Azken eguneratzea: 2007/08/13
Argentinako La Plata Unibertsitatean euskara lektorego programa jarriko dute martxan
Datorren otsailaren 15etik abendura bitartean, astean 4 orduko klaseak izango direlarik. Beste hainbeste egitekotan dira Buenos Aires-ekoan, Argentinako nagusian, alegia.

Argentinako La Plata Unibertsitatean euskara eta euskal kultura lektorego programa abian jarriko dute datorren otsailaren 15etik abendura bitartean, astean 4 orduko klaseak izango direlarik. Halako hitzarmena lotu dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta La Platako Unibertsitateko buruek, alegia Raul Perdomo unibertsitate horretako presidenteordeak eta Enriqueta Della Rosa Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak.

Halaber, Baztarrika eta Lorea Bilbao aholkulariak bi bilera izan dituzte Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA), Marcelo Tobin Nazioarteko Harremanetarako idazkariorde eta Unibertsitate Nazionalen Kooperazio Sareko kordinatzailearekin, eta Ana Maria Zubieta Filosofia eta Letra Fakultateko dekonordearekin. Eta lektoregoaren proposamena "begi onez" ikusteaz gain, dokumentu bat lantzen hasiak dira datorren urtean euskara eta euskal kultura lektorego programa "Argentinako unibertsitate nagusian jartzeko gisan", Baztarrikak azaldu duenez.

Bisitaldia Tandil eta Bahía Blancara

Bestalde, Argentinara egiten ari diren bidaiaren barruan, Etxepare Euskal Institutuaren sorreraren bezperan, Tandil-eko euskal etxea bisitatu eta zuzendaritzakoekin elkarrizketa izan dute. Era berean, Tandil-eko Unibertsitatean (Buenos Airesetik 360 kilometrora Hegoaldera)  lektorego programa eta Etxepare Institutua aurkeztu dituzte,  José María J. Araya, subsecretario de Ciencia, Arte y Tecnología eta Dr. Fernando Julio Piñero, Humanitateetako Fakultatekoa eta Centro de Estudios Interdisciplinarios en problemas internacionales y locales delakoaren aurrean. Kultura Sailaren proposamena "ongi ikusi" eta unibertsitatearen aukerak aztertu eta "hitzarmen posiblea lantzekotan" geratu dira.

Azkenik, Bahía Blancako Unión Vasca euskal etxean hitzaldia eman ondoren, aste honetan Bahía Blancako unibertsitatean bilera izango dute  Dr. Guillermo Crapiste errektorearekin, Humanitate Fakultateko arduradunekin eta 30 irakaslerekin, datorren urtean lektorego programa bertan abiarazteko. Buenos Aireseko probintziaren Hegoaldean kokatua, Bahía Blanca Argentinako portu-hiri nagusienetakoa da. 
Aste honetan amaituko dute Baztarrika sailburuordeak eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkulariak  Argentinara egiten ari diren bisitaldia, Hego Amerikara egin duten bidaiaren barruan, Kolonbian eta Txilen ere izan ondoren.