauekin lotuta:

1. IKTen antolamendu-egitura, eta komunikazioa eta aldaketaren kudeaketa

2. IKT zerbitzuen katalogoa

3. IKT prozesuen mapa

4. Proiektuak kudeatzeko eta garatzeko metodologiak, eta sistemen eta aplikazioen mapa

5. Azpiegiturak eta komunikazioak

6. Segurtasuna eta arriskuak

Plan berriaren irismena dela eta, garrantzitsua da euskal sektore publikoko IKTen arloko arduradun guztiek edo haiekin zerikusia duten pertsona guztiek parte hartzea. Azkenean sortuko diren lantaldeak dinamizatzeko, aldaketa kudeatzeko plan bat garatzea ere aurreikusi da, IKTen arloarekin zerikusia duten pertsona guztiek euskal sektore publikoan parte hartzea errazteko.
Guztion onerako, zuen parte-hartzea eta lankidetza espero dugu.

PETICek euskal sektore publikoak 2021-2024 aldirako IKTen arloan jarraitu beharreko gidalerroak ezarriko ditu.