Departamento Transportes y Obras Públicas: Euskal Y-arekin bat egin nahi du Nafarroak «Europarekin lotzeko»
 

Nafarroako Gobernuak herrialdeko abiadura handiko trenaren korridorea Euskal Y-arekin lotzeko aukeraren alde egin zuen atzo, Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandak Nafarroako Parlamentuko batzordearen aurrean egindako agerraldian.

Nafarroa «Europarekin lotzeko aukerarik motzena, merkeena, errazena eta herritar gehien ukitzen duena» hori dela erran zuen Alvaro Mirandak; kontseilariak argitu zuen, hala ere, Espainiako Gobernuak duela lotura horrek aurrera eginen ote duen erabakitzeko eskumena, «ez Nafarroak». Euskal Y-arekin bat egiteko, Zuasti eta Ordizia arteko bidea eginen luke abidura handiko trenak, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. «47 kilometroko bidea izanen litzateke, haietako 17 lur azpitik, hainbat tunel egin beharko liratekeelako. Luzeenak sei kilometrotik goiti izanen lituzke», azpimarratu zuen Mirandak. Ibilbideari buruzko xehetasun gehiagorik, hala ere, ez zuen eman.

Nafarroara Zaragozatik (Aragoi, Espainia) ailegatuko litzateke abiadura handiko trena. Mirandak ezagutarazi zuen, hain zuzen ere, Zaragoza eta Zuasti arteko abiadura handiko korridorearen hiru zatiak aurrera eramateko hainbat urrats egin direla jada. Zaragoza eta Castejon artekoa da lehendabiziko zatia; Castejon eta Arrizabalaga artekoa bigarrena, eta Arrizabalaga eta Zuasti herrien artekoa, azkenik, hirugarren zatia. Mirandak azpimarratu zuen hiru zati horien inguruko urratsak 2001 eta 2004 urteen artean egin zirela, eta aurretik ere, «urrats asko» egin zirela Espainiako eta Nafarroako gobernuen artean abiadura handiko korridorearen inguruan. Lan hori guztia, ordea, «kolokan» da egun Mirandaren ustez, Madrilen orain sozialistek agintzen dutelako.


 

2004-(e)ko Urriaren 27(e)ko Berria-(e)n argitaratutako albistearen laburpena

 

Azken eguneratzea: 2004/10/29