|
HABEk berriki www.ikasbil.net proiektua garatu eta martxan jarri du, bi helbururekin. Batetik orain arte sakabanaturik zeuden euskara-ikasleentzako zerbitzuak interface bakar batera biltzeko, eta, bestetik, euskaltegi eta ikasleei baliabide egokiz hornitzeko, bitarteko arin eta dinamikoagoa eskainiz.
Atari berri honetan, euskara-ikasleak ikas-baliabide ugari aurkituko ditu, bilatzaile eraginkor baten bidez bere beharren arabera aisa eskuratzeko modukoak.
Une honetan 8.000 eduki didaktikotik gora daude atarian (idatziak, entzungaiak, bideoak, ariketak, sekuentziak…), denak irizpide didaktikoz katalogatuak (euskara-maila, helburu didaktikoa…) eta on-line egiteko moduan jarriak, doan beti ere.
Honezaz gain, euskara-ikasleak bere ikas-prozesuan biziki baliagarri izango zaizkion bestelako baliabideak ere aurkituko ditu, HABEk berak sortu edo bideratuak, eta baita euskara-ikasleen komunitateak berak sortuak ere, hala nola, irrati-nobelak, denbora-pasak, ipuinak…
Atari honek, halaber, informatu egingo du: euskaltegien eskaintza, deialdien ezaugarriak, matrikulazio epeak… Eta euskarazko kultur emanaldi eta ekintzen berri ere emango du atariak, euskara-ikasleak bere beharrak direnak direla erabateko zerbitzua jaso dezan.
Datozen lerro hauetan zerbitzu honek dakartzan berritasun eta abantaila nagusienak azalduko ditugu.
www.ikasbil.net: EUSKARA IKASTEKO BALIABIDEAK ETA INFORMAZIOA
Durangoko azokara joan ziren bisitariek Ikasbil estreinakoz ikusteko aukera izan zuten, behin-behineko hezurduraz eta edukiz han aurkeztu baitzen. Geroztik, ordea, behar bezalako aurkezpen eta adierazpenak egin dira euskara ikasi nahi duen orok sarean berealdiko tresna aberatsa eskura duela jakinarazteko. Ikasbilek izandako harrera onaren erakusle, bi datu: egunero 1.000 kontsulta ditu dokutekak, eta 200 ariketen txokoak.
www.ikasbil.net HABEren web bidezko hainbat zerbitzu bideratzeko gunea da. www.habe.euskadi.net gunearen adar bat izango da eta euskara-ikasleari eta baita irakasleari ere ikas-materialak, baliabide multimedia ugari eta informazio eguneratua eskaintzea du helburu, eta, hartara, euskara-ikasleek osatzen duten komunitatearen atari nagusi bihurtu.
Atari honen hezurdurak eta mamiak euskara-ikaslearen beharrei erantzun nahi die, eta oro har zerbitzu didaktikoa eskainiko du. www.ikasbil.net, jarraian azalduko dugun bezala, hiru ataletan oinarritzen da:
1.- Ikas-materialak on-line:
Dokuteka atala: idatziak, entzungaiak eta bideoak
Material biltegi honek ikasleari ahozko nahiz idatzizko material katalogatua eskaintzea du helburu. Orain arte HABE @ldizkari elektronikoan eta Dokumentu Biltegian aurki zitezkeen guzti-guztiak biltegi bakar batera ekarrita, bat eginda eta bilatzaile bakar baten bidez aurkitzeko moduan jarriak. Une honetan 3.352 idatzi daude, 2.382 entzungai eta 1.995 bideo-pasarte.
Bertan biltzen den materiala irizpide didaktikoz katalogatua aurkituko du ikasleak. Eduki bakoitzak fitxa tekniko bat darama, non zehatz adierazten den zein mailatako euskara-maila, zein euskalki, zein testu-mota eta abar duen. Katalogazio tematikoa ere erabili da, hartara bilaketa mailaka edo eta beste deskriptoreen araberakoa izateaz gain, gaika eta gako hitzez ere egin daiteke.
Honezaz gain, testu idatzi askok hiztegi lagungarria du. Horretarako, hiztegidun hitza testuan barrena nabarmendu egin dugu kolore berdez eta bere gainean gezia jarriz gero, hitz horren erdal ordainak agertuko dira. Bestalde, testuaren amaieran hiztegi lagungarria zerrendaturik azalduko da orri-barrenean, hartara, inprimatu behar izanez gero, ikasleak zerrenda osoa izan dezan eskura.
Testu idatzi hauen jatorria anitza da. Batzuk HABE aldizkariaren erredakzioan bertan sortuak dira. Beste asko, ordea, euskal hedabideetatik aukeratutakoak dira, beti ere irizpide didaktikoak erabiliz. Horrelakoetan, iturria testuan bertan ageri da.
Beste hainbeste gertatzen da entzungai eta bideoekin.
Atazak atala
Dokutekan biltzen den materiala irizpide didaktikoz katalogatu da eta guztiak dira didaktizagarri. Horregatik, horietako asko eta asko ariketaz horniturik ageri dira edota ariketa bihurtu dira. Hauek guztiak eta bestela sortutakoak atazak atalean aurkituko ditugu. Une honetan 256 ariketa daude eskura ipiniak on-line egiteko moduan.
Ariketa tipologiari dagokionez, egia/gezurra, aukera anitzeko galderak, bikoteak egin, hutsuneak bete, erlazioak sortu eta abar motakoak dira. Eta guztiek zuzenketa-orria eskaintzen dute. Ariketa guztiak mailakatuta daude eta zein helburu didaktiko duten ere adierazia dute. Horrek esan nahi du ikasle orok beren mailako eta nahi duen helburuaren araberako ariketa aurki dezakeela www.ikasbil.net atarian.
Ikasleak ariketa-kate edo sekuentziak ere aurkituko ditu atal honetan. Hurrenez hurren antolatuta dauden ariketa-sortak proposatuko zaizkio ikasleari. Ikastunitate didaktikoak izango dira hauek, mailakatuak egongo dira eta helburu didaktiko jakin bati erantzungo diote.
Atal honetan bertan aurkituko dugu era berean Murgilduz materiala, non ikasleak euskara hobetu, sakondu eta jantzi nahi izatera, ikasgai ugari aurki ditzakeen. Horrezaz gain, euskaraz irakurtzen laguntzeko testuak ere aurkituko ditu, baita hiztegia, deklinabidea, aditzak... lantzeko ariketa ugari ere, bertan egiteko modukoak.
Bilatzaileak
www.ikasbil.net atariak orain arte sakabanaturik zeuden euskara-ikasleentzako zerbitzuak interface bakar batera bildu ditu, ikasleei baliabide egokiz hornitzeko bitarteko arin eta dinamikoagoa eskainiz. Bitarteko nagusienetako bat bilatzailea dugu. Material guztia bateratzeak, dena datu-base bakar batera ekartzeak bilaketaren emaitza aberatsa eta emankorra lortzea dakar. Hori da www.ikasbil.net atariaren ekarpenik handienetako bat.
" Atariko eduki guztien kontra
Atarian bertan dago bilatzaile orokorra. Honek edozein gako hitzen araberako bilaketa egiten du eta www.ikasbil.net atarian dagoen datu edo objektu guztien kontra egin ere bilaketa: dokuteka, aisialdia, hurbildu… Bilaketa zehatzagoa egin nahi izanez gero, bilatzaile aurreratuak ondo-ondoan du sarbidea eta aukera hauek eskaintzen ditu:
" Dokutekako eduki guztien kontra
Idatzi, entzungai, bideo, ariketa nahiz sekuentzien kontrako bilaketa egiteko egun dokutekan bertan aurkituko dugun tresnaz baliatuko gara.
Aurki, hala ere, bilatzaile honek aldaera aurreratuago bat eskainiko du.
Une honetan 3.352 idatzi daude, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Eta eten gabe hornitzen ari gara.
Orain arteko HABE @ldizkari elektronikoa, Ikaslearen gunea eta Dokumentu Biltegia bat eginik, erabat aberastuta eta itxuraldatuta datoz www.ikasbil.net atarian.
2.- Baliabideak
Ikas-baliabideen sarbidean, argitalpen atala (HABEk argitara eman dituen ikas-materialak pdf formatuan), hizkuntza arauak (deklinabide, aditz laguntzailea, Euskaltzaindiaren arauak eta beste hainbat gramatika-eduki), euskara hobetzen saila (euskara hobetzeko zenbait molderen gaineko azalpen eta argibideak) eta euskalkiak (Euskal Herrian barrena jasotako euskalki-laginak entzun eta ezaugarri nagusienak irakurtzeko moduan jarriak) aurkituko ditugu.
Hurbildu atalak, berriz, izenak dioen bezala, euskarara hurbiltzen denari oso oinarrizko hainbat baliabide eskura jartzea du helburu. Horretarako prestatu dira Esaldiz esaldi bilduma (gaika antolatutako oso oinarrizko esapideak irakurtzeko eta entzuteko moduan jarriak, gainera beste hizkuntzatan itzulpena dutela); edota Hasi hizketan saila (kasu honetan, oinarrizko elkarrizketak dira bildu direnak).
Edonola ere, ohiko galderak edo irakasleari galdetu sarbideak ere ikasleak eskura ditu.
Baliabide nagusi dira, era berean, HABE Liburutegiko sarbidea eta Hemeroteka, non HABE Aldizkariko, HABEKOMIKeko eta Unesco Albistariko edukiak aurki daitezkeen.
Aisialdirako eskaintza ugaria du Www.ikasbil.net atariak. Euskara-ikasleari Ikaslearen gunean eskaintzen zitzaizkion euskara erabili edota gozatzeko eduki guztiak hona ekarri ditugu itxuraldatuta eta beste modu batera antolatuta. Hemen daude, beraz, irrati-nobelak, denbora-pasak, kantu-kantari, ipuinak, txisteak, errezetak, trikimailuak…
3.- Informazioa
Atari honen beste helburuetako bat euskara-ikasle eta irakasleek osatzen duten komunitatea informatzea ere bada. Beraz, hemen agertuko dira euskaltegien eskaintzak, deialdien ezaugarriak, matrikulazio epeak… Eta euskarazko kultur emanaldi eta ekintzen berri ere emango du atariak, euskara-ikasleak, bere beharrak direnak direla, erabateko zerbitzua jaso dezan. Hauek guztiak bista-bistan dauden berriak eta agenda ataletan bilduko dira.
|