Etxebizitza Sailak eta Andoaingo Udalak jarduketa garrantzitsu bat hasi dute Gipuzkoako udalerrian alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko

Argitalpen-data: 

  • Hirigintza-operazio garrantzitsua da, hiri-berrikuntzarako, azpietxea ezabatzeko eta babes publikoko 266 etxebizitza sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Andoaingo Udalak bilera egin dute ostiral honetan, Gipuzkoako udalerrian etxebizitza babestuak sustatzeko proiektu bateratu berriari heltzeko. Udalerrian egindako lan-bilera baten ondoren, Maider Lainez alkateak, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak, José Luis Verdasco Hirigintzako zinegotziak eta Pablo García Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak makro-proiektu horren alderdi orokorrak jakinarazi dituzte. Proiektu hori 266 etxebizitza eraikitzeko da, eta orain bi erakundeetan izapidetzen hasiko dira, haiek eraikitzeko hitzarmen bat sinatzeko. 

Hiri-berroneratzeko, azpietxea ezabatzeko eta etxebizitza babestuak sustatzeko hirigintza-operazio garrantzitsua da. Hogeita hamar milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta 70 etxebizitza eraistea eta 260 baino gehiago eraikitzea aurreikusten da. Hiru eremutan egikarituko dira jarduketak: Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai. 

Etxeberrietan, udalerriko alde zaharraren barruan, hainbat fasetan egingo zaio aurre zonaldearen degradazioari: lehenik eta behin, 58 etxebizitza sozialen sustapen bat eraikiko da udal-partzela baten gainean, antolamenduz kanpo deklaratutako bloke batean bizi diren familiak bertan birkokatu ahal izateko. Bigarren fase batean hura eraitsiko da. Eraitsi ondoren, partzela horretan 108 etxebizitzako eraikin bat egingo da alokairu babesturako; eta, azkenik, ingurunea berrurbanizatuko da. 

Bestalde, Ama Kandidan eta Agirialain Udalak lursailak lagako dizkio Sailari, etxebizitza babestuko sustapenerako espazioetan 80 eta 20 etxebizitza inguru, hurrenez hurren, eraikitzeko. 

“Gipuzkoako udalerri batean datozen urteetan etxebizitzaren arloan garatuko den jarduketarik garrantzitsuenetako bat da, bai azpietxea ezabatzeari dagokionez, bai alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzeari dagokionez, Andoaingo herritarren onurarako”, adierazi du Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik. 

Azkenik, Maider Lainez alkateak eskerrak eman dizkie sailburuordeari eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, “hainbeste itxaroten zen proiektu baten aldeko apustu garbia egin dutelako. Proiektu horrek Andoain biziberrituko du eta hiri-berrikuntza eta gure udalerriko gune degradatuenetako bat berreskuratzea ahalbidetuko du. Zalantzarik gabe, oso berri ona da Andoainentzat”.