Azken eguneratzea: 2001/10/19
Gizon-emakume guztion bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen aldeko adierazpen instituzionala. (2001eko urriaren 19an)
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi eta Udal erakundeetako arduradunek honako oinarri hauek plazaratzen ditugu, ordezkatzen dugun gehiengoaren borondatearen adierazgarri Guztiok onartutako oinarriak:

Lehenengoa:
Gizaki orori dagokio bizitzeko eskubidea, segurtasunez eta askatasunean bizitzekoa, eta erakundeoi dagokigu eskubide horiek oso-osorik betetzen direla bermatzea.

Bigarrena:
Gizon-emakumeon eskubideen errespetu eta aldarrikapen horiek behar dute izan herrien elkarbizitzarako eta antolaketarako oinarri. Ez da gizarte bidezkorik eraikiko edozein proiektu politiko aldarrikatzeko giza duintasuna urratu daitekeela onartzen duenik.

Hirugarrena:
Gatazka politikoei irtenbidea bilatzeko bide onargarri bakarrak elkarrizketa, elkarrenganako errespetua eta ideia guztiekiko tolerantzia dira, eta herrien borondatea osatzeko politikak eta demokraziak eskaintzen dituzten mekanismoak erabiliko dira.

Laugarrena:
Bakeak justiziaren eta demokraziaren fruitu behar du izan, eta ez jakineko proiektu bat gehiengoaren borondatearen kontra eta indarrez inposatu izanaren ondorio. Bakea ezin da proiektu politiko jakin baten menpe jarri, eta ezta ere indarkeria erabili proiektu politiko bidezko eta demokratikoen aldarrikapena eta gauzatzea oztopatu eta baldintzatzeko aitzakia bezala.

Ondorioz, honako konpromiso hauek jakinarazi nahi ditugu:

1) Bizitzeko eskubidearekiko konpromisoa, eta beraz, edozein indarkeria eta bortxakeria mota gaitzesteaz gain ETAri behin-betiko su-etena exijitzen diogu, elkarbizitzaren funtsezko zutabe den aldetik.

2) Hiritar guztien eta bakoitzaren segurtasun eta askatasuna bermatzeko zuzenbide estatuak eskaintzen dituen baliabideak erabili eta garatzeko konpromisoa, bakoitzak bere alorrean.

3) Edozein motako indarkeria, intolerantzia eta terrorismo jasan duten eta jasaten duten gizon-emakume guztiekiko konpromisoa, eurekiko elkartasun aktiboa adierazteaz gain, ikuspegi etiko, sozial eta materialetik ere aintzat hartuz.

4) Edozein indarkeria mota errotik atera eta euskal gizartearen baitan elkarbizitza eta normalkuntza politikorako baldintza egokiak sortu asmoz eragiten diren ekimen guztiak bultzatzeko elkarrizketarekiko konpromisoa.

5) Gizaki orori, gizarte, politika nahiz erlijio mailako ideiengatik bereizkeriarik egin gabe, dagozkion giza eskubide eta askatasunen aldarrikapen eta justiziarekiko konpromiso etengabea, baita espetxeratuen kasuan ere, delitu larriak leporatzen zaizkienak izan arren.

6) Alderdi politiko bat indarkeriaren presioagatik bere proiektua erakundeetan demokratikoki defendatzeko ordezkatuta egon ezinik gera ez dadin behar izan daitezen ekimen politiko, sozial nahiz segurtasun mailako guztiak burutzeko denon artean jarduteko konpromisoa.

Oinarri eta konpromiso horiek betzeko honako ekimen hauek bultzatzeko erabakia hartu dugu

1) Erakunde guztiek erantzun bateratua ematea terrorismoak eragindako atentatu eta hilketen aurrean. Beste batzuen artean, honako neurri hauetan gauzatuko da erantzun hori:

a) Euskal erakunde guztiek gaitzespen bateratua kaleratzea gizon-emakumeen bizitzaren eta askatasunaren aurkako edozein atentatu gertatzen den bakoitzean, eta indarkeriaren biktimen senitarteko eta lagunekiko elkartasuna bultzatzea euskal gizarte osoaren aldetik.

b) Ekintza horiek gaitzesteko antolatzen diren manifestazioetan parte hartzeko deialdi bateratua egitea, beti ere, kasuan kasuko familiaren eta udalaren borondatea kontuan izanik.

c) Terrorismoaren aurkako gizartearen sentsibilizazioa eta erantzuna biltzen dituen lema bateratu hau erabiltzea: Bakea eta Askatasuna, ETA ez

d) Gertatzen den hilketa bakoitza salatzeko eta dolua adierazteko 15 minutuko geldialdiak egitea Udaletxe, Foru Aldundi, Jaurlaritza eta gainontzeko erakundeetako egoitzen aurrean.

2) Toki publikoetan gizon-emakumeen askatasunaren eta segurtasunaren aurka jar daitezkeen mehatxu eta irainezko adierazgarri grafikoak kendu edo ezabatzea, eta erakundeen laguntza eskaintzea toki pribatuetan ere horrela egin dadin.

3) Gizaki orori dagozkion giza eskubideak defendatzeko bultzatzen diren gizarte ekimen guztiak burutzeko Udalen eta beste erakundeen eremu publikoak eskaintzea, eta toki horien erabilera ukatzea egin nahi diren manifestazioak aipatu eskubideen aurkakoak badira.

4) Giza eskubideen eta indarkeria-ezaren aldeko komunikazio eta gizarte sentsibilizaziorako kanpainia instituzionala garatzea erakunde guztien artean.

5) Gizon-emakume guztien askatasun eta eskubideen aurkako eraso edo kale borrokako ekintzei aurrea hartu eta saihesteko beharrezko segurtasun neurriak bultza ditzaten koordinazio eta komunikazio bideak indartzea .

6) Gizaki orori dagozkion giza eskubideen eta justiziaren babes arduratsuaz bakea, normalkuntza politikoa eta elkarbizitza lortzeko asmoarekin jaio daitezen ekimen guztietan era aktiboan parte hartzea.

7) Promover una campaña de adhesiones al manifiesto y a sus compromisos entre los municipios vascos, para garantizar su difusión y la participación social en el mismo.

 

Juan José Ibarretxe Markuartu
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria

Josu Bergara Etxebarria
Bizkaiko ahaldun nagusia

Román Sudupe Olaizola
Gipuzkoako ahaldun nagusia


Karmelo Sáinz de la Maza Arrola
EUDELeko elkarteburua