Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Polloeko hilerriko mausoleo frankistan bertan ehortzitako gudulari errepublikarrak oroitzeko jarduketak egingo dituzte

IMG_20220914_082836.jpg

2022-09-13

• Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikuskapenaren arabera, ezinezkoa da gorpuzkiak identifikatzea.

• Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Eneko Goia, Donostiako alkateak, gauzatuko diren jarduketak aurkeztu dituzte, biktimen familiekin adostu ostean

Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, eta Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak, gaur arratsaldean aurkeztu dituzte, Polloeko hilerrian bertan, hilerri horretako mausoleo frankistaren esanahiz berritu eta bertan ehortzitako gudarien eta milizianoen oroimena duintzeko egingo diren jarduerak.

Aurkezpenak bat egiten du hiria matxinatuen eskuetan erori zeneko 86. urteurrenarekin, eta bertan izan dira biktimen zenbait senide eta erakundeen ordezkariak: José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria – Gogora eta Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia.

Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, eta Donostiako Udalak, hilobi horretan lurperatuta daudela jakinekoa den 17 gudari eta milizianoen izenak jasotzen dituen plaka bat jartzea erabaki dute.

Helburua, Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, lekuaren esanahia aldatzea da, bertan ehortzita dauden gudulari errepublikarren memoria berreskuratu eta duintzeko: “haien oroimena espazioa eraldatuz ohoratuko dugu, beraien duintasuna berreskuratzeko eta oroimenak iraun dezan. Gogora Institutuak plaka bat jarriko du hemen lurperatu zituzten 17 errepublikarren izenekin, eta duela 86 urte izan ez zuten omenaldia eta agurra egingo diegu”.

Bestalde, Donostiako Udalak, Eneko Goia alkateak jakinarazi duen bezala, eskultura bat jarriko du biktimen omenez. Adierazi duenez, Donostiak memoria-espazioak berreskuratu nahi ditu hirian, eta ildo horretan zentzu osoa hartzen du Polloeko mausoleoa esanahiz berritzeko ekimenak.

Alkateak gogorarazi du iragarpena egiteko aukeratutako datak sinbolismo berezia duela; izan ere, “tropa frankistek Donostia okupatu zuten eguna gogoratzen dugu gaur”. Goiak adierazi duenez, mausoleoak gogora ekarriko ditu “hemen ehortzita dauden dituzten biktimak, eta baliagarria izango da gure hiriaren eta herriaren iraganaren memoria iraunkorra egiteko, faxismoak askatasun kolektibo eta indibidualak laminatu zituenekoa”.

Eusko Jaurlaritzak eta Udalak erabaki hori hartu dute, biktimen familiekin uztailaren amaieran egindako bileran adostu ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historikoaren eta gorpuzkien egoeraren prospekzioaren berri eman ondoren. Horietatik ondorioztatzen da ezinezkoa dela mausoleo horretan lurperatutako gutxienez 17 biktima errepublikarren identifikazioa eta gorpuzkiak berreskuratzeko aukera. Kalkuluen arabera, mausoleo frankista horretan 200 pertsona ingururen gorpuzkiak daude.

Eusko Jaurlaritzako memoria-politiken arduradun Beatriz Artolazabal sailburuak berretsi egin du, bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak memoria demokratikoarekin eta biktimen duintasunarekin duen konpromisoa: «Memoria demokratikoa, askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokaren egia balioesteko konpromisoa hartzen dugu, basakeriaren, diktaduraren eta totalitarismoaren aurrean. Hamarkadetan isilarazia, manipulatua eta iraindua izen den egia”.

Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo eta proiektu honen arduradunak ikerketa historikoaren ondorioak azaldu ditu, pertsona horien izenak ezagutu ahal izateko, eta gorpuzkiak identifikatzeko ezintasuna ondorioztatu izanaren arrazoiak ere azaldu ditu, mausoleoan egindako ikuskapen-lanen xehetasunak emanez.

Herrastik azaldu duenez, mausoleoko ia lur guztia hezur hondarrez beteta dago, eta lurperatzeko hainbat modu ikus daitezke, gorpuzkiak tokira eraman ziren fase desberdinen ondorioz. Gaur egun, hezetasuna dela eta, jatorrian hondakinak zeuden egurrezko hilkutxa guztiak suntsitu egin dira eta gainjarritako hondakinak nahasten joan dira. Hori dela eta, ezinezkoa da identifikazioak aurrera eramatea.

Ehortzitako pertsonak

Gaur egun, Donostiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatutako ikerketaren bidez, 17 gudulari errepublikarren gorpuzkiak 1939an eraikitako mausoleoan lurperatu zirela dokumentatu ahal izan da. 1936ko uztailaren 22tik 25era bitartean hil ziren guztiak, matxinatuek Donostiako hiriburua militarki okupatu aurreko borroketan.

 

Izena

Jaioterria

Bizilekua

Filiazioa

1

Pedro Arriola San Pedro

Eibar

Eibar

Milizia

2

Severiano Asarta Imaz

-------

Donostia

PCE

3

Narciso (de) Santos Herrero

Pinarejos (Segovia)

Donostia

CNT

4

Lorenzo Echarri Isasa

Donostia/ San Sebastián

Bilbo

PCE

5

Marcos Gallurralde (Gallaralde)Elejalde

Marañón (Nafarroa-Navarra)

Bilbo

CNT

6

Camilo Ibáñez Azcoaga

Vitoria-Gasteiz

Arrasate -

UGT

7

Manuel Inoriza Sagarminaga

Galdames

Galdames

PCE

8

Francisco Irazabal Sáez

Gasteiz

Bilbo

UGT

9

Álvaro Izurza Pascual

Iruña

Bilbo

CNT

10

José Lage Iza

Guitiriz (Lugo)

Donostia

Milizia

11

Luis Larrea López de Ipiña

Gasteiz

Bilbo

UGT

12

Ambrosio Narvaiza Sarasqueta

Eibar

Eibar

Milizia

13

Pedro Olmedo Paumero

Arrasate

Arrasate

Milizia

14

Clemente Queipo

A Coruña (A Coruña)

A Coruña (A Coruña)

-----

15

Eusebio Serrano Álvarez

Palencia (Palencia)

Balmaseda

CNT

16

Benito Uranga Balanzateg(u)i

-----

Arrasate-

Milizia

17

Eloy Zufiaurre García

Altsasu (Nafarroa)

Altsasu (Nafarroa)

Milizia