|
Gaur goizean Bilbon, Jose Ramón Garai Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, Lore Bilbao Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria ondoan zuela, Eskola Kirolaren Dekretu berria aurkeztu du, joan den asteartean Gobernu Batzordeak onartu ondoren bi urteko lanaren ostean.
Dekretu honen idazketan parte hartu dute foru aldundiek, kirolaren euskal kontseiluak, federazioek, klubek eta eskola kirolari lotutako agenteek.
Kultura Sailburuak aurkeztuta, Gobernu Batzordeak Eskola Kirola arautzen duen Dekretua onartu du. Dekretu honek 14/1998 Kirol Legea garatzen du eta orain arte indarrean zen 1990 Dekretua ordezkatzen du, orain indargabetutako Dekretu hori Kirolaren Euskal Legeak ordezkatu zuen Soin Hezkuntza eta Kirol Legean oinarritzen zen.
Dekretu honen bitartez Kirol Legearen aurreikusitakoa eta Kirolaren Euskal Kontseiluak onartutako eta Eusko Jaurlaritzak berea egindako Kirolaren Euskal Planean (2003-2007) onartutako ildoen garapenaren bidetik gauzatzen du eskola kirola.
2003-2007 Kirolaren Euskal Planak dio Eskola Kirola lau kirol-jarduera moten artean dagoela, Euskal Kirola Ereduak dioenari jarraiki. Hain zuzen, 2003-2007 Kirolaren Euskal Plan honetan zehazten da Eskola Kirolaren ereduaren edukia, baita bere helburuak eta oinarriak ere berau ezartzeko orduan.
Dekretu honetan Eskola Kiroltzat hartzen da kirol jarduera bat, eskolumeek egiten dutena eskola orduz kanpo, derrigorrezko hezkuntzaren baitan.
Eskola kirolaren xedea umeen heziketa garapena osatzea izango da eta horrekin batera kirola egiten duen pertsona bakoitzaren beharrei egoki erantzutea. Alde horretatik, eskola kirola umeen heziketa integralera zuzenduko da, ume bakoitzak berdintasunean kirola egin ahal izan dezan bermatuz, sexu estereotipoei bizkar emanda, norbanako bakoitzaren nortasunaren garapen harmonikoa oinarri eta soin heziketa eta kirol ohituren garapena bultzatuz, kirolaren praktika osasuntsuak eragiteko asmoz.
Kirol praktika eskola garaitik egoki jorratu behar da eta horretarako umeen heziketa integraleko parte izan behar du eta balore positiboen transmisiorako tresna eta ondorengo kirol praktiketarako zubia eta bermea.
Dekretu honek Euskadiko Eskola Kirola Eredurako oinarrizko araudia ezartzen du eta ondoren horretaz baliatuz Foru Aldundiek eskola kirolerako programak garatuko dituzte. Modeloa bera izango da hiru lurraldeetarako, nahiz gero hau egokitu beharko den lurralde bakoitzaren berezitasun soziologiko eta geografikoetara, beti ere marko orokorra eta ezarritako helburuak errespetatuz. Horrez gain honako xede hauek bultzatuko dira: umeen kirol praktika bere ohiko ingurunean gauzatzea, kirol aniztasuna eragingo da umeak kirol desberdinak ezagutu eta joka ditzaten eta umeekin lan egingo duten eragileen prestakuntza bultzatuko da.
Laburbilduz, Dekretuaren helburua Eskola Kirolaren jarduera konpletoak eskaintzea da, beti ere lege bi hauek bete daitezen, alegia, 14/1998 Legea Euskadiko Kirolarena, 4/2005 Legea,. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
Hiru kirol maila
Hiru Foru Aldundiek onarturiko Eskola Kirolaren programek, gehienera, hiru kirol maila izango dituzte:
a. kirol partaidetzaren ibilbidea.
b. errendimendu hastapeneko ibilbidea.
c. kirol talentu eta promesak identifikatzeko ibilbidea.
Kirol ibilbide ezberdinen barruan, jarduera ezberdinak eskaini ahalko dira:
a. irakaskuntza-jarduerak.
b. lehiaketa-jarduerak.
c. aurkitze-jarduerak.
d. kirol-kultur eta aisialdiko jarduerak.
Errendimendu hastepeneko ibilbidean, partaideen kopuruak ezingo du alebin mailako bigarren urteari dagokion populazio osoaren %20 gainditu, eta haur kategoriako urte bakoitzari dagokion biztanleriaren %25.
Talentuen identifikatze ibilbidean, alebin kategoriaren lehenengo urtean, partaidetzak ezingo du errendimendu hastapena ibilbideko partaideen %20 gainditu.
Ibilbide hauek hasiberri mailako lehen urtetik aurrera hasiko dira.
Programetan aurreikusiak ez dauden jarduerek foru organoen baimena beharko dute.
Eskola Kirola maila hauetan antolatzen da:
a) Benjamin aurrekoa: Kategoria honetan daude programa amaituko den urtean 7-8 urte beteko dituzten eskolumeak
b) Benjamina: Kategoria honetan daude programa amaituko den urtean 9-10 urte beteko dituzten eskolumeak
c) Alebina: Kategoria honetan daude programa amaituko den urtean 11-12 urte beteko dituzten eskolumeak
d) Infantila: Kategoria honetan daude programa amaituko den urtean 13-14 urte beteko dituzten eskolumeak
e) Kadetea: Kategoria honetan daude programa amaituko den urtean 15-16 urte beteko dituzten eskolumeak.
Eskola Kirolaren maila ezberdinetako jarduerak hurrengo lurralde eremuetan egingo dira:
a) Benjamin aurrekoa eta benjamina: Lokala/eskualdea.
b) Alebina: Lurralde Historikoa.
c) Infantila: Autonomia Erkidegoa.
d) Kadetea: Erkidegoz gaindikoa.
Eremu hauek gainditu ahal izateko dagokion foru baimena beharko da, Eskola Kirolaren Euskal Batzordeak txostena egin ondoren.
Eskola Kirolaren baitako kirol jardueretan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Eskola Kirolaren baimena lortzea (eskumena duen organoa Foru Aldundi bakoitza da, kirolaren bizilekuaren arabera).
Eskola kiroleko eskaintza gauzatzeko alorreko eragileen inplikazioa bultzatuko da, ikastetxeetatik hasita, hauek baitira kirol praktikari ekiteko funtsezko oinarria, eta ikastetxeekin batera, kirol klubak, kirol elkarteak, kirol federazioak eta erakunde publikoen laguntza kontuan izango da. Bide horretatik eta bikoiztasunak ekiditeko, gutxienezko adina ezarriko da zenbait programatarako, eta aktibitateen esparru geografikoa mugatuko da eta programa hauetan parte har dezaketen eragileen estrukturak zehaztuko dira.
Eskola Kirolaren Euskal Batzordea
Dekretuak organo berri bat eratzen du: Eskola Kirolaren Euskal Batzordea, bere zereginen artean Euskadi mailako eskola kirolaren eredu homogeneoa garatzea egongo da eta une berean lurralde bakoitzeko bereizgarritasunetara egokitua. Batzorde hau foru aldundietako zuzendariek eta Jaurlaritzakoak osatuko dute.
Azkenik, eskola kirolaren programen diseinuan zerikusia duten sektore guztien partaidetza bermatzen da, askatasun tarte zabala utziz foru aldundiek aipatu programak sortu eta gauza ditzaten.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ezarritako diziplina araudiei jarraiki egingo dira eskolarteko kirol jarduerak. Eskola Kirolean, zuzenketa, programazio, planifikazio, koordinazio, kontrok, gainbegiratze eta antzeko zereginei lotutako funtzioetarako titulazioak eskatuko dira. Lurralde historikoko Foru Aldundiak derrigorrean asegurua egin beharko die Eskola Kirolaren jardueretan parte hartuko duten eskolumeei.
Bilbo, 2008ko uztailaren 3an
|