Eusko Jaurlaritzak Kooperatiben lege proiektua onartu du

2016.eko maiatzak 24

Jaurlaritzak aurten 30 milioi euro bideratuko ditu garapenerako lankidetza proiektuetara

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak Kooperatiben euskal legearen aurreproiektua onartu du gaur, Legebiltzarrean eztabaidatu aurreko urratsa emanez. Arau-proiektu berriak ez du ordeztuko egungo kooperatiben euskal legearen oinarrizko egitura eta, ondorioz, ezin daiteke kooperatiba-araudiaren erabateko erreformatzat hartu –ez da kooperatiba sozietate txikien legea aldatzen-, hori bai, testu bakar batean bat-egin direnez aipatutako arau hori 1993an onartu zenetik gaurdaino egin diren aldaketak, eta egindako ekarpen eta zehaztasunak kontutan hartu direnez, testu berriak segurtasun juridikoa areagotuko du kooperatiba-sozietateen barne- nahiz kanpo-harremanetan.

Dena dela, araudiaren zati gehiena aldatu ez den arren, araudi berriaren ekarpen azpimarragarrienak hauek dira: kooperatiba mota batzuen (etxebizitza- eta garraio-kooperatibak) lege-zehaztapena egin da, kooperatiben organo- eta funtzio-erregimenari atxiki ahal izatea bermatzeko; sektorearentzat oso garrantzitsuak diren gaiei heldu zaie, sozietatearen zorren gainean bazkideek duten erantzukizuna kasu; eta administrazioak kooperatiba-jarduerak kontrolatzeko eta sustatzeko egiten dituen lanak egungo esparru juridiko, ekonomiko eta instituzionalera egokitu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen Estatuan, 1982an osatu zuenez kooperatiben lege propioa, eta enpresa-eredu horren erreferentzia bihurtu da mundu mailan, ez soilik alderdi kualitatiboan, printzipio eta balio kooperatiboak direla eta, baizik baita kuantitatiboan ere, EAEko ekonomian duen pisuagatik.

EAEri buruzko datu berrienen, zehazki 2014koen arabera, 2.233 establezimenduk osatzen dute kooperatiba-sektorea, urtean 47.322 lanpostu sortzen dituztenak. Sektoreka, lanpostu gehienak, % 57, zerbitzuen sektorekoak dira, % 41 industria-arlokoak, % 2 eraikuntzakoak eta % 0,3 lehen sektorekoak.

LANKIDETZA PROIEKTUETARAKO 30 MILIOI EURO

Gainera, Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio garapenerako lankidetza proiektuen deialdia egiteari eta guztira 30 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Horrela azaldu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlatitzako bozeramaile eta Herri Adminustrazio eta Justizia sailburuak asteartero ematen den prestaurrekoan. Garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntzek Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzan burutzen duen jardueraren ardatza osatzen dute eta horietara bideratu dira Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funts gehienak.

Gaur egun, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 230 bat proiektu finantzatzen ditu mundu osoan. Horietako gehienak, Euskadin eta honako herrialde hauetan gauzatzen ari dira: Perun, Bolivian eta Ekuadorren, Hegoamerikan; Guatemalan, El Salvadorren eta Kuban, Erdialdeko Amerikan; Kongoko Errepublika Demokratikoan, Senegalen eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan, Afrikan; eta Palestinan, Asian.

«ZORROTZ JOKATZEA» BALIABIDEEN KUDEAKETAN

Bestalde, bozeramaileak azaldu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Gobernu Kontseiluari proposatu diola gaur Portuei buruzko Lege Proiektua alde batera uztea adostasun politiko falta dela eta.

Gainera, kazetariei erantzunez, Erkorekak ziurtatu du bilketaren behin betiko datuak jakin artean –apirila artekoak baizik ez dira ezagutu– Eusko Jaurlaritzak baliabide publikoen kudeaketan «zorrotz jokatzen» jarraituko duela aurrekontu-egonkortasunaren konpromisoa betetzeko, eta gizarte-prestazioetan zein oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik egin gabe.

 

2016-05-24ko gai-zerrenda

Prentsa-txostena