Etxebizitza Sailak etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko laguntzak areagotu ditu, energia-efizientzia, irisgarritasuna eta bizigarritasuna sustatzeko

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko agindua berritu du, familia onuradun gehiago egon dadin, eta, horretarako, urtean, 33 milioi bideratuko ditu, hurrengo hiru urteetan zehar
  • Europako funtsen bidez, bikoiztu egin ahalko dira 2021aren eta 2024aren artean etxebizitza eta eraikinen energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko gaitasuna eta funtsak

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, ostegun honetan, Bilbon, etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko laguntza berriak aurkeztu ditu; agindu berri hori gaur argitaratu da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Agindu horren bidez, areagotu egin dira dirulaguntzen kopuru ekonomikoak, eta zabaldu haiek eskura ditzaketen familien diru-sarreren mugak, pertsona onuradun gehiago egon ahal izateko. Tresna horren bidez, Eusko Jaurlaritzak erkidego eta partikularrei laguntza ematen die, eraikinen birgaitze integralak egiteko –esku-hartze berean energia-efizientzia, irisgarritasuna edo, balkoi eta terraza berrien bidez edo daudenak handituz, kanpo-bizigarritasunaren hobekuntzak barne hartzen dituena–, elementu komunetarako obra puntualak egiteko eta etxebizitzetan zaharberritzeak egiteko.

Aurrekontua urtean 33 milioi eurokoa izango da. Agindu berriak laguntzak bateratzen ditu, eta, hala, urteko deialdiak amaitu egingo dira; izan ere, aurrerantzean, urte osoan zehar laguntza mota guztiak eskatu ahalko dira, orain arte lerro batzuekin gertatzen ez zen bezala.

Sailburuak gogorarazi duenez, Etxebizitza Legeak berak baitakar, birgaitzeak “lehentasunezko ekintza publikoa dira etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko, eta ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik jasangarriagoak dira lurzoru berrien hedapen eta kontsumo atzeraezina baino”. Agindu horrek, gainera, “berritzea neutraltasun klimatikorako eta, pandemiaren ondoren, gizartea leheneratzeko eta eraldatzeko onura ekarriko duen estrategia bilakatzeko aukera paregabe” gisa zehazten du egoera, iritsiko diren Next Generation Europako funtsen bidez eta biztanleria gero eta gehiago zahartzen doan heinean sortzen doazen premia berrien testuinguruan. 

Besteak beste Euskadiko etxebizitza-parkean ohiko kontserbazio-jarduketei aurre egiteaz gainera –parke horren berezitasuna antzinatasuna da, 46,2 urte, batez beste–, laguntzek irisgarritasunaren hobekuntza, eraikinen energia-efizientzia eta eraikin eta etxebizitzetan energia berriztagarrien erabilera areagotzea nabarmentzen dituzte, bai eta eraikinen digitalizazioa ere. Arriolak, agerraldian, honako bi helburu nagusi hauek aipatu ditu: krisi klimatikoari eraikuntzaren eremutik heltzea –xede izanik 2050erako neutraltasun klimatikoa– eta birgaitasunerako zailtasun gehien dituztenei laguntzetara jotzeko aukerarako bide ematean gizarte-desberdintasunak murriztea. 2018aren eta 2020aren artean, birgaitzeko laguntzen bidez 30.942 etxebizitzetako jarduketetan lagundu da, 90 milioi euroren bidez.

Aginduaren bidez, areagotu egiten dira laguntzen zenbatekoak, eta baliabide gutxiago dituztenei laguntzea nabarmentzen da, bai eta, bizigarritasunaren, irisgarritasunaren eta kontserbazioaren hobekuntzaren bidez eta erabilera-segurtasunaren eta eraikinen digitalizazioaren hobekuntzaren bidez, energia-efizientzia hobetzeko eta energia-iturri berriztagarriak integratzeko jarduketak egiten dituzten erkidegoei ere.

Banako laguntzak (erkidego bati ematen ez zaizkionak) mailegu kualifikatuen kasuan urtean haztatutako 39.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateentzat egongo dira zabalik eta, itzuli beharrik gabeko laguntzen kasuan, 25.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenentzat (aurreko aginduan baino 4.000 gehiago). Halaber, modu berezian heltzen die lehentasunezko arretako guneei; haiek baldintza bereiziak izango dituzte, laguntzak eskuratzeko erraztasun handiagoak izan ditzaten.

Araudi berriaren bidez, bi kide eta 20.000 euroko diru-sarrerak dituen familia batek etxebizitzan egitura edo bizigarritasuna hobetzeko 5.000 euroko obra  egin nahi badu, aurreko araudiaren arabera 500 euro jaso zitzakeen eta, orain, jarduketa bera egiteko, 2.500 euro, obraren aurrekontu osoaren % 10 lehen eta % 50 orain. 150.000 eurokoa den eta isuriak % 50 murriztea dakarren energia-efizientziarako obra egin nahi duen auzo-erkidego batek aurreko araudiaren arabera 45.000 euroko laguntza jasotzen zuen eta, bihar indarrean sartuko denaren bidez, 65.000 jasoko ditu. Erkidego batek birgaitze integralaren aldeko apustua egiten badu, etxebizitzako 15.000 euroko laguntza bikoiztu eta 30.000 eurokoa jaso dezake.

Hiru laguntza mota

1. lerroa. Partikularrentzako laguntzak familia bakarreko etxeetan eta eraikinetan. Familia bakarreko etxeetara edo 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten eraikinetakoak diren eta eskatzailearen ohiko etxebizitza diren etxeetara bideratzen dira. Lerro hori lau motatan banatzen da:

  • Kontserbazio- eta bizigarritasun-obrak (elektrizitate-instalazioak, saneamendua, konfort akustikoa, familia bakarreko fatxadak eta lokalak etxebizitza bilakatzea).
  • Energia-efizientzia hobetzeko jarduketak (honako hauek barne: berokuntza, aireztapena, hoztea, ur beroa, energia elektrikoaren autokontsumoa, inguratzaile termikoa eta akustikoa, leihoak eta galdarak aldatzea, kanpoko zureria aldatzea).
  • Irisgarritasuna hobetzeko erreformak (arkitektura-oztopoak kentzea eta, horretarako, komunak egokitzea edo etxebizitzaren banaketa egokitzea).
  • Eraikuntza onaren printzipioetara egokitzekoak (igeltserotza, eskaiola, telefonia, berokuntza, gasa, pintura).

Gutxieneko aurrekontua 3.000 eurokoa da. Gehieneko dirulaguntzak areagotu egiten dira, laguntza motaren arabera, 1.900 eta 4.060 euro bitartean, aurreko araudiarekin alderatuta. Obrak egiteko, urtebete egongo da, laguntzak ematen direnetik, eta zenbatekoak % 25 areagotuko dira, 4.000 euro arte, baldin eta etxebizitza arrazoizko alokairurako Bizigune programarako jarriko bada.

2. lerroa. Eraikinetarako laguntzak. Eraikinetako elementu komunetarako obra komunitarioak egiteko laguntza ekonomikoa dira. Erkidegoek eta birgaitzea egiten ari den erkidegoko etxebizitza batean bizi diren partikularrek eska ditzakete. EITk 1., 2. eta 3. gradukotzat jotzen dituen jarduketak egingo dira, etxebizitza bakoitzeko 3.000 euroko obrak gutxienez –irisgarritasun kasuetan izan ezik–, eta emakidaren ondorengo 18 hilabeteetan gauzatuko dira. Hiru motatan banatzen dira: 

  • Kontserbaziokoa, segurtasunekoa eta bizigarritasunekoa: fatxadak birgaitzea, terrazak eta balkoiak jartzea edo haiek handitzea, estalkiak aldatzea, ataria edo eskailera konpontzea, segurtasuna, etab.
  • Energia-efizientzia hobetzekoa: kanpoko zureria aldatzea, isolamendu termikoa, berokuntzako, hozteko eta beste batzuetarako instalazio komunitarioak eta eraikin osoan terrazak eta balkoiak modu berean ixtea. 
  • Irisgarritasunekoa: igogailuetarako, arkitektura-oztopoak kentzeko, kalerako sarbideetarako obrak.

3. lerroa. Jarduketa integraletarako laguntzak. Obra globalak dira, aldi berean egiten dira energia-efizientziako, irisgarritasuneko eta segurtasuneko jarduketak egitekoak gutxienez familia bakarreko lau etxebizitza baino gehiago eta 1980aren aurrekoak dituen bizitegi-eraikin batean. Jarduketa horietan, aurretik EITa egin behar izan da, eta balkoiak edo terrazak handituz edo sortuz kanpo-bizigarritasuna hobetzeko laguntzak sartzen dira.

Irisgarritasunerako laguntza-lerro berria

Irisgarritasuna hobetzeko, aginduak beste lerro bat gehiago jasotzen du, bai eta finantza-erregimen berezia eta ohiko laguntzaren bidez finantzatzen ez den obraren zatia ordaintzeko dirulaguntzako lerro berezia ere; haiek 65 urtetik gora duten edo desgaitasun bat duten pertsonei eta urtean, gehienez, 12.000 euroko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateei zuzentzen zaizkie, obraren kostuaren % 100 arte. Euskadin 2020an zenbatu ziren 1.067.718 etxebizitzetatik, % 26,9k ez du igogailurik.

Birgaitzeko gaitasuna bikoiztea

Aginduak jasoko diren zenbatekoak handitu eta esku-hartzeak ordaintzeko bi finantza-tresna mota ezartzen ditu: itzuli beharrik gabeko laguntzak eta maileguak (jabe-erkidegoek maileguak eskatu ahalko dituzte). Arriolak, agerraldian, honako hau nabarmendu du: 2018aren eta 2020aren artean, 90 milioi euro publiko inbertitu ziren, eta kopuru horren bidez inbertsio pribatuetako 1.609,1 milioi mobilizatu ziren. Aurrekontu autonomikoko urteko 33 milioi horiez gainera, beste 97 milioi euro ere aurreikusita daude, 2021aren eta 2026aren artean banatuko direnak, Europako funtsetatik etorri daitezkeenak, eraikinen energia-efizientzia hobetuko duten erreformak egiteko. Funtsak eraginkorrak izaten hasiko dira errege lege-dekretua onartzen denean; hura izapidetzen ari da, dagoeneko, Espainiako Gobernua.

Europako Erkidegoko funtsak sartzeak “birgaitzeen olatu handia” ekarriko du, esan du Arriola sailburuak; izan ere, horren ondorioz, Euskadiko eraikinen % 1,5ean esku hartzetik, urtean % 3an esku hartuko da, 2023tik aurrera, eta, hala, bikoiztu egingo dira Euskadiko egungo gaitasunak, kontuan hartuta gaur egun, dagoeneko, erreferentzia bat direla estatu-mailan, Euskadik birgaitzearen arloan egiten duen sustapenagatik. Estatu-mailan, birgaitze-jarduera hamar aldiz handiagoa izatea ekarriko du.

Dirulaguntzak eskatzeko:

1. lerroa: Partikularrentzako laguntzak
2. lerroa: Eraikinetarako laguntzak
3. lerroa: Jarduketa integraletarako laguntzak 

Info gehiago (PDF, 484 KB) (leiho berri batean irekitzen da)