Lehendakariak Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntza 2020rako Estrategia aurkeztu du

2016.eko otsailak 26

Urkullu: «Ikerkuntza eta berrikuntzaren alde egiten dugu, gure osasun-emaitzak hobetu eta Euskadiren garapen ekonomikoa indartu nahi baitugu»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, «Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzako 2020rako Estrategia» berriaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean, osasunaren, zientziaren, teknologiaren eta enpresagintzaren esparruko 200 bat profesional eta ordezkariren aurrean. Guztiek ikerkuntza sanitarioarekin zerikusia dute. Hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu sendoa nabarmendu du lehendakariak; esan duenez, «lehentasun gisa ulertzen ditugu ikerkuntza eta berrikuntza, euskal ikertzaileek Euskadin egiteko beren lana, ikertzaile berriak erakartzeko, eta horrenbestez Euskadirako aberastasun intelektual eta ekonomikoa sor dezakeen sektore bat indartzeko. Datuek zera erakusten dute: bioenpresa-sektorea % 10etik gorako hazkundea ari da izaten eta Euskadin 120 milioi eurokoa da urteko I+G+B inbertsioa; bada, horietatik % 45 osasun-sistematik dator».

Urkullu lehendakariak inauguratu du Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzako 2020rako Estrategia berria aurkezteko jardunaldia. Bertan, Osasuneko sailburua, Jon Darpón, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua, Arantxa Tapia eta Karolinska Institutuko Dr. Larsson prestigioduna izan ditu lagun. Hain zuzen, mundu osoko ikerkuntza biomedikoko zentro garrantzitsuetakoa da institutu hori.

Mintzaldian, Euskadik ezagutzaren arloan inbertitzen emandako hiru hamarkadetan egindako ibilbidea gogorarazi du lehendakariak, baita oraintsuago biozientziak garatzeko emandako babesa ere: «2000 urtean ia-ia existitzen ere ez zen sektore bat zen eta gaur ezagutzeko moduko kokagunea du munduko industria-eskualde aurreratuenen artean, gaitasun zientifiko teknologikoak sustatzeko egindako inbertsioak, ikertzaileak gehitzeko ahaleginak eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortu dituen ekintzailetza direla medio».

Hain zuzen ere, espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategian identifikatutako hiru alorretako bat da biozientziak-osasuna binomioa. Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duen moduan, osasun-sistema funtsezko osagaia da biozientziak-osasuna esparruan, ez soilik ikerkuntzako eta berrikuntzako eragile den heinean, baita agintzaile, erakusle (living lab baten moduan), erosle eta erabiltzaile gisa ere. Horregatik, alde batetik, osasun-sistemak RIS3aren garapenari egindako ekarpena da Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur Donostian aurkeztutako estrategia; bestaldetik, osasun-sistema eta biztanleen osasuna hobetzera bideratutako I+G+Bko jarduerei babesaren jarraitutasuna ere badakar.

Ildo horretan, Urkullu lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzako Estrategia berriak ezar ditzala datozen urteei begirako jardunbideak, «zeren eta gure osasun-emaitzak hobetzeko eta Euskadiko ekonomiaren garapena indartzeko apustua egiten dugun adibide baita». Halaber, lehendakariak gogorarazi du Osakidetzak Ikerkuntza Sanitarioko Institutu bat baino gehiago dituela bikaintasunaren elitean (Biodonostia eta Biogurutzeta), eta horrek bultzada handiagoa ematen duela pertsonen osasunerako aurrerapenak dakartzaten ikerketen emaitzak hobetzeko.

2020 ESTRATEGIA BERRIA

Osasuneko sailburuak, Jon Darpónek, Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzako 2020rako Estrategiaren gakoak zerrendatu ditu. Estrategiaren asmoa da pertsonen osasuna eta osasun sistema bera hobetzea, unibertsitate, industria eta agente zientifiko-tekonologikoekin batera lanean arituz, Euskadiko industria eta aurrerapena bultzatuz. Horretarako, Jon Darpón sailburuak azaldu duenaren arabera, «Euskadiko biozientzietako sektorea aurrera doa, munduan zehar zabalduz eta bultzatzen jarraitu behar dugu europako herrialde aurreratueneen mailan egoteko”

Era berean, Osasuneko sailburuak gogora ekarri du zahartzaroak, kronikotasunak eta mendetasunak eragindako erronkei erantzuten laguntzen duela I+G+B sanitarioak; baita osasun-sistema eraldatzen, norbanakoaren eta biztanleen premietara egokitu dadin, eta sistemaren jasangarritasuna sustatzen ere.

Esku hartzean, estrategiaren egitekoaren eta helburuaren berri eman du Jon Darpón sailburuak. Adierazi duenez, estrategiak biozientziak-osasunaren esparrua garatzen laguntzea du xede, osasun-sisteman I+G+Bko jarduerei eta beste enpresa eta eragileekin elkarreraginei bide emanez, osasun-emaitzak hobetzeko, eta balioa sortuz. Orobat, Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntza Estrategia berriaren lau helburu nagusiak aipatu ditu Osasuneko sailburuak, bai eta jomuga horiek lortzeko ezarri diren jarduera-ildoak eta beroriek egituratzen dituzten lau ardatz estrategikoak ere.

Azaldu duenez, «lau ardatz horiek, Eragina, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak izenburupean, helburu hauei erantzuten diete: I+G+Bko jardueren eragina handitzea, I+G+Ba laguntzarekin eta irakaskuntzarekin hobeto integratzea, I+G+Bko jarduerak gauzatzen dituzten langileen esparrua hobetzea, euskal gizartea gehiago inplikatzea eta finantza-eredu aproposagoa ezartzea osasun-sistemaren ikertzaile eta berritzaileen komunitatearen lehiakortasuna finkatu eta areagotzeko». 

Bestalde, Dr. Jörgen Larsson prestigiodunaren aurkezpenaren ardatza ere berrikuntza izan da, osasun-laguntzaren kalitatearen eta ekonomiaren garapenaren sustagarri gisa. Karolinska Institutuko eta Karolinska Unibertsitate Ospitaleko ordezkaria bera, Nobel Sariaren Batzarreko kide izan zen, 2014 urtera arte. Larsson doktoreak, Euskadik biozientzietan egindako aurrerabideari errekonozimendua egin, eta askotariko alorrak aipatu ditu bi herrialdeen arteko lankidetza posiblerako.

Jardunaldiari amaiera mahai-inguru batek eman dio. Honako hauek hartu dute parte: Medikuntzako Ikerketako Sari Nazionalaren 2004ko irabazle eta bioGUNE eta biomaGUNE IKKen zuzendari José Mª Matok eta Euskadi Ikerkuntza Sariaren 2014ko saridun José Felix Marti Massók; Osakidetzako sendagilea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Biodonostia zentroko ikertzailea. Biek ala biek beren gogoetak partekatu dituzte, Francisco Ledo eta Eva Larrarekin, Faes Farma eta AJL Ophtalmic enpresen ordezkariekin, batera.