|
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta ONCEk (Espainiako Itsuen Elkarte Nazionala) lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Bilbon, euskarazko literatura lanak eta euskara-gaztelania hiztegi bat teknikoki egokitzeko, ikusmen urritasuna duten pertsonek ere irakur dezaten.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Basilio San Gabriel Sánchez ONCEren Euskadiko lurralde ordezkariak Euskadin sinatu duten hitzarmen honen helburua hauxe da: ikusmen urritasuna duten herritarrei euskarazko liburuak eta edukiak erraztea, bai literatura unibertsalaren arloan bai euskarazkoan.
Ikusmen urritasuna jasaten duten pertsonek ere "beren hizkuntza eskubideak" dituztela adierazi du Patxi Baztarrikak, eta horren harira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak "ahalegina egin nahi" duela, ahal duen neurrian, euskarazko literatur lanak "haienganatzeko, testuok pertsona horiek dituzten beharretara egokituz". Bestalde, ONCEren Euskadiko lurralde ordezkari Basilio San Gabrielek nabarmendu du bere erakundearen xedea dela "euskara dakiten eta ikusmen urritasuna duten" pertsonentzako literatur lanen katalogo bibliografiko eta entzunezkoa "hobetu eta handitzea".
Akordio hau gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, jarduketa hori laguntzeko 70.000 euro jarriko ditu, alegia, kopuru osoaren %65, aurrekontu osoa 107.692 eurokoa baita. ONCEk, bere aldetik, gainontzekoa ipiniko du.
ONCEk euskaraz dauden 75 literatur lan hautatu eta Braille sistemara transkribatuko ditu ikusmen urritasuna duten pertsonek erabil dezaten. Halaber, Daisy euskarrian (pertsona
itsuentzako euskarri digitala) grabatuko ditu. Horrek ez du kentzen, baina, erabiltzaileek eskatuz gero kopia analogikoak egiteko aukera.
Horrez gain, ikusmen urritasuna duten pertsonek erabiltzeko moduko euskara/gaztelania hiztegi elektronikoa garatuko du ONCEk, ikusmen urritasuna duten pertsonendako erabilgarri. Eta euskara dakiten ikusmen urriko pertsonei gaur eskura duten liburu-funtsaren berri emango zaie, eskura duten euskarazko eskaintza osoa ezagutzeko aukera emanez.
Hitzarmen honen bidez, formatu analogikoan grabaturik dauden oraingo literatur argitalpenen, eta hitzarmen honen ondorioz sortzen direnen, mailegu-sistema bultzatuko da, ikusmen urriko herritarrek berehala eskuratu ahal ditzaten, nahi izanez gero.
Lan horietan guztietan, Euskaltzaindiaren arau-gomendioak jarraituko dira, noski. Eta, bestalde, egitasmoa aurrera ateratzeko, argitaletxeekin beharrezkoak izango diren hitzarmenak sinatuko dira, hauek ONCEren esku utz ditzaten beren lanak, euskarri elektronikoan, braille sistemara transkribatzeko.
Bilbo, 2007ko azaroaren 29a
|