Azken eguneratzea: 2010/01/20
Lehendakariak Euskadiko turismoaren irudi berria aurkeztu du
600 lagun inguruk Madrilgo Burtsako eraikina bete dute euskal turismoaren claim berria ezagutzeko: Euskadi, goza ezazu.

Patxi López lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoaren turismo-marka berria aurkeztu du gaur gauean. Fitur azokaren inaugurazio-jardunaldian, eta erakundeen, politikaren, enpresaren, turismoaren, komunikazioaren, kulturaren eta kirolaren munduko 600 ordezkari ingururen aurrean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurrerantzean turismoa sustatzeko ekintzekin batera joango den lema (edo 'claim' deitutakoa) ezagutarazi du: 'Euskadi, goza ezazu".

Ekitaldia jendetsua izan da, Madrilgo Burtsaren eraikinean ospatu da, eta Anne Igartiburuk jardun du aurkezle lanetan; horrez gain, Amaia Monterok musika-emanaldia eman du. Gonbidatuek aukera izan dute "Michelin-en hiru izar" dituzten Martín Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariek ekitaldirako pentsatu dituzten sorkuntzak dastatzeko. Berrogeita hamar komunikabide inguru zeuden akreditatuta ekitaldian, estatukoak nahiz atzerrikoak.

Aurkezpen hori Euskadiko erakargarri turistiko nagusiei balioa emateko eta erakargarri turistiko horiek sustatzeko Eusko Jaurlaritzak pentsatu duen Marketin Plan berriaren ageriko aldarrikapena izan da. Plan osoak, aurki aurkeztuko dena, produktuei lehentasuna emango die destinoen aurrean. Horrela, lehentasun goreneko lau produktu definitu dira: gastronomia-ardoak, touring (ibilbideak), city break-ak eta bilerak, baita beste hiru produktu oso interesgarri ere: landa, natura-abentura eta kultura-ekitaldiak.

Marketin Planak irudi berria ere izango du, 2009. urteko azken iragarkian ezagutzera eman zena telebistako lau kate pribatutan (Antena 3, Cuatro, Telecinco eta La Sexta kateetan). Iragarkiaren protagonistak Amaia Montero eta Jorge Fernández ziren, eta Euskadiren marka berriarekin amaitzen zen. Marka horrekin Euskal Autonomia Erkidegoaren funtsa eta nortasuna transmititu nahi da, hau da, esperientzia anitzeko eta kalitatezko destinoa, tradizioaren eta abangoardiaren eta berrikuntzaren arteko sinbiosi ezin hobe eta erakargarriarekin. Adierazi nahi da Euskadi irekia dela, jendea maitasunez hartzen duela, atsegina dela, oso erakargarria dela eta oraindik ezagutzen ez dutenentzat benetako ustekabea dela.

Euskadik marka indartsua eta sendoa bilatu du, gure erakargarriak eta balioak argi eta garbi eta modu bereizian transmititzeko. Horretarako estetika moderno, unibertsal eta adeitsuko tipografia duen marka bat definitu da, sofistikazioaren eta emozioen arteko orekarekin. Maiuskulaz, garrantzia emateko, baina minuskulen neurriekin, berotasuna transmititzeko. Euskadi hitzaren "A" letraren azpian hasten den sinbolo bat gaineratzen du, eta horrekin artea, moda eta natura irudikatu nahi dira, olatu bat, mendi bat... edo amets bat izan daitekeelako; azken batean, gure lurra hori guztia da. Kolore bezala itsas berdea aukeratu da; kolore bereizgarria da, turismoaren testuinguruan ohikoa ez dena, dotorea eta nolabaiteko sofistikazioa duena. Marka hori era berean titanio kolorean (zilarra) edo corten-altzairuan azaldu ahal izango da, 'Premium' aurkezpenetarako.

Eusko Jaurlaritzaren hurrengo kanpainetarako 'claim' berria (erakargarri turistikoa) lehendakariak ezagutzera eman du lehen aldiz gaur gauean. 'Euskadi, goza ezazu' lemarekin Euskal Autonomia Erkidegoak turismo-eskaera zabala erakarri nahi du, Euskadi motibazio desberdinekin bisitatzen duena, era horretan baliabideak hobeto aprobetxatuz eta urtarokotasuna hobetuz. Gainera, bisitarien batez besteko egonaldia luzatu nahi da, Euskadi esperientzia aniztunaren dohainak azpimarratzen dituen estrategia baten bitartez, eta eskaintza askotarikoa eginez.


% 20ko deskontua

Orain arte, Eusko Jaurlaritzaren politika berriak arrakasta izan du. Patxi López lehendakaritzara iritsi ondoren, ekonomia-krisi globalaren ondorioz turismo-sektorean zegoen joera negatiboa aldatu egin da, eta 2009ko bigarren seihilekoa bereziki ona izan da. Uztailetik abendura arte hilabete guztiak positiboak izan baitira, 2008. urtean erregistratutako datuak hobetuz. Zehazki, % 2,9 bisitari gehiago etorri dira Euskadira.

Jaurlaritza berriak hartutako neurrien artean % 20ko deskontua dago euskal alojamenduetan, Euskadi asteburuan bisitatzen dutenentzat (gutxienez bi egun). Kanpaina urrian hasi zen eta apirilaren 11ra bitarte luzatzea erabaki da, edo ekimenaren guztizko aurrekontua (800.000 euro) bukatu arte.


Euskadiren standa Fiturren

Urtero bezala, aurten ere Euskadik parte hartuko du Espainiako turismo-azokarik garrantzitsuenean, urtarrilaren 20tik (asteazkena) 24ra bitarte. 30. edizio honetan, Eusko Jaurlaritzak 966 metro koadroko stand bat eraman du; aurten ere, hirugarren urtez jarraian, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak kudeatuko du, eta Ifemako 9. pabiloian kokatuko da. Gune berezi berria izango da, turismo-marka ez ezik, destinoko azpimarka guztien -Bilbo, Donostia, Berdea, Euskal Kostaldea eta Arabako Errioxa- alderdirik erakargarrienak erakutsiko dituena.

Bilboko Supperestudio enpresak diseinatu du standa, eta oso ikusgarria, erakargarria eta berritzailea dela esan dezakegu. Gune irekia da, eta sartzeko erraza; hala, bisitaria erraz asko mugi daiteke azpimarka guztietako mostradoreetatik barrena, eta touring edo ibilbide moduko bat egin dezake Euskadin barrena... maleta eta guzti! Izan ere, bidaia-maleta da standaren elementu nagusia, baita originalena ere, gune desberdinak -mostradoreak, atsedenguneak, hormak- konfiguratzeko baliagarri dena; maleta irekiak dira, bideoak erakusteko edo euskaldunen kultura, nortasuna, geografia, artea, gastronomia, natura eta izaera erakusteko aproposak.

Maletak kolore desberdinekoak dira, ordezkatzen duten azpimarkaren arabera: gorria Bilborentzat, urdin argia Donostiarentzat, horia Gasteizentzat, granatea Arabako Errioxarentzat, berdea Berdearentzat eta urdin iluna Euskal Kostaldearentzat. Eta Euskadiren mostradore orokorrak kolore horiek guztiak biltzen ditu.

Standak badu beste elementu erakargarri eta berritzaile bat: mostradore bakoitzaren azpian, panel batzuk ezarriko dira, maleta ireki eta erretroargiztatuz eginak, eta bertan erakusgai jarriko dira azpimarka bakoitzaren ezaugarriei buruzko hainbat mezu; mezu originalak benetan! Standean egongo dira, batetik, Eusko Jaurlaritza, destinoaren alderdi orokorrei buruzko informazioa emango duena, eta, bestetik, hiru hiriburuetako, Foru Aldundietako, Udaletako eta eskualdeko turismo-erakundeetako ordezkariak, aipatutako turismo-marken artean bakoitzak bere eskaintza sustatzeko asmoarekin.

 

Madril, 2010eko urtarrilaren 20a