Cámaras de Comercio del País Vasco (Eusko Ganberak): Hainbat erakundek Euskal Y-ari lehentasuna emateko eskatu dute
 
Europako erakundeei eta Espainiako Gobernuari Euskal Y-aren proiektuari lehentasuna emateko eskatzeko adierazpena sinatu zuten atzo Euskal Herriko 19 erakundetako ordezkariek. Ondorengo hauek dira Bilbon aurkeztu zuten idatziari sostengua eman dioten zenbait erakunde: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritzako Ganberak; EAEko enpresaburuen elkarteak; Mondragon, Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateak; Ekonomia eta Gizarte Kontseilua; Eusko Ikaskuntza; Euskalerriaren Adiskideen Elkartea; Hegoaldeko Arkitektoen Elkargoa; ingeniarien elkargoak eta Ekonomia elkargoak.

Agiria sinatu dutenek Euskal Y-a Europako Batasunaren lehentasunezko proiektuen zerrendan Quick Start List sartzeko eskatu dute, berriro. Izan ere, ez da Euskal Y-a lehentasuna duten proiektuen zerrendan sartzeko eskatzen duten lehen aldia. Europako Batzordeak, baina, ez du orain arte proposamena onartu.

Euskal Y-a oinarrizkoa da, agiriaren sinatzaileen iritziz, «Europa eta Iberiako Penintsula elkartu ahal izateko». Horretarako, «behar bezalako aurrekontuak bideratu behar dira proiektura eta agintariek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte», gehitu dute.


 

2004-(e)ko Ekainaren 24(e)ko Berria-(e)n argitaratutako albistearen laburpena

Azken eguneratzea: 2004/06/25