Azken eguneratzea: 2010/07/21
Hiri-hondakinak energia berriztagarri eta iraunkorreko iturriak dira
Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jaunak hiri-hondakinak energia berriztagarri eta iraunkorreko iturriak direla adierazi du gaur EHUko udako ikastaroetan, Donostian.
Europan, urtean 50 milioi tona zabor tratatzen dira, eta tratatutako zabor horrek 27 milioi pertsona elektrizitatez hornitzeko behar adina energia sortzen du.
Erraustegi moderno batek etxeetan kontsumitutako elektrizitatearen % 20 inguruz hornitzeko behar adina elektrizitate sor dezake.
Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jaunak EHUk Donostian egindako udako ikastaroetan parte hartu du gaur. Sailburuordeak “Biohondakinak energia berriztagarriko iturri gisa” mintzaldian adierazi duenez, hiri-hondakinak energia berriztagarri eta iraunkorreko iturriak dira, betiere horien energia-aprobetxamenduan (errausketa bidez) ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesa bermatzen bada.
Sailburuordeak, horretaz gain, energia-ekoizpenerako soilik birziklatu edo konpostatu ezin den zaborraren portzentajea erabil daitekeela agertu du. Etxeko hondakinez eta industria-, merkataritza- eta erakunde-hondakinez (etxeko hondakinen parekagarriak badira) osatuta daude hiri-hondakinak. Bi korronte horiek energia berriztagarriko iturriak dira, biomasa-maila handiak eduki ohi baitituzte. Sortzen dugun eta birziklatu ezin den zaborrez osatuta daude “biomasa-hondakin” deritzenak, hala nola materia organiko uskelkorra, egurra, ehunak, larrua, papera eta kartoia, edota zelulosa-eduki handia duten bestelako frakzioak, esate baterako, pixoihal mota jakin batzuk edo ontzi konplexuak (brickak). Guztira sortzen dugun zaborraren % 70etik gorako portzentajeetan eta zabor horren frakzio erregaiaren % 80-85etik gorako portzentajeetan ditugu horrelako hondakinak, beira, metalak eta gainerako material bizigabeak kendu ondoren, hain zuzen.
Halaber, sailburuak adierazi du hondakin horiek energia iraunkorreko iturriak direla, % 15-20 plastikoz eta bestelako jatorrietako ontziez osatuta baitago, eta horrelakoak energia-ekoizpenerako erabiltzen ez badira, hondakindegietara botatzen direlako, ingurumenerako negatiboa den konponbidea emanez. Orobat, hondakin-baliabide hori erabiliko ez balitz, energia hori ezinbestean ekoiztu beharko litzateke fosil-jatorriko energia-baliabide birjinetatik, funtsean, ikatzetik edota hidrokarburoetatik (esaterako, petrolioa edota gasa), energia elektrikoaren ekoizpenari dagokionez gure herrialdean eta ingurunean dugun mix-a kontuan hartuz.
Europan, urtean 50 milioi tona zabor tratatzen dira gaur egun hondakinak errausteko ehunka instalaziotan, eta tratatutako zabor horrek 27 milioi pertsona elektrizitatez hornitzeko behar adina energia sortzen du.
Anglosaxoiek oso laburki definitzen dute prozesu hori guztia, hiri-hondakinekin energia ekoiztuko ez balitz bestelako aprobetxamendurik gabe hondakindegiren batera botako liratekeela baiteritzote.
Xabier Garmendia sailburuordearen hitzetan, erraustegi moderno batek zaborra sortzen duten etxeetan kontsumitutako elektrizitatearen % 20 inguruz hornitzeko behar adina elektrizitate sor dezake, eta datu hori Euskadin ere aplika daiteke.
Industria eta Energiako sailburuordeak, mintzaldia amaitzeko, erreklamazio bat egin du, eskura ditugun baliabideen energia-aprobetxamendua gero eta beharrezkoagoa dela adieraziz, batez ere energia-eskasiak, petrolio merkeak eta ingurumen-murrizketa nabarmenek markatutako egungo garaian. Arrazoi horiengatik, hondakindegietan hondakinak lurperatzeak dakarren energia-baliabideen xahubidea zarrastelkeria jasanezintzat hartzen du sailburuordeak. Gainera, hondakin horien oso portzentaje altua CO2 neutroko efektua duen biomasa berriztagarria da, eta horiek botatzea ulertezina da benetan.