Azken eguneratzea: 2013/07/08

Lingolang, hizkuntzen aniztasuna umeen eskutik

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Lingolang webgunea jarri du martxan gure herrietako kale eta eskoletan euskaraz gain hitz egiten diren beste hizkuntzak ere jaso eta haietaz apur bat ikasteko.

Topaguneak berak gure artean bizikide diren hizkuntzak jaso eta babesa emateko sortutako Auzoko ekimenetik harago abiatuta, Lingolang webgunea sortu du euskara elkarteen federazioak. Gipuzkoako zazpi herritako umeei gonbidapena egin die beraien hizkuntzan hitz egin diezaguten eta haien hizkuntzatako oinarrizko hitzak ezagutzera emateko.

Webgunea euskaraz dago eta, hizkuntza bakoitzari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, oinarrizko hitz eta esamoldeak ezagutu eta entzuteko aukera ematen du. Euskarak, txinerak, urduak, kitxuak, hassanyak, guaranierak, amazigerak, errumanierak, italierak, punjaberak, ukranierak eta beste askok dute lekua bertan.

Ekimenak hiru helburu nagusi lortu nahi ditu: ikastetxeetan dagoen hizkuntza aniztasuna islatzea; hizkuntza horiek ezagutu eta hiztunei aitortza egitea; eta ikastetxeei eta gurasoei aniztasuna lantzeko baliabideak eskaintzea.