Azken eguneratzea: 2013/06/25
5000 hiztegia sarean
Bostak Bat taldearen Adorez Hiztegiak-5000 Hiztegia (euskara-gaztelania, gaztelania-euskara) dagoeneko Azkue Fundazioaren webgunean kontsulta daiteke
Hiztegi hau 2009an argitaratu zen paperean, eta ordutik hona erabat berritu da. Sarean jarri denak 62.306 sarrera ditu euskara-gaztelania atalean, eta 41.779 gaztelania-euskarazkoan. Aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen, eta Patxi Uribarren eta Juan Luis Goikoetxea Bostak Bat taldeko kideek eta hiztegiaren egileek lanaren nondik norakoak azaldu zituzten. Haiekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua izan dira. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza eman du argitalpen hori digitalizatzeko.

Aurkezpenean azaldu zutenez, aurreko bertsiotik hona, Euskaltzaindiak onartu dituen sarrera eta azpisarrera guztiak, 39.400 inguru, jaso eta tratatuta eskaintzen dira datu-base berrian. Bestalde, Interneten eskegi den bertsioak 32.557 sarrera dituen Sinonimoen Hiztegia ere eskaintzen du.
30 urte lanean
Bostak Bat taldeak 30 urte bete berri ditu eta aurretik beste hainbat lan egin izan dituzte: Sinonimoen Hiztegia (1983), Eskola Hiztegia. Irudiduna (1991), Diccionario 3000 Hiztegia (1996), Diccionario 3000 Hiztegia. Eguneratua eta osatua (2002), Motxilako hiztegia (2010) eta abar.
Burutu berri duten Adorez Hiztegiak-5000 Hiztegia-z gain, Bostak Bat taldeak baditu beste lan batzuk esku artean: laster, Sinonimoen hiztegia sarean jarriko dute; eta inprimategian beste batzuk daude argitaratzeko esperoan.