Azken eguneratzea: 2013/04/24

UEUren 41. udako ikastaroak

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udako ikastaroen eskaintza aurkeztu du. Aurtengoan ere 40 ikastaro eta jardunaldi baino gehiago izango dira uztailaren 1etik 24ra, Eibarren, Baionan eta Iruñean. Izen-ematea maiatzaren 13an irekiko da.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udako ikastaroen eskaintza aurkeztu du. Aurtengoan ere 40 ikastaro eta jardunaldi baino gehiago izango dira uztailaren 1etik 24ra, bere ohiko hiru egoitzetan: Eibarren, Baionan eta Iruñean. Izen-ematea maiatzaren 13an irekiko da.

Udako ikastaroen 41. edizio honetan, aurrekoetan bezala, eskaintza erraldoia da: Artea eta Musika sailaren barruan, Ahots teknikak eta Euskarazko musikaren transmisioa landuko dituzte, besteak beste; Giza Zientziak sailean Itzulpenaren teoriaz, Trantsizioaz, Euskal emakumeaz zein Euskal haur literaturaz jardungo dute; Gizarte Zientziak esparruan Euskara eta kirolaz, Transmediaz, Hezkuntza sistema alternatiboez eta Ekintza kulturalen ebaluazioaz zein Irakaskuntzarako antzerki-teknikaz; Ingeniaritza eta Teknologia alderdian Ondare industriala, Ikastaroak emateko software berriak eta beste; Osasun Zientzietan Emozioak eta norberaren gaitasunak lantzea eta Estresaren tentsiotik bizigarrira pasatzea izango dituzte berbagai, besteak beste; eta Zientziak esparruan Hondakinen tratamendua eta Lurzorua.

Horiez guztiez gain, hainbat jardunaldi izango dituzte Eibarren: uztailaren 4an, Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak; uztailaren 18an, Matematikari Euskaldunen I. Topaketak eta uztailaren 19an, I. Pedagogia Topaketak.

Matrikulazioa

Ikastaroa webgunean argitaratu eta berau hasi baino astebete lehenago arte epea irekita egongo da. 18 urtetik gorako edozein pertsonak eman dezake izena, baina ikastaroek ikasle kopuru mugatua dute eta talde txikiak hobesten dira, gehienez 15-20 pertsonakoak.

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Honako lan-ildo nagusi hauek ditu: Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea; Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea; eta Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

1.000 bazkide baino gehiagok osatzen dute UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta.