Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera

2021-07-15

 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak ezohiko bilera egin du gaur baliabideak banatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek 2022-2026 aldian egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologia onartzeko.

Akordio honek sendotasun eta ziurtasun handiagoa emango die kontu publikoei, ekonomia suspertzera eta enplegua sortzera bideratuta dagoen agertoki ekonomikoaren une erabakigarri honetan. Herri Dirubideen Euskal Kontseilua urrian elkartu aurretik legea onartuta egoteak esan nahi du Ekarpenen Legea onartuta egon daitekeela 2022ko aurrekontuak prestatu aurretik, eta, ondorioz, erakunde-maila guztiek egin ahal izango dituztela euren aurrekontuak metodologia berria ezarriz.

Lortu den akordioak egungo metodologia indarrean egon den bitartean erakundeek egin dituzten aldarrikapenak jaso ditu eta, batez ere, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legetik (ETEL) eratorritako aginduak sartzeari balioa ematen dio, bereziki udal-finantzaketari buruzko kapitulu batekin.

Hauek dira gako nagusiak:

Koefiziente bertikala

Berrikuntzarik aipagarriena koefiziente bertikalaren balio berria da, % 70,04tik % 70,81era igo baita; hauek dira horren arrazoi nagusiak:

  1. Koefiziente bertikalean sartu da funtzio eta zerbitzu batzuen, hala nola I+G-b-ren, espetxeen eta AP1 eta AP68ren, eskualdaketei dagokien finantzazio espezifikoa, bai eta aurreko koefizientean jaso gabe zegoen eta Osasunaren, Hezkuntzaren eta Mendekotasunaren arloko ezohiko finantzazioei zegokien finantzazio berria ere.
  2. Gizarte Zerbitzuen Funtsa 20M€-tik 35M€-ra igo da eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 10,5M€-tik 24,5M€-ra gehitu da. Ekarpen hori koefiziente bertikalean sartu da.
  3. Euskara sustatzeko politikak eta euskara normalizatzeko planifikazioa tokiko esparruari dagozkion arloetan, 900.000 euro.

Koefiziente horizontalak:

Ekarpeneko koefiziente horizontalak kalkulatzeko metodologiari bere horretan eusten zaio.

Egokitzapenerako Funts Orokorra:

Foru-aldundi bakoitzaren bilketaren pisu erlatiboa bere koefiziente horizontalaren % 99ra helduko dela ziurtatzeko helburuari eutsiko zaio. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45era arte igotzen da, eta indarrean dagoen ekarpenen legeak % 1 zuen ezarrita.

Lehenengo tartean egungo Egokitzapenerako Funts Orokorra bezala ezartzen da: muga banatu beharreko baliabideen % 1 da, eta ekarpena Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek egiten dute bakoitzak bere koefizientearen arabera.  Funtsaren bigarren tartea aktibatzea aurreikusten da lehenengo tartea aplikatu izanagatik foru-aldundiren baten bilketa erlatiboa oraindik ere bere koefiziente horizontalaren % 99ko mugatik behera dagoenean.

Bigarren tartearen muga banatu beharreko baliabideen % 0,45ean dago ezarrita, eta, lehenengo tartearen kasuan ez bezala, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 50ekoa da. Foru-aldundiek gainerako % 50a jartzen dute, bakoitzak bere koefiziente horizontalaren arabera.

Toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa:

Toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23koa izango da. Horrela, hiru lurralde historikoetako toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten partaidetzaren ehunekoa indarrean dagoen 2/2007 Legean gomendatutakoa baino handiagoa izango da.

Ehuneko hori ateratzen da baliabideak banatzeko ereduko foru-aldundien finantzazio espezifikoa, Eusko Jaurlaritzak lurralde historikoei gizarte-zerbitzuetarako egiten dien ekarpena eta tokiko-erakundeen euskara-planen finantzazioa integratzen direnean, eta kontuan hartuta lurralde historiko bakoitzeko Finantzetako Lurralde Kontseiluek ezarritako zerga itunduetan toki-erakundeek dituzten partaidetza-ehunekoak . Horrela, hiru lurralde historikoetako toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten partaidetzaren ehunekoa indarrean dagoen 2/2007 Legean gomendatutakoa baino handiagoa izango da (% 54,70).

Garrantzi handiko urrats horren ostean, lege-proiektua Gobernu Kontseiluak onartu beharko du, eta gero Eusko Legebiltzarrera bidaliko da honek behin betiko onar dezan. Asmoa da, beharrezko legebiltzar-izapide guztiak bete ondoren, Ekarpenen Lege berria indarrean egotea urriaren hasierarako.