Etxebizitza Sailak 2021-23 Etxebizitzaren Gida Plana eta datozen hamabost urteotarako Etxebizitzaren aldeko Gizarte Ituna prestatzeko lanetan parte hartzeko prozesuari ekin dio

Argitalpen-data: 

  • Herritarrek eta sektore eragileek Eusko Jaurlaritzarekin parte hartzen jardungo dute Euskadin epe ertain eta luzera etxebizitza-politikak arautuko dituzten bi dokumentu nagusiak sortzeko
  • Iñaki Arriolaren Sailaren erantzunak honako kontu hauetan zentratuko dira: pandemiak etxebizitza batera jotzeko aukeran eta hura izateko aukeran duen eragina, alokairuko pisuak eskuragarri egoteko dauden gero eta premia handiagoak eta eraginkortasun energetikoan eta irisgarritasunean oinarrituta parkea birgaitzeko sustapena.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak herritarrekin parte hartzeko prozesu handiari ekin dio, Euskadin datozen urteotan etxebizitza-politika gidatuko duten bi dokumentuak prestatzeko: 2021-2023 Etxebizitzaren Gida Plana eta 2021-2036 Etxebizitzaren aldeko Gizarte Ituna. Iñaki Arriolaren Sailak Euskadik etxebizitzaren arloan aurrez aurre dituen erronken inguruan herritarrek, sektoreko adituek, gizarte- eta ekonomia-eragileek edo arreta berezia jasotzen duten kolektiboek –besteak beste, gazteak– zer ikuspegi duten jasoko du.

Apirilean eta maiatzean, Etxebizitza Sailburuordetza bilerak egiten ari da sektoreko eragileekin, operadoreekin eta adituekin, diagnostiko- eta testuinguru-oinarriak aztertu eta baliozkotzeko, bai eta garatuko diren estrategia-, helburu- eta ekintza-proposamenak ere; horiek 2021-2023 Etxebizitzaren Gida Plana sortzeko oinarri izango dira. Gida Planak datozen hiru urteotarako etxebizitza-arloan Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen filosofia, programak eta konpromisoak jasoko dituen tresna da. Planaren ildo nagusiak honako kontu hauei erantzun ematean zentratuko dira: pandemiak etxebizitza batera jotzeko aukeran eta hura izateko aukeran duen eragina, alokairuko etxebizitza eskuragarrien eskaintza sustatzea, parke publikoa eragikortasunez kudeatzea eta egungo parkearen birgaitzea sustatzea –eraginkortasun energetikoan eta irisgarritasunean enfasi berezia jartzea–. Azken ildo hori klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburu sendotuekin eta Next Generation Europako ezohiko funtsek dakartzaten aukera berrien aprobetxamenduarekin bat etorriz landuko da.

Sailak gizarte-errealitate berrietara egokitzen diren ereduak praktikan jarriz berritzearen aldeko apustua ere egiten du, etxebizitzaren azpisektorearen berreskurapena, erresilientzia eta eraldaketa ziurtatuz, gizarteari gizarte- eta ekonomia-balio handiagoa emateko.

Parte hartzeko prozesuak nazioarteko eremuko eta beste autonomia-erkidego batzuetako etxebizitzako esperientzia, plan eta politikei buruzko ezagutza sartzea ere badu helburu. Pedro Jauregui Etxebizitza sailburuordeak honako hau esan du: “erantzun integrala eman behar diegu pertsonen premiei, batik bat kalteberatasun-egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen premiei, eta, erantzuteko modua benetan eraginkorra izateko, bide hori  herritarrekin eta prozesu osoan parte hartzen duten eragileekin –eraikuntzako enpresak eta alokairuko etxebizitza publikoetan bizi diren pertsonak, besteak beste– adostu behar da.

Etxebizitza Sailak parte hartzeko beste formatu batzuk ere baditu, hala nola Etxebizitza Plataforma bera, sare sozialak eta aditu-taldeak, non, elkarrizketen, lan-saio birtualen edo inkesten bidez, zenbait arlo aztertzen baitira, besteak beste alokairua, birgaitzea, eraikuntzaren sektorea, berrikuntza eta baterako hausnarketa-prozesuetatik sortu diren proiektu pilotuak –cohousing-a, zerga-pizgarrien eredu berriak, ekonomia zirkularra, etab.–.

Adituen talde horiez gainera, herritarrak ere badaude; haiek, Etxebizitza plataformaren bidez (https://etxebizitza.blog.euskadi.eus), zuzenean parte hartu ahalko dute eta haien iritzia eman eta proposamenak egin. Era berean, aurrez aurreko dinamikak egingo dira kolektibo bereziekin, hala nola gazteekin, nagusiekin edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonekin. Aurreko Plan Gidaria 2020an amaitu zen, eta herritarren 3.000 ekarpen baino gehiago jaso zituen.

Gizarte Itun berria azken hamarkadako aldaketa sakonei erantzuteko

Etxebizitzaren Gida Planaren parte hartzeko prozesuarekin paraleloan, Sailak Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itun berria prestatzeko harremanekin hasi da.  Adostasun-dokumentu horrek norabide berean orientatzen du Euskadin etxebizitza-politika bai eremu publikorako bai pribaturako; 2010ean sinatu zuten lehen aldiz, 70 eragilek baino gehiagok. Bigarren akordio horrek eremu horretan azken hamarkadan gizartearen eta egoera ekonomikoaren aldetik (jabetzaren eskari nagusia alokairura aldatu zuen krisia izan zen) eta legeriaren aldetik (2015eko Etxebizitza Legea iritsi zen, zeinak etxebizitzarako eskubide subjektiboa ezartzen baitu eta haren gizarte-funtzioa nabarmentzen baitu) izan den aldaketa sakonari erantzuten dio.

Hura prestatzeko, Eusko Jaurlaritza 300 erakunde ingururekin batuko da, besteak beste erakunde, unibertsitate, utzarazpenen aurkako GKE eta elkarte, eraikuntzako enpresa, kluster edo finantza-erakundeen artean. Euskadi aitzindaria izan da etxebizitzaren arloan parte hartzeko prozesuak sustatzen; hori hala berretsi du, besteak beste, NBEk emandako Zerbitzu Publikoarentzako UNPSA Sariak, 2012an Etxebizitza Sailaren ekimena saritu baitzuen; orduan ere egungo sailburuak zuzentzen zuen saila.