Azken eguneratzea: 2012/02/09
EAEk antizikloi euro-siberiarraren eraginpean jarraituko du, baina prezipitazioak ez dira nabarituko
Euskalmetek tenperatura oso baxuak iragarri ditu astebururako
Euskalmetek, Euskal Meteorologia Agentziak, EAEn asteburu honetan tenperatura oso baxuak izango direla iragarri du. EAEk antizikloi euro-siberiarraren eraginpean jarraituko du.
Euskalmeten arabera, hurrengo egunetan blokeo egoerak iraungo du Europan, eta Errusiako antizikloi indartsuak egoera meteorologikoa kontrolatzen jarraituko du, ia tokitik mugitu gabe. Azoreetako antizikloiak antizikloi euro-siberiarrarekin bat egingo du; ekialdeko eta ipar-ekialdeko fluxua eta, ondorioz, haize oso hotza sortuko du horrek. Aire hotzeko masa hori oso lehorra izango da.
Hartara, astebururako, tenperatura oso baxuak egongo dira, nola maximoak hala minimoak. Maximoak 0 ºC-tik beherakoak izango dira barnealdean eta 2-3 ºC ingurukoak kostaldean, eta minimoak baliteke –5 ºC-tik behera ibiltzea barnealdean, eta kostaldean –3 ºC-koak izango dira ekialdean (Gipuzkoa) eta –1 ºC-koak mendebaldean (Bizkaia).
Euskalmetek dioenez, ez dago ia prezipitaziorik egongo aurreikuspenik; beraz, elurra ez da albistea izango. Mendebaldeko muturrean euri langar oso ahula izan liteke, baina ez du garrantzirik hartuko, nahiz eta itsas mailaren inguruan elurra jausi litekeen.
DATORREN ASTEA
Datorren asteari begira, Euskalmetek ez du baztertu itsas aire polarreko masa bat sartzea. Horren ezaugarriak, dena dela, ez lirateke asteburukoarenak bezalakoak izango.
Litekeena da masa hori horren hotza ez izatea, baina, azkenik sortzekotan, askoz hezeagoa izango litzateke, eta, ondorioz, elurte ugariagoak sortuko lituzke, elur kota nahiko baxuan. Hala ere, 300-400 m inguruan kokatuko litzateke hori, ez itsas mailan.
Nolanahi ere, egoera horiek hurrengo eguneraketetan berretsiko dira, astelehenetik aurrera ezegonkortasuna handiagoa izango baita.
Azken finean, hotza izango da protagonista hurrengo egunetan, baina berezitasun batzuekin: hotz handiagoa asteburuan, izozteak oro har eta, seguru asko, prezipitazio gehiago datorren astearen hasiera aldera, baita elurte esanguratsuak, 300-400 m-tik gora.
Oharra: Egoeraren garapena eta iragarpen eta ohar desberdinen eguneraketa jarraitzea aholkatzen da (www.euskalmet.euskadi.net) eta Twitter @Euskalmet –en.