Azken eguneratzea: 2012/10/23

Turismoaren sektorean historiako udarik onena itxi du Euskadik

Ekain, uztail, abuztu eta iraileko baturak aurreko emaitza gorena gainditu du, 2011koa. Sektoreak udan izan duen portaera onari esker, iazko bisitari iritsieren markak gainditu dira, sarrerei nahiz ostatu gauei dagokienez. Orain dela hiru urteko emaitzekin alderatuta, Euskadiko hotel establezimenduek % 18,8 turista gehiago hartu dituzte, eta, atzerritarren kasuan, ehuneko hori % 35eraino iristen da.

EAEko nekazaritza‑turismoko establezimenduek inoiz baino turista gehiago izan dituzte urte hasieratik hona (aurreko ekitaldian baino % +3,1 gehiago). 

Aurten, batez besteko egonaldia 1,89 gauekoa da, azken sei urteotako daturik onena. 

2012ko uda historiako onena izan da EAEko ostalaritza‑sektorearentzat. Horixe erakusten dute atzo Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) argitaratutako datuek. Hain zuzen ere, ekain, uztail, abuztu eta irailean, 982.799 bidaiari‑sarrera zenbatu ditu erakunde horrek. Iaz baino % 0,2 gehiago da hori, hau da, marka historikoa baino % 0,2 gehiago. Eta ostatu‑gauei dagokienez, aldea are handiagoa da, % +0,8koa. 

EAEko hotel‑establezimendu turistikoetan aurtengo udan izandako emaitza onari esker, aurtengo zenbaketa orokorra iazko markara hurbildu da. Urteko lehenengo bederatzi hilabeteak igarota, 1,8 milioi turista‑sarrera zenbatu dira Euskadin, 2011n baino % 0,8 gutxiago soilik; ostatu‑gauei dagokienez, kopuru hori iazkoa baino % 0,05 txikiagoa izan da. 

Aurreko hilabeteotako joera finkatu egin da irailean, eta, hortaz, atzerriko turismoaren hazkuntzak estatuko bidaiarien jaitsiera konpentsatu du. 

Inoiz baino atzerritar gehiago 

Urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan Espainiako bisitarien kopurua % 4 jaitsi da. Aldiz, nazioarteko turistenak % 5,3 egin du gora. Horrela, beraz, 2012. urtea onena izaten ari da atzerriko turisten iritsierari dagokionez. Dagoeneko 650.000 baino gehiagok eman dute izena Euskadiko hoteletan. 

Bereziki nabarmengarria da Erresuma Batutik etorritako turisten igoera, urte hasieratik hona % 15,7koa izan baita. EAEko hoteletara iristen diren turisten artean, bigarren ugarienak dira britainiarrak, Frantziako turisten atzetik. Horien kopurua ere % 3,7 igo da iazko topetik. 

Euskadiren erakargarritasuna ere areagotu egin da Alemaniako (% +4,8), Ipar Amerikako (% +10,2), Japoniako ( +29,8) eta Iberoamerikako ( +3) bisitarientzat, besteak beste. Kasu horietan guztietan, inoiz ez dugu izan gurean horrelako turista kopuru handirik. 

Lurraldeen arabera, Arabak turisten % ‑1 galdu du urte hasieratik (estatukoen artean % 2,8 galdu du, eta atzerritarren artean, % 4 irabazi). Hiriburuan, Gasteizen, turismoa % 2,5 hazten ari da, Espaniatik (% +1) nahiz kanpotik (% +7,4) etorritakoak kontuan hartuta. 

Bizkaian, iazko kopurua baino % 1 gehiago lortu da aurten, orain arte. Izan ere, estatuko bisitarien kopuruak behera egin duen arren (% ‑2,5), nazioartekoena nabarmen hazi da (% 8,3). Bilbok ere antzeko hazkuntza izan du: guztira, % 1,1ekoa, estatuko turisten jaitsiera (% ‑4,21) nazioartekoen igoerarekin (% +10,4) konpentsatuta. 

Gipuzkoak galdu ditu turista gehien urteko lehen bederatzi hilabeteetan: guztira, % ‑3,1 bidaiari galdu ditu, eta, beraz, atzerritarren hazkuntzak (% 2,4) ez du konpentsatu estatuko turisten iritsieraren beherakada (% ‑6,6). Ildo berean, Donostia da, iazko kopuruarekin alderatuta, turistak galtzen ari den hiru lurraldeetako hiriburu bakarra. Orain arte, % ‑2,6ko jaitsiera izan du. Espainiako turisten kopuruak % ‑8,6 egin du atzera. Atzerritarrena, berriz, % +5,2 igo da. 

EAEko turismoak azken urteotan izan duen hazkuntza adierazgarria da. Lehenengo bederatzi hilabeteetan, 2009 osoan baino 287.000 bisitari gehiago izan dira, % 18,8 gehiago, hain zuzen ere. Atzerritarren kasuan, aldea are handiagoa da: % 35,4. 

Bestalde, batez besteko egonaldia 1,89 egunekoa izan da aurten, 2006tik izan den onena. 

Hoteletan bezalaxe, EAEko nekazaritza‑turismoko establezimenduetan inoizko urterik onena dute aurten. Hain zuzen ere, 98.463 sarrera izan dituzte, iaz baino % +3,1 gehiago. 

Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria den Isabel Muela, poztu da emaitzak ikusita, eta bere iritziz “turismo sustapenerako politikak barneko eta kanpoko herritarrei heldu dira, eta Euskadi modernoa, erakargarria, berritzailea, experientziz beterik eta munduari irekiaren irudia zabaldu egin da. Gure lurra bisitatu duten milaka turistei harrera egiteko prest dago, hoiexek bihurtu direlako gure enbaxadorerik hoberenak”. 

Vitoria‑Gasteiz, 2012ko urriaren 23a.