Departamento de Transportes y Obras Públicas: Amann: «AHTa 2010erako abian jartzeko konpromisoa daukagu»
 

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Alvaro Amannek eta Espainiako Azpiegituretarako estatu idazkari Victor Morlanek Euskal Y-a hizpide izan zuten Madrilen egindako bilera batean. Bilera ostean Amannek esan zuenez, «AHTa 2010erako abian jartzeko konpromisoa» daukate bai Jaurlaritzak bai Espainiako Gobernuak. Alde biek Abiadura Handiko Tren sarea eta gainerako gai garrantzitsuak aztertzeko batzorde iraunkorra eratzea erabaki zuten bileran.

Amannek zehaztu zuenez, batzorde hori hurrengo astean bilduko da lehendabizikoz, «lan egutegia eta obraren epeak» zehazten hasteko.

Ondoren, administrazio bakoitzari proiektuan dagokion erantzukizun maila zehaztuko da. Sailburuak nabarmendu zuenez, batzorde iraunkor horren ardura izango da AHTaren obrak izango dituen zatiak erabakitzea eta bakoitzaren finantzaketa nori dagokion deliberatzea. Gai horri buruz azken asteetan sortu den ika-mikari buruz, Amannek esan zuen Madrilek oinarrizkotzat duela Bilbo-Gasteiz zatia egitea eta Lakuak, aldiz, Gipuzkoako zatia. Hori guztia eztabaidatu eta adostasuna lortzeko asmoa dutela erantsi zuen sailburuak.

AHTaren obrak noiz hasiko diren ez zuen argitu Ammanek, baina Eusko Jaurlaritzak «aurten» hasteko helburua duela nabarmendu zuen. Espainiako Gobernuaren laguntza 2005etik aurrera zehaztuko dela gaineratu zuen. Dena dela, eta sailburuaren hitzetan, 2010ean Euskal Y-a abian egongo da, eta horrekin Europako diru laguntzak jasotzeko baldintzak beteko lirateke.


 

2004-(e)ko Uztailaren 14(e)ko Berria-(e)n argitaratutako albistearen laburpena

Azken eguneratzea: 2004/07/16