|
Iker Martinez eta Xabier Fernandez belazale gipuzkoarrak, Pekingo Joko Olinpikoetan belako 49er. kategorian zilarrezko domina irabazi dutenak, hunkituta azaldu dira gaur goizean "BAT Basque Team"ek antolatutako prentsaurrekoan, euskal kirolarentzat domina berri bat lortzeagatik, Atenasen modalitate berean lortu zuten urrearen ondoren.
Txinako hiriburutik itzulitakoan, euskal kirolariak estraineko aldiz agertu dira hedabideen aurrean, Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta BAT Basque Team-eko lehendakaria aldamenean zutela. Kirolariak arras pozik azaldu dira zilarrezko domina eskuratu izanagatik. Iker eta Xabiren lorpena handia bada ere, halakoxe gustu mingotsa geratu zaie, domina urrezkoa izan baitzitekeen daniarren aurka jarritako helegiteak aurrera egin izan balu, azken estropadan Kroaziako ontzia erabiltzeagatik, Itsas Legearen arauak kolokan jarriz.
Adina -31 urte- eta bizilekua -Donostia- partekatzen dituen bikote honen palmaresak azken urteotan lortutako nazioarteko titulu ugari biltzen du bere baitan. Azken bi olinpiadetan izandako lorpenez gain, munduko txapeldunak izan dira 2002an eta 2004an, eta Europako txapeldunak 2002an, 2007an eta 2008an. Elkarrekin nabigatzen dute 1998 urteaz geroztik, orduan Estatuan ia ezezaguna den modalitate batean, 49er. delakoan. Izena ontzien 4 metro eta 99 zentimetroko luzeeratik datorkio. Pekingo hitzordu olinpikoaren aurretik bikote gipuzkoarra Kiel-eko (Alemania) astean nagusitu zen, bigarren sailkatuei 30 puntuko abantaila hartuz. Garaipen honen bitartez, estreineko aldiz 2003 urteaz geroztik, Belaren Nazioarteko Federazioaren (ISAF) sailkapeneko lider bihurtu dira.
Prentsaurrekoan, Kultura sailburu eta Basque Team-eko lehendakari Miren Azkaratek zorionak eman dizkie Iker Martinez eta Xabier Fernandezi beren garaipenagatik eta golardoaren garrantzia nabarmendu du. Horrekin batera, Azkaratek enpresek eta erakundeek Basque Team-en bitartez egindako lanaren garrantzia azpimarratu eta Joko Olinpiko hauetan lehen fruituak ematen hasia dela ziurtatu du. Ildo honetan, Iker Martinezek eta Xabier Fernandezek belan lortu duten arrakastari Leire Olaberria txirrindulariaren eta Iker Romero eta Jon Belaustegi saskibaloi-jokalarien brontzezko dominak gaineratu behar zaizkiola nabarmendu du, baita hamaika euskal kirolariren diplomak ere (Ander Elosegi, Leire Iglesias, Maider Unda, Asier Maeztu, Unai Elorriaga, Juan Jose Aranburu, Rocío Ybarra, Barbara Malda, Maria López de Eguilaz, Almudena Cid eta Iñaki Lejarretarenak). Berealdiko arrakasta, zalantzarik gabe, Basque Team-en sostenguaz lehiatu diren 24 euskal kirolariek lortutakoa.
Iker eta Xabi dira "BAT Basque Team"en lehen beka-deialdiari atxikitako kirolarietako batzuk. Ekimen honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskal Irrati Telebista herri erakundeak sortutako fundazioa Euskadiko goi-mailako kirol ez-profesionalaren erreferentziazko erakunde bilakatu da. Lehen beka hauetan, BATek 500.000 euro baino gehiago banatu ditu Pekingo Joko Olinpikoetan parte hartu duten 24 euskal kirolariei laguntzeko.
Euskadiko ordezkaritza 14 kirolari gipuzkoarrek, 7 bizkaitarrek eta hiru arabarrek osatu dute, eta guztien artean 14 kirol olinpikotan parte hartuko dute: atletismoa, badmintona, eskubaloia, txirrindularitza, gimnasia, hockeya, judoa, borroka, igeriketa, piraguismoa, taekwondoa, triatloia, tiro olinpikoa eta bela. Horrela, espainiar taldea osatu duten kirolari olinpikoen %8 baino gehiago Euskadiko Autonomia Erkidegokoak dira.
BAT Basque Team-en xedea, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza -Kultura Sailaren bitartez- eta Euskal Irrati-Telebistaren babespean gauzatu da (EITB). Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial.
Laguntza ekonomikoaz gain -21.000 euro batez beste Joko Olinpiko eta Paralinpikoen edizio honetako partaide bakoitzeko-, "BAT Basque Team"ek aholkularitza teknikoa, medikoa eta prestakuntza alorrekoa ematen die atletei. Naturgas Energia, La Caixa, Igualatorio Médico Quirúrgico eta Cespa-Ferrovial babesle dituen Fundazio honek errendimenduari erreparatu dio 24 bekadunak hautatzerakoan, eta horixe izango da etorkizunean laguntzak mantentzeko gogoan erabiliko duen adierazlea.
Euskadi Kirola Fundazioa eta BATen sorreraz (iazko irailean eta aurreko ekainean, hurrenez hurren), Eusko Jaurlaritzak hobetu egin nahi du euskal kirolariek nazioarteko goi-mailako lehiaketetan duten partaidetza, Erkidegoko enpresak ere inplikatuz kirol jardueraren sustapenean, batez ere gogoan hartuta jarduera honek Barne Produkzio Gordinaren (BPG) %1,9ko ekarpena egiten diola Euskadiko ekonomiari.
IKER MARTINEZ XABI FERNANDEZ
Kirola: Bela Kirola: Bela
Proba: 49er maila Proba:49er maila
Adina: 31 urte Adina: 31 urte
Jaioterria: Hondarribia Jaioterria: Ibarra
Bizilekua: Donostia Bizilekua: Donostia
Zilarrezko domina Pekinen 2008an, 49er kategorian.
Atenas 2004ko Joko Olinpikoetan urrea lortu zuten belako 49er. espezialitatean. Bikotearen palmaresak nazioarteko hamaika titulu bildu du azken urteetan. Besteak beste, Munduko txapeldunak izan ziren 2002 eta 2004ean eta Europako Txapeldun 2002, 2007 eta 2008an, aurten Mallorcan jokatutako proban.
Elkarrekin nabigatzen 1998an hasi ziren, ordura arte estatuan apenas ezaguna zen 49er mailan. Belaontziaren luzerak ematen dio izena modalitaten honi, 4 metro eta 99 zentimetroko luzera duen belaontzia gobernatzen baitute dute Ikerrek eta Xabik.
BAT BASQUE TEAM-EN BEKA JASO DUTEN KIROLARIAK
OLINPIKOAK KIROL MOTA
MIKEL ODRIOZOLA Atletismoa
NAROA AGIRRE Atletismoa
YOANA MARTINEZ Badmintona
JON BELAUSTEGI Eskubaloia
IKER ROMERO Eskubaloia
IÑAKI LEJARRETA Txirrindularitza
ASIER MAEZTU Pista-txirrindularitza
UNAI ELORRIAGA Pista-txirrindularitza
LEIRE OLABERRIA Pista-txirrindularitza
ALMUDENA CID Gimnasia erritmikoa
MARIA LOPEZ DE EGUILAZ Belar-Hockeya
ROCIO YBARRA Belar-Hockeya
BARBARA MALDA Belar-Hockeya
LEIRE IGLESIAS Judoa
MAIDER UNDA Borroka librea
BORJA IRADIER Igeriketa
ARANTXA RAMOS Igeriketa
MAIALEN CHORRAUT Piraguismoa
ANDER ELOSEGI Piraguismoa
JON GARCIA Taekwondoa
JUAN JOSE ARANBURU Tiro olinpikoa
AINHOA MURUA Triatloia
IKER MARTINEZ Bela
XABI FERNANDEZ Bela
Donostia, 2008ko abuztuaren 26a
|