Ez elikatu munstroa kanpainak paper-zapiak komunetik isurtzearen ondorioez ohartarazi nahi du

EDAR_GALINDO_26_02_16_(85).JPG

2016.eko otsailak 26

  • 2015. urtean, 2.400 tona paper-zapi bota ziren komunetik, eta kopuru hau era esponentzialean hazten ari da azken urteotan.
  • Ana Oregi sailburuak gomendatu egin du Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuetan aurrera pausoak egitea “Uraren kalitatea hobetzeko kutsadura murriztuz eta isurketak saihestuz eta materiale eta produktu arriskutsuen jaurtiketa ahalik eta gehien murriztuz”

Bilbon, 2016ko otsailaren 26an.- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu Ana Oregik Nazio batuek iaz zehaztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuetan aurrera pausoak egitea gomendatu du, batez ere honako hauei dagokienez “Uraren kalitatearen hobekuntza kutsadura murriztuz, isurketak saihestuz eta materiale eta produktu arriskutsuen jaurtiketa ahalik eta gehien murriztuz, tratatu gabeko uren isurketa erdira jaitsiz eta mundu mailan birziklapena eta berrerabilpena maila handituz”

Oregik Ez elikatu munstroa kanpainaren aurkezpenean parte hartu du Galindoko Uren Araztegian (Sestaon) Bilboko Ur-Partzuegoko presidente Ricardo Barkala, eta gerente Pedro María Barreiro, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuorde Iosu Madariaga etaUrako zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, eta ekintzan lanean diharduten beste erakunde batzuen ordezkariekin batera. Uraren Euskal Agentzia (URA) eta hiru lurraldeetako partzuergoak sustatuko ekintza da eta Aclimak koordinatua, Euskadiko Ingurumen Klusterra. Ekintza hau etxeko isurketek hondakin-uren saren duten ondoriak gogoraraztera dator

Euskadin, guztira, 2.400 tona paper-zapi bota ziren komunetik 2015ean, saneamendu-sistemetan garrantzi handiko ondorioak eraginez.

Zuntzez egindako produktu hauek ez dira garaiz disolbatzen edo disgregatzen, eta ondorioz, butxadura eta matxura larriak sorrararazten dituzte saneamendu-sarean, instalazio horien kudeaketan -punpaketa-estazioetan nahiz Hondakin Uren Araztegietan (HUA)- urtero milioi bat eurotik gorako gainkostua eraginez.

Arazo honen atzean, herritarrek komun-ontzia “zabor-ontzia” balitz bezala erabiltzeko eta bertatik etxeko edozein hondakin botatzeko duten ohitura dago, komun-ontzitik botatzen baitira, besteak beste, olioak, kotoitxoak, janari-hondakinak, higiene intimoko produktuak, pinturak, produktu kimikoak eta, nola ez, paper-zapiak.

Arazoari aurre egiteko, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Euskadiko zazpi ur partzuergo eta mankomunitatek (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak –AMVISA-, Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Ur Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak) 2016. urte osoan egingo den sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi dute, paper-zapiak komunetik botatzeak dakartzan ondorioak ezagutarazteko eta hondakin horiek saneamendu-sarean eragiten dituzten butxadurak saihesten lagunduko duten ohitura arduratsuagoak bultzatzeko asmoz.

Ekimena Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak koordinatu du.Sentsibilizazio-kanpaina berri hau, bi erakundeek ‘hiri-arroetako kutsadura difusoaren' erronkari aurre egiteko bultzatu duten ‘Herritarren ohiturak eta urgaineratutako kutsatzaileak’ deritzon hedapen handiagoko proiektuaren barruan mamitu da. Proiektuak hiri-eremuetako etxeetan eta hirugarren sektorean sortu eta uren saneamendu eta tratamendu sistemei nahiz ingurunerako isurketaren kalitateari eragiten dieten kontrolik eta asmo txarrik gabeko hondakin-isurketak diru ardatz, nagusiki.

‘Urgaineratutako kutsatzaile’ horien artean ditugu hondakin farmazeutikoak, detergenteak, paper-zapiak bezalako norberaren zainketarako produktuak, janari-hondakinak, drogak, etab. 

Ez elikatu munstroa/No alimentes al monstruo

“Ez elikatu munstroa/No alimentes el monstruo” kanpaina ofizialki aurkeztu du gaur, prentsaurreko batez, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. Ekitaldia Galindoko Hondakin Uren Araztegian (Sestao) egin da, Ricardo Barkala Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidentea, Pedro María Barreiro erakunde honetako zuzendaria, Xabier Caño Aclimako presidentea eta ekimenean parte hartu duten gainontzeko erakundeen ordezkariak tarteko zirela.

“Ez elikatu munstroa/No alimentes al monstruo” kanpainaren helburua, komunetik behar ez diren hondakinak eta bereziki paper-zapiak botatzeak dakartzan ondorio tekniko eta ekonomiko larriez ohartaraztea da, arazo handiak eragin ohi baitituzte saneamendu-sistemetan.

Honen bitartez, kontzientziazio sozial handiagoa sustatu nahi da, jardunbide eta erabilera arduratsuagooak bultzatzeko modukoa, komun-ontziak den-dena irensten ez duela argudiatuta, herritarrak sortutako arazoaren erantzukideak izan daitezen eta konponbidearen zati handi bat haien esku dagoela kontura daitezen, betiere ohitura okerrak zuzenduz eta paper-zapiak zaborra biltzeko ontzietan utziz.

Kanpaina 2016. urte osoan egingo da, komunetik bota eta pixkanaka-pixkanaka saneamendu-sarea butxatuz eta kolapsatuz doazen hondakinez elikatzen den munstro bat iradokitzen duen inpaktu handiko irudikapen grafiko ausart baten laguntzaz.

Kanpainak 50.000 euro inguruko kostua izango du, eta komunikabideen bitartez gauzatuko den zabalkundeaz gain, webgune aktiboa (www.munstrowc.eus) eta sare sozialetako (Facebook, Twitter eta Instagram) presentzia sendoa izango du, komunaren erabilera egokiari buruzko informazioa eta era askotako gomendioak emateko asmoz. Kanpainaren irudia eta mezua motion graphics formatuan landutako bideo batean ere bildu dira, arazoari buruzko eta, eguneroko ohituretan aldaketa txiki batzuk eginez gero, eman dakiokeen konponbideari buruzko kontzientziazio eta sentsibilizazio mezua era didaktikoan zabaltzeko asmoz.

Era berean, ekimena bultzatu duten ur-partzuergoak erabiltzaileekin komunikatzeko erabiltzen dituzten kanalez baliatuko dira kanpaina hau ezagutzera emateko eta kanpainari atxikitako helburuak lortzen laguntzeko.

Herritarren ohiturak eta Urgaineratutako kutsatzaileak

Erronka honi aurre egiteko, Euskadiko ur partzuergoak, Uraren Euskal Agentzia (URA) eta Aclima ‘Herritarren ohiturak eta urgaineratutako kutsatzaileak’ deritzon lankidetzazko proiektu batean mugilduta daude, ‘hiri-arroetako kutsadura difusoaren’ arazoa gainditzeko, hiri-eremuetako etxeetan eta hirugarren sektorean sortu eta uren saneamendu eta tratamendu sistemei nahiz ingurunerako isurketaren kalitateari zuzen-zuzenean eragiten dieten kontrolik gabeko hondakin-isurketei erreparatuta.

Garbitu gabeko hondakin urak eta hondakin uren araztegietako efluenteak dira substantzia horiek ingurumenera iristeko sarbide nagusiak. Hondakin uren tratamendurako ohiko instalazioak ez daude diseinatuta hondakin horiek deuseztatzeko, eta ondorioz, kasu batzuetan ezin dira guztiz garbitu.

Substantzia hauek estu-estu lotuta daude gizartean oso hedatuta dauden ohitura eta jandunbide batzuekin, adibidez, komun-ontzia etxeko edozein hondakin botatzeko ontzia balitz bezala erabiltzearekin.

Gero eta sentiberatasun ekologiko handiagoa dagoen arren, komuna dugu oraindik ere ingurumenarekiko sentiberatasuna arintzen laguntzen diguten 'balbuletako' bat, bertara isuritako hondakin guztiak irentsi eta suntsitzen dituen uste okerrean funtsatuta.

Hitz gutxitan, konponbide teknologikoetatik harantzago, behar-beharrezkotzat jotzen da herritarren ohitura eta jardunbide okerrak aldatzea, arazo honek prozesuko giltzarrizko eragile nagusien arteko erantzun bateratua eskatzen baitu, etxean, hirugarren sektorean nahiz hiriko mikro-ETEetan egindako isurketak ekiditeko, ohiturak aldarazteko eta  urgaineratutako kutsatzaileen egiazko arriskuari buruzko pertzepzioa aldatzeko.

Proiektu honetan erabiltzen den metodologiari esker, ekintzen eraginkortasuna monitorizatu ahal izango da, neurketa-adierazleen, analisi-ereduen eta emaitzen ebaluazioaren bitartez. Ekintza horiek giltzarrizko bost osagai izango dituzte:

1)       Produktu kimikoen kontsumo-ohiturak eta uren kalitatean duten eragina ebaluatzea.

2)       Etxe barruko erabileretan garrantzirik handiena duten substantziak eta produktuak identifikatzea, saneamendu-sareei eragiten dizkieten kalteak gogoan hartuz eta konposizio kimikoagatik lehentasunezko substantziak dituztenak identifikatuz.

3)       Substantzia kimikoak eta norberaren higiene eta garbidurarako produktuak erabili eta hiriko saneamendu-sareetara isurtzeak dakarren arriskuari buruzko kontzientziazioa eta etxe giroko pertzepzioa sustatzea.

4)       ‘Hiri-hondakinak’ sortzeari buruzko informazioa EAE osoan eta era koordinatuan zabaltzea, erabil daitezkeen informazio eta komunikazio kanal guztien laguntzaz.

5)       Hiri-eremuetan, produktu eta substantzia kimikoak erabili eta isurtzeko ohiturak aldatzeak dakarren eragina zehatz-mehatz ebaluatzen lagun dezakeen proiektu pilotua diseinatu eta abian jartzea.