Eusko Jaurlaritzak eta Queretaroko estatuak lankidetzako hitzarmen bat sinatu dute enpresa, hezkuntza, kultura, ikerketa eta turismo proiektuak gauzatzeko

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

2014.eko Urriak 28

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Queretaroko Estatuko (Mexiko) gobernatzaile Jose Eduardo Cazadak memorandum bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Queretaroko Gobernuaren arteko harremanak sendotzeko.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak arlo horietan sakontzeko asmo irmoa duela. «Queretaroren eta Euskadiren arteko aliantza sinatuko dugu gaur», adierazi du. «Duela hainbat urtetik ari gara lankidetzan, zenbait proiekturen bidez. Gaur, lankidetzak indar handiagoa hartuko du, etorkizunean ibiliko dugun bidea zehaztu dugulako. Hala, aurretik egindakoa sendotuko dugu, eta etorkizuneko aukera berriak sortuko ditugu», gehitu du. Gobernadoreak ideia horri ere eutsi dio, akordio honekin hainbat aukera zaballdu eta Euskadi eta Queretaroren arteko harremana estutzeko balioko baitu, bere ustez.

Lehendakariak, gainera, azpimarratu du Queretaro eskualdeak lehentasuna duela Basque Country estrategian eta, hitzarmen honen bidez, Euskadik beste pauso bat eman duela nazioartekotzean. Gainera, Mexikon erreferentzia eta Europarako sarbide gisa aurkeztu dute.

Urkullu lehendakariak Mexikora egindako bidaian, Queretaroko Gobernuaren egoitzan sinatu duen hitzarmenak sei lankidetza arlo ezarri ditu: 

  1. Merkataritza, inbertsioak eta negozioak Helburua truke ekonomikoa eta enpresen garapena sustatzea da, batez ere, automobilgintzaren, aire eta espazioaren, etxetresna elektrikoen eta elektronikaren, software eta informazio teknologien, energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoaren eta makina erremintaren sektoreetan. Horretarako, enpresen eta gobernuen arteko topaketak antolatzea adostu dute. 
  2. Ikerketa, garapena eta berrikuntza Aldeek lankidetza sustatuko dute esparru honetan lehendabizi ezarritako lehentasunak garatzeko. Eraldaketa teknologikoari dagokionean lankidetza proiektuak bultzatuko dira. 
  3. Kultura-sustapena eta ohiturak Etxepare Institutuaren eta Kulturaren eta Arteen Queretaroko Erakundearen arteko harremana bultzatuko da, musikako, zinemako, ikus-entzunezko eta arte plastikoetako proiektuak gauza ditzaten elkarrekin. 
  4. Hezkuntza Elkarren artean gauzatzeko jarduerak eta truke akademikoak sortuko dira. Etorkizuneko ezagutza truke horretan, eginkizun berezia izango du Mondragon-UCO Unibertsitateak, Euskadi nazioartekotzeko hezkuntzaren arloko lehen esperientziak. 
  5. Gizarte ongizatea Gizarte, ingurumen eta genero berdintasunaren arloetako politikei buruzko trukeak egingo dira. 
  6. Turismoa. Bi herriak turismo-leku bihurtzeko eta haien lehiakortasuna handitzeko egingo da lan.

Queretaro Estatuko gobernatzailearekin izandako bilera eta hitzarmenaren sinadura lehendakariak Mexikora egin duen bidaia ofizialaren lehen topaketa politikoa izan da. Horren aurretik, Mexikoko hiru estatutan egoitzak dituzten Euskadiko 40 enpresa inguruko ordezkariekin bildu da, eta Mondragon-UCO Unibertsitatea inauguratu du.

Bestalde, lehendakariak Aernnovak Queretaron dituen instalazioak bisitatuko ditu eta Mexico Business Summit nazioarteko negozio-biltzarrera joango da. Azken horretan, hitzaldi bat emango du Mexikoko beste gobernadore batzuekin.