14. Euskararen Agenda Estrategikoa.

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Agendaren helburua da definitzea hizkuntza politikaren esparruan legealdi honetan Eusko Jaurlaritzak egin beharreko jarduketa.

Horretarako, aurreko urteetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatu dituen ildo espezifikoak uztartu egingo dira Jaurlaritzaren beraren hainbat esparru sektorialetan euskararen erabilera sustatzeko egiten diren plan eta programekin, 2012-2016 gobernu programan hizkuntza politikari aitortzen zaion zeharkakotasuna bermatzeko eta euskara sustatzeko ekimen guztien ikuspegi orokorra eta integratua lortzeko.

Horrela, Agenda Estrategikoaren bitartez lortu nahi den beste helburu bat zera da: aurrera begira lehentasunak ezartzea, bai hizkuntza politika orokorrean lantzen ari garen ildoetan, bai eta jarduketa sektorialetan euskara sustatzeko lantzen ari garenetan ere.

Aurrekariak

2013-2016 Euskararen Agenda Estrategikoa lantzeko garaian, abiaburutzat hartuko dira, besteak beste, honako dokumentuok:

 “Euskara 21. Itun berritu baterantz”. Euskararen Aholku Batzordea, 2009.

  • “Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)”. Eusko Jaurlaritza, 2012.
  • “2012-2016ko Gobernu Programa”. X. Legegintzaldia. Eusko Jaurlaritza.
  • “Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren lan-ildoak, 2012-2016”

“Euskara 21. Itun berritu baterantz” dokumentua izango da Euskararen Agenda Estrategikoaren marko nagusia ezarriko duena. Berau da azken urteotan hizkuntza politikari dagokionez egin den gogoeta eta bateratze saio garrantzitsuena.

Garrantzi hori azpimarratzeko, bestalde, badugu gertuko beste aurrekari bat: Lehendakariak Euskararen Aholku Batzordearen aurrean, 2013ko ekainean, egindako mintzaldia, non besteak beste hauxe esan zuen: “Izan ere, Euskara 21 eztabaida prozesutik sorturiko oinarriak, printzipioak, lehentasun eta lan ildo nagusiak dira gaurko Gobernuaren iparrorratza, hizkuntza politikari dagokionez”.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, berriz, Euskararen Aholku Batzordearen proposamenez Eusko Jaurlaritzak 2012an onartua da, eta “Euskara 21” dokumentuaren ildo, proposamen eta lehentasunen aplikazio programatikoa osatzeko saioa da. 1998an onartu zen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren berrikuspena eta eguneratzea da ESEP, eta hainbat ekintza zehatz proposatzen ditu hiru helburu nagusiren alde: euskararen ikaskuntza edo jabetzea, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Gobernu programak, berriz, hizkuntza politikari zeharkakotasuna aitortzen dio eta gobernu-jardunaren ardatzetako bat bihurtzen du, hizkuntzen bizikidetza gizarte bizikidetzaren zati banaezintzat hartuz: “Hizkuntza politika gobernuaren ekintzaren zeharkako ardatz gisa ezartzeko beharrezkoak diren arauzko tresnak eta sailen arteko lanabesak garatzea” (Programaren 2.3 atala: Konpromisoak euskararen eta hizkuntza bizikidetzarekin; 9.  xedea).

“Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren lan-ildoak, 2012-2016” dokumentuak, berriz, aipatutako gobernu programan jasotako helburuak eta finkaturiko ekimenak ditu abiapuntuan, eta helburu horietarantz bidea egiteko garatuko diren ekintzak jasotzen ditu.

Saila

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Esku hartzen duten sailak

Euskararen Agenda Estrategikoaren kudeaketaz funtsean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila arduratuko da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, berak baititu esleituta hizkuntza politikaren arloko eskumenak.

Nolanahi ere, beste hainbat sail eta organok ere eginkizun garrantzitsua beteko dute, batez ere plangintza sektorial propioa duten Osakidetzak, Ertzaintzak eta Justizia Administrazioak. Halaber, gainerako sailek -guztiek- ere eginbehar batzuk izango dituzte,  batik bat Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Sustatzeko V. Plangintza indarrean jartzen denetik aurrera.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sail guztiekin izan beharreko koordinazioa sailetako euskara atalen bitartez gauzatuko du hein handi batean.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Abiapuntu diren dokumentuak (Euskara 21, ESEP, erabilera planak) dagozkien eragile eta ordezkari askotarikoen elkarlanaz eta adostasunez landu direnez gero, ez dugu aurreikusten Euskararen Agenda Estrategikoaren ikuspegi integratua lortzeko kanpoko partaidetza zabal baten beharra.

Lehenetsi nahi da dokumentua eta ikuspegi integrala osatzeko lanketa eraginkorra bermatzea, eta plana sei hilabeteko epean elaboratu ahal izatea.

 

Eraginak

Araudian eragina

Agenda Estrategikoaren lanketan bultzatu, onartu edo aintzat hartuko dira, besteak beste:

  • “Euskararen Adierazle Sistema” izenekoa, euskararen egoeraren isla uneoro eskura izateko osatu nahi den neurketa sistema, Euskararen Aholku Batzordearen proposamenez eta sailburuaren aginduz edo Gobernu Kontseiluaren erabakiz onartzekoa.
  • Eusko Jaurlaritzaren eta beraren erakunde autonomiadunen Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plangintza, Gobernu Kontseiluaren erabakiz onartzekoa.
  • Osakidetzaren Euskararen Erabilera Sustatzeko II. Plangintza, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak onartzekoa.
  • Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Sustatzeko II. Plangintza, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzak onartzekoa.
  • ESEPen diagnostikoan sakontzea eta adierazle propioak eratzea (Euskararen Aholku Batzordea).
  • Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretuaren esparruan, orain arteko ibilbidearen ebaluazioa eta, beharko balitz, egokitzapena, Gobernu Kontseiluak onartzekoa.
  • Eusko Jaurlaritzaren kontrataziorako hizkuntza irizpideetan, orain arteko ibilbidearen ebaluazioa eta, beharko balitz, egokitzapena, Gobernu Kontseiluak onartzekoa.
  • HABE - Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruko araudia eguneratzea (179/2003 Dekretua, egiaztatze-sistemari buruzko Agindua, Curriculumari buruzko Agindua, Euskaltegiek bete beharreko baldintzei buruzko 2005eko uztailaren 27ko Ebazpen orokorra…), Gobernu Kontseiluaren erabakiz, sailburuaren aginduz eta zuzendari nagusiaren ebazpenez onartzekoa.
Antolamenduan eragina

Euskararen Agenda Estrategikoaren lanketa, funtsean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendaritza taldeak hartuko du bere gain. Egituraren aldetik, berriz, ez dugu aurreikusten aldakuntzarik.

 Antolakuntzaren aldetik, helburu nagusia izango da harreman funtzional sendo bat lortzea, Agenda Estrategikora jasoko diren plangintza-arlo desberdinetako arduradunen aldetik koordinazio egokia izateko.

Aurrekontu eta finantzetan eragina

Eginkizun hau betetzeko, giza baliabide propioak baliatzeko asmoa dugu, baina kanpo-aholkularitza bat kontratatzea aurreikusten da.

Agendan jasoko diren ekintzen finantzaketa, kasuan-kasuan dagokion organoaren aurrekontu arruntaren bitartez estaltzea aurreikusten da.

Beste jardueretan eragina

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz gainera, Agendan jasoko diren ekimen batzuen kudeatzaile izango dira arloko eskumena duten organoak edo sailak: erabilera plan propioak dituzten Osasun Saila (Osakidetza), Segurtasun Saila (Ertzaintza) eta Herri Administrazio eta Justizia Saila, eta, Jaurlaritzaren erabilera plan orokorrean inplikaturik daudenez, gobernuko gainerako sail eta organoak.

Erakunde harremanetan eragina

Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Sustatzeko V. Plangintzarako irizpide nagusiak erakunde guztiekin partekatu eta adostu nahi ditu Sailak, eta horretarako prozesua abian du. Hori batez ere HAKOBA (Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea) organoaren bitartez landu nahi da (Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA). Halaber, Euskararen Aholku Batzordean adostu nahi dira.

Euskararen Adierazle Sistema EAEko hiru foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin eratu nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Arlo bakoitzeko ekimenetan, berriz, dagokien eragileekin harreman estua izatea aurreikusten dugu, helburuaren arabera. Hala, helduen euskalduntzearen arloko araudia berrikusi eta berritzeko prozesuan, bereziki EUDELekin eta ekimen sozialeko euskaltegien ordezkariekin batera lan egingo dugu.

Plana gauzatzeko aurreikusitako epea

2013 - 2017
ELABORAZIO FASEAK

Lortutako faseak

FaseHasiera dataAmaiera dataEgoera
1 fasea: Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea.2013/04/012013/04/01Amaituta
2 fasea: Lankidetza: Koordinazio Zuzendaritza edo Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza2013/04/012013/09/01Amaituta
3 fasea: Plana prestatzea.2013/09/012014/05/22Amaituta
4 fasea: Planei buruzko txostenak egitea.2014/05/232014/06/13Amaituta
5 fasea: Gobernu Kontseiluak plana onartzea2014/06/132014/07/15Amaituta
EBALUAZIOA

Ebaluatzeko moduak

Euskararen Agenda dokumentu estrategiko gisa 2014an burutzen hastea aurreikusten dugu eta jarraipen etengabea izango du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritza taldearen eskutik, zeina gutxienik sei hilean behin bilduko den berariaz Agendaren jarraipena egiteko. Halaber, 2016an amaierako ebaluazio orokorra egingo da.

 Ebaluazio orokorra arloz arloko ebaluazioen bitartez egingo da, kasu bakoitzean arloko arduradunen partaidetzarekin.

Ebaluazioa egiteko adierazle sistema bat landuko da Agendan, egoki den neurrian bat etorriko dena Euskararen Aholku Batzordeak definituko duen Euskararen Adierazle Sistema Orokorrarekin.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data: 2015/09/29

Ebaluazioaren laburpena

Kudeaketa Jarraipena- Ekaina 2015

Ebaluazio data: 2016/09/29

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2017/06/30
Azken aldaketa::2015/11/05