Azken eguneratzea: 2009/10/06
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Zinemaldia zoriondu nahi du


Idazki honen bidez, Eusko Jaurlaritzak zorionak eman nahi dizkie Donostiako Zinemaldiko arduradunei, nazioarteko zinema-ekitaldi handi honen beste edizio bat antolatzen egindako lanagatik. Merezi dute jendaurreko esker ona, bai ondo merezi ere, bereziki ekonomia krisia eta aurrekontu-murrizketa jasan behar ditugun garaiotan izandako arrakastagatik.
Eusko Jaurlaritzak positiboki baloratzen du Zinemaldiaren 57. edizio hau, eta azpimarratu nahi du, batez ere, eduki eta zikloetan izandako kalitate handia. Hain zuzen, ikusleek egindako aparteko harrerak berresten baitu kalitate hori, ikusleak funtsezko elementua dira-eta nazioarteko zine-erakusketa honetan
Balantzea egiteko garaia da, eta datorren urteko edizioan pentsatzekoa. Hori dela eta, Kultura Sailean egiaztatu nahi dugu krisiaren ondorioz proposatutako diru-doikuntzak bat datozela benetan zinemaldiaren egiazko garrantziarekin. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu Donostiako Zinemaldiaren errentagarritasuna ekonomia alor hutsetik harago doala. Hiria ekonomia aldetik suspertzeko akuilua ez ezik, Donostia eta Euskal Herria munduan sustatzeko tresna ezin baliagarriagoa dugu Zinemaldia, zeharka etekin positiboak dakarzkiena gainerako kultura-zereginei.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak apustu tinkoa egin nahi du ekitaldi honen alde, bultzatzen jarraitu behar dugun herri-eredu gisa, eta aztertzen ari gara finantzaketan parte hartzen duten erakunde guztiekin bilera bat deitzeko aukera, Donostiako Zinemaldiaren etorkizuna zalantza jar dezakeen egoera ekonomikoa aztertzeko.